'La chanson punkaise' Goran

Frantziako abesti klasikoak punk erritmo eta ikuskizun bihurtuko ditu Opium du Peuple taldeak Gasteizen

Erredakzioa
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
The Sparteensen euskal ye-ye radikalaren eta Doctor Deseoren rock sentsualaren arteko zer edo zer da Opium du Peuple taldea. Frantziako chanson generoko klasikoak eta bazterturiko harribitxiak punk abesti bihurtzen dituzte, eta agertokian erdi kontzertu erdi kabaret bihurturiko ikuskizuna egiten dute.

Slobodan du izena ikuskizuna ahotsarekin zuzenduko duenak. Balkanetako mafioso baten, AC/DCko Angus Youngen eta Doctor Deseoko Francisen arteko nahasketa bat da. Kabareteko ahots lakartuarekin, besteak beste, Julio Iglesiasen Je n'ai pas changé abesten du.

Lehen diskoa 2007an argitaratu zuten, eta aurten Best off atera dute (bi f-rekin, hau da, ustela). Hor, Gainsbourgen kantak biziberritzen dituzte, Sanseverinoren Maigrir, eta baita Pierre Vasiliuren abestirik absurdoenak ere -Qi c'est celui la-, besteak beste.Punk espiritua bai, eta baita ziztrinkeriaren estetika ere, baina ikuskizunean ez dago, ordea, inprobisaziorik. Kabaretari dagokion bezala, argi jolas neurtua plazaratzen du seikoteak.

Gaur Gasteizko Gora tabernan joko dute, eta aldibereko itzulpena egongo dela iragarri dute antolatzaileek, itzulpena zein hizkuntzara izango den argitu ez badute ere.

OPIUM DU PEUPLE

Noiz. Gaur, 20:30ean.

Non. Gora tabernan, San Frantzisko Xabier kantoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.