Sanferminak. Ivan Gimenez. Kazetaria

«La Veletakoak jantzi ziren lehenak zuriz»

Gaur, naturaltzat jotzen dira txupinazoa eta uniforme zuri-gorria. 1930eko urteetan sortu zituzten Juanito Etxeparek eta La Veleta peñakoek. Biak jazarri zituzten, eta diktadurak bere egin zituen; gaurdaino iritsi dira.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Aurten, txupinazoa La Veleta peñako oinordekoek bota dute. Ivan Gimenez kazetariak El corralito foral liburuan azaltzen du Juan Etxepare eta La Veletakoei gertatutakoa, erakusteko jatorri jakin bat izan zutela egun sanferminetan naturaltzat jotzen diren gauzek, eta Nafarroako eliteek nahierara erabili zituztela gero.

Nor zen Juanito Etxepare?

Iruñeko kale nagusiko tabako dendaria zen, eta alderdi errepublikano bateko militantea. Errepublikaren lehen urtean, suziri enpresa bateko langileei eskatu zieten ea posible zen Gazteluko plazako lehen suziria hark botatzea.

Nondik zetorren ideia?

Ziurrenik, Etxepare garaiko iruindar xelebre bat zen, eta protagonismo nahia ere egongo zen eskaeraren atzean. Garai hartan, kohetea deitzen zitzaion txupinazioari. Lurrean egiten zen, Gazteluko plazan, haurren artean. Suziria botatzeko baimena eman zioten, eta hala egin zuen Errepublika garai osoan. Xelebreago egin zen.

Zer gertatu zitzaion?

36ko gerra hasi, eta berehala desagertu zen. Fusilatu zutela uste da, baina oraindik orain inork ez du bere gorpua aurkitu. Alcala Zamoraren alderdiko militantea zen, eta Espainiako bandera errepublikanoa jarri zuen bere tabako dendan.

Nola bihurtu zen kohetea txupinazo?

Gerra amaitu ondoren, 1940an, bi zinegotzi falangistari —Jose Maria Perez Salazar eta Jokintxo Ilundain, Nafarroan oso ezagunak—bururatu zitzaien txupinazoa hartzea eta sanferminen hasiera gisa antolatzea. Lehen urtean, Gazteluko plazan egin zuten, eta bada argazki xelebre bat: Ilundain ikusten da kiosko ondoan txupinazoa botatzen. 1941ean eraman zuten udaletxeko balkoira.

Mundu guztiak egun naturaltzat hartzen du sanferminetan zuri-gorriz janztearena. Nondik etorri zen ideia hura?

Eztabaida dago. Zuri gorriz janzteko ohitura airean zegoen: dantzariak, txistulariak… Argazki zaharretan ere agertzen da baten bat zuri-gorriz jantzia, baina egia da La Veletako peñakideak izan zirela, talde gisa, zuri-gorriz janzten hasi zirenak, 30eko hamarkadan.

Nortzuk ziren?

Horietako asko langileak ziren: margolariak, iturginak, harakinak. Politikoki, anarkistak, komunistak, sozialistak eta jeltzaleak. Gerra hasi bezain laster, errepresaliatuak izan ziren horietako asko. Behintzat hiru fusilatu zituzten, eta horietako batek ihes egin ahal izan zuen fusilamenduetatik. Beste asko kartzelatu zituzten. Ez zituzten jazarri sanferminetan zuri-gorriz janzteagatik, baizik eta militantzia politikoagatik.

Oinordeko batek bota du txupinazoa lehen aldiz. Zer esan nahi du?

Txupinazoa aitzakia hutsa izan da hau dena jakinarazteko. Txupin Etxepare elkarteari, peñen federazioari, Oroimenaren Autobusari eta halako kolektiboei bururatu zitzaigun, sanfermin herrikoien alde egin dutenen alde. Aurten, apirilean eskatu genuen, eta ez genekien zer gertatuko zen udalean. Bozgorailu mediatiko gisa erabili nahi izan genuen, honen berri emateko. Udalak proposamena hartu du, eta ontzat jo du. Are hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.