Ezarian. Behobia-Donostia lasterketa

Lagunduta, baina bakarrik

Ikusmen urritasuna duten pertsonek gidarien laguntzarekin parte hartzen dute Behobia-Donostia lasterketan. Azaroko lehia buruan, entrenatzen ari dira dagoeneko.

Silvia Alba, Enrique Diaz de Mendibil, Javier Dominguez eta Juan Karlos Arregi Donostian, Behobia-Donostia lasterketarako entrenatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lehendabiziko aldiz entrenatzeko geratu zirenean lanean jai hartu zuen. «Pentsa zenbaterainoko ilusioa izaten duten. Guk baino gehiago ia», dio Silvia Albak Juan Karlos Arregiri begira. Donostiako ONCEko langile soziala da Alba, kirolaria, eta ikusmen urritasuna du. Behobia-Donostia lasterketan parte hartuko du aurten bigarren aldiz. «Ibilbide osoan ahotsez inguratuta joatea izugarria da. Oso erraz egin nuen, denbora guztian animoak entzuten nituelako». Baina txalo eta oihu horien artean, milaka korrikalariren erdian lasterka egin ahal izateko, gidari baten babesa izango du Albak.

Juan Karlos Arregi da gidarietako bat. Boluntarioak dira gidari horiek, eta itsuei laguntzen diete korrika egiten duten bitartean. Lagunduta baina, era berean, bakarrik egingo dituzte Behobia eta Donostia arteko urratsak.

Donostiako ONCEko zuzendari Javier Dominguez ere irtengo da Behobia-Donostia lasterketan. Enrique Diaz de Mendibil izango du gidari Albak, eta Juan Karlos Arregi Dominguezek. Zaildutako korrikalariak izaten dira gehienetan gidariak; kilometro ugari eta lasterketa askotan parte hartutakoak. Lehen aldia du Diaz de Mendibilek. «Lagun batek proposatu zidan gidari izateko aukera, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Proiektu oso polita dela uste dut. Ea elkar laguntzeko aukera dugun», dio. Elkarren alboan, baina eskutik heldu gabe, egingo dute bi bikoteek lasterketa. Bidean aurkitzen dituzten oztopoen berriabisatzea izaten da gidariaren egiteko nagusia; zuloak, koskak edo pertsonak non dauden esatea. «Leku estuetatik pasatu behar dugunean, adibidez, euren atzetik jartzen gara», dio Albak. Ikusmen urritasuna duten lagunen eta itsuak direnen arteko aldeaz mintzatu dira. Dominguezek eta Albak, esaterako, gutxi baina zerbait ikusten dute. «ONCEko kide garenok gehienez ikusmen osoaren %10 izaten dugu. Nik nire aitarekin ezkaratzean topo egiten badut, beste bizilagun bat izango balitz bezala agurtzen dut askotan», jarraitu du. Erabat itsuak balira, soka batekin gidariari lotuta egingo lukete lasterka, gidariaren mugimenduak nabaritzeko, eta oztopoei aurre hartzeko.

Gidariak eta lagunak

Gidariarekin konfiantza osoa izatea da gakoa. Entrenamenduetan ere batera ibiltzen dira. «Alboan duzun pertsonarengan sinesten baduzu, korrika ari zarela ez zara beste ezertaz kezkatzen», esan du Dominguezek. Zenbait lekutan, hala ere, estropezu egitea ia saihetsezina dela aitortu dute. Ezinbestekoa da gidatu behar duenak baino maila handiagoa izatea gidariak. Lasai ibili behar du erritmoa markatzen. Albak, adibidez, ordubete eta berrogeita bost minutuan amaitu nahi du aurten Behobia-Donostia. «Hauek zenbatean egingo luketen bakarrik? Izerdirik ere ez dute aterako gurekin. Konparatu euren bihotz taupadak eta nireak», dio txantxetan bi gidariei begira.

Arregik, esaterako, 44 maratoi dauzka eginda, eta 20 aldiz parte hartu du Behobia-Donostia lasterketan. Urte askotan erbia izan da lasterketan, Fortuna elkartearekin. Lasterketa denbora jakin batean amaitu nahi duten pertsonentzat jartzen dituzten gidariak dira erbiak. «Ordubete eta hogei minutuko taldea tokatzen bazait, lasterketa denbora horretan bukatu behar dut, atzean datozen lagunentzat ni naizelako erreferentzia». Ezberdina da, edonola ere, ikusmen urritasuna duen norbaitekin ateratzea. Gidariak animatzaile ere izaten dira, neurri handi batean. Hitz eginez joaten dira lasterka egiten duten bitartean. «Oso nekatuta banago, asko laguntzen dit norbait alboan animoak ematen egoteak. Ez daukat Javierrek adinako sufritzeko gaitasunik», nabarmendu du Albak. Lesio batekin dabil Dominguez, erdi herren, baina azaroaren 17rako ongi egotea espero du.

25 urtez gidari izandako Antxon Gisasolarekin egin dute topo kalean. Gisasola Dominguezekin makina bat bidaia egindakoa da. Moskun Europako tandem txapelketan izan ziren, eta zeharkaldiko eskiarekin Olinpiar Jokoetan ere bai. «Nik ez dut sekula gidaritzat hartu neure burua. Kirola egitera joaten ginen bi lagun ginen. Izugarri ongi pasatu dugu elkarrekin», dio Gisasolak. Korrika ere aritu dira biak. Donostiako San Silvestre lasterketa batekin oroitu dira. «Aurreko lasterketa batean kolpea hartu zuen nirekin zihoala, eta arantza horrekin nengoen. Berak gogoratu zidan hasi baino lehen mesedez abisatuz joateko. Zulo bat zegoela esan nion, eta ondoren, beste zulo bat eta beste bat. Lasterketa erdia jauzika pasatu zuen Javierrek adarra jotzen ari nintzaiola ohartu zen arte», dio barrez.

Entrenatzeko jantzi dituzten txalekoei begiratu die Gisasolak. Ikusmen ezgaitasuna jartzen duen atorra horiarekin korrika egiten dute lasterketetan. «Nirean ezgaitasun osoa jartzen zuen», dio txantxetan. Atorraz gain, lasterketaren hasieran ateratzeko aukera ematen diete. Abantaila handia da eurentzat, ez dutelako korrikalariak aurreratzen ibili beharrik. Oro har lasterkariek asko errespetatzen dituztela nabarmendu dute.

Behobia-Donostia lasterketa berezia dela pentsatzen dute laurek. Jendea aipatu dute. Etengabe animoak entzunez joateak ematen diela indarra. Ikusleek eta txaloek eramaten dituztela,dio Albak. Mundu guztiari gustatzen zaiola animatua izatea. «Batzuetan, bai, nabaritzen da gehiago animatzen zaituztela ezgaitasun hori duzulako, baina ez zait iruditzen meritu bat denik. Gehien gustatzen zaiguna egiteko baliabideak bilatu ditugu, besterik ez», gaineratu du Dominguezek. Korrikalari askoren artean ibiltzeak ez ditularritzen. Entrenamenduetan lasterketetan baino zailtasun gehiago izaten dituzte. Ibilbide itxirik gabe, kaleetan bizikletak, kaleargiak, oinezkoak.. aurkitzen baitituzte.

Halako batean, Albak kontatu du duela hamar urte powerliftingen —halterofiliaren antzera pisua altxatzen da— munduko txapelduna izan zela. Batere garrantzirik eman gabe. Umiltasun osoz. Puntako kirolariak izandakoak dira Alba eta Dominguez, euren buruari buruz hitz egitea kosta egiten zaien arren.

Albak golball-ean jarduten du egun. Espainiako selekzioan aritu da hainbat urtez, eta Europako txapelketetan ibilitakoa da. «Itsuentzako kirola da. Kaskabiloak dituen baloi batekin jolasten da, eta lurretik arrastaka eramanez, bederatzi metro luzeko ate batean sartu behar da», dio. Dominguez txirrindularitzan nazioarteko hainbat probatan ibilitakoa da, Europako txapelketan ere bai tartean. Zeharkaldiko eskian Espainiako txapeldun izan da bi aldiz, eta Olinpiar Joko Berezietan parte hartu zuen, 1992an. «Korrika noiztik? Lehen autobusa hartzeko ere ez nuen korrika egiten, oso aspergarria iruditzen zitzaidan. Baina hasi, eta, pixkanaka, onartu behar da mendekotasuna sortzen duela», esan du Albak. Kupoiak saltzearen garrantziaz ohartarazi dute; salmenten diru kopuru bat kirol selekzioetara joaten baita. Jendeari lana emateaz gain, beharrezko dituzten zerbitzuetarako dirua ere handik ateratzen dute.

Kirolak ongi sentiarazten ditu, eta segurtasuna eta autoestimua ematen die. «Autonomian irabazten duzu, espazioak kontrolatzeko gaitasuna hobetzen da, eta ausartago bilakatzen zara». Bide horretatik, iaz Behobia-Donostia lasterketa bakarrik egitera ausartu zen Dominguez. «Entrenatzen ere inguru horretan aritzen naiz, eta ongi moldatu nintzen aurretik zihoazen lasterkariei begira», azaldu du Dominguezek. «Kontrol batetik ez zinen pasatu eta atzera itzuli behar izan zenuen eta!», bota dio Albak irribarrez. «Aurrera begiratzen badut, inguruko guztia ez dudalako ikusten», erantzun dio umorez. Aurten, gidariaren erosotasunera itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.