Egunotan gaiaz nahikoa esan bada ere, Eustatek lagun eskasiaz egindako ikerketak kezkatuta nauka. Hau tristura, Euskal Herrian milaka omen dira lagun bat bera ez dutela dioten biztanleak. Ein? Gutako bederatzitik batek ez duela lagunik? Jende pila biltzen duten jaiak antolatzeko gaitasun berezia daukagun herrialde honetan, kuadrillak sakratuak diren gizarte honetan, ez dugula lagunik?
Egia da denboraren poderioz ongi ikasi dudala berezko kuadrilla asko ez direla benetako lagun taldeak, planak egiteko aukera ematen duten lagun multzoak baizik. Kiroletan, kuadrillako taldea; ospakizunetan, kuadrillako afaria; irtenaldiak ere kuadrillakoak izaten dira maiz. Hortik kanpora, ez dakit harremanetan sakontzerakoan kuadrilla eta laguntasuna bat datozen. Baina horiek beste kontu batzuk dira.
Gogoan dut litxarkeriak erosten genituen gozotegiaren atariko panpina. Kaiola batean sartuta, «kaixo, tximu bihurria naiz, nire laguna izan nahi al duzu?», esaten zuen. Txanpon batekin konformatzen zen, eta bolatxo bat ematen zizun bueltan, giltzari itsusi batekin.
Asko ala gutxi, guztiok izan ditugu lagunak, eta mantendu ez baditugu, guk ere zerikusia izango dugu, ezta? Gerora bizitzaren bidean gurutzatu zaizkigun hainbeste gizabanakoren artean ere, sortuko ez ziren, ba, berriak. Egungo gizartea antolatua dagoen bezala ez dela hain erraza? Ados. Eta gaurko askok lagun birtualak nahiago dituztela haragizkoak baino? Guztiz ados. Erosoagoa da, dudarik gabe. Baina lagunak, lagun badira, mantendu egin behar dira, eta zaindu, batez ere lagunak zaindu. Ez dezala Eustatek halako gehiagorik esan. Tximua berreskuratu beharko dugu, bestela.
Maratila
Lagunik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu