Jaietan gertatzen diren sexu erasoen ondorioz sortu zituzten puntu moreak, eta jada ohikoa bihurtu da festan ibili eta horrelako informazio guneekin topo egitea. Izan herri txikietan, izan hiri handietan. Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak hamar urte baino gehiago daramatza Aste Nagusian puntu morea jartzen: Bulebarrean. Handik urte batzuetara, Donostiako Piratak batu ziren —Flamenkan jartzen dute gunea—. Emagineko hezitzaileak egoten dira Bulebarrean festek irauten duten bitartean, egunero: 11:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 04:00etara. Piratek, berriz, suen ostean irekitzen dute, eta jai giroa amaitzen denean ixten.
Informazioa eta babesa eskaintzen dute puntu moreetan, betiere erasoa jasan duenaren beharrak ardatzean jarrita. «Eraso sexista bat nola identifikatu daitekeen azaltzen dute kideek, eta identifikazio horrekin herritarrek zer egin dezaketen jakinarazi», azaldu du Naiara Garate Mantzizidor Donostiako Udaleko Berdintasun teknikariak (Ondarroa, Bizkaia, 1977). Hots, sentsibilizazioa lantzea da puntu moreko hezitzaileen funtzio nagusia, bai eta kontzientzia piztea eta zabaltzea ere: «Eraso sexista bat dagoenean, guztiok dugu zeresana, eta garrantzitsua da jendeak jakitea nola geldiarazi dezakeen hori. Kuadrillako txisteak entzuten baditugu, esaterako, gure esku dago horiek geldiaraztea».
Hiriko zenbait eragilerekin batera lan egiten du udaleko Berdintasun Sailak; horien artean daude auzoetako jai batzordeak eta lantalde feministak. «Haien protokoloak eta gureak kontrastatzen ditugu, zerbitzuak ondo jasota daudela ziurtatzeko», azaldu du. Erasoa jasan duena Donostiako Piraten gunera joaten bada laguntza eske, haiek ematen diote lehenengo arreta. Baina, larritasunaren arabera, eta erasoa egin diotenak hala nahi izanez gero, Bulebarreko puntu morera bideratzen dute, beste mota bateko laguntza eman diezaioten. Garatek gehitu du eraso LGTBIfoboak ere artatzen dituztela Bulebarreko puntu morean: «Berdintasun politikak LGTBI politikak ere hartzen ditu barne. Eraso LGTBIfoboak eta lesbofoboak badaude, gune horretan artatuko dituzte».
«Garrantzitsua da argi edukitzea zer zerbitzu aktibatu behar den intentsitatearen arabera eta biktimak momentuan duen inpaktuaren arabera. Askotan, urgentziaz eta beldurrez lan egiten dugu»
NAIARA GARATE MANTZIZIDOR Donostiako Udaleko Berdintasun teknikaria
Erasoa egin diotena gunera heltzen denetik laguntza psikosoziala bermatzea da haien egitekoa. Baina, erasoaren intentsitatearen arabera, beste mota bateko baliabideak eskaintzen dituzte. «Garrantzitsua da argi edukitzea zer zerbitzu aktibatu behar den intentsitatearen arabera eta biktimak momentuan duen inpaktuaren arabera. Askotan, urgentziaz eta beldurrez lan egiten dugu», jakinarazi du Garatek. Era berean, azaldu du erasoa jasan duenak hala nahi izanez gero Hariberria zentrora bideratzen dutela, laguntza «profesionalagoa» eman diezaioten. Indarkeria sexualari aurre egiteko arreta integrala eskaintzen dute bertan. Urteko egun guztietan daude zabalik: 24 orduz, 900-840 188 telefono zenbakira deituta.

Salaketa, tresnetako bat
Donostiako Aste Nagusia hasi zenetik ez da salaketa judizialik erregistratu. Edonola ere, horrek ez du esan nahi erasorik gertatu ez denik. Are, Garate ziur dago erasoak izan direla, «bai baitakigu eraso asko ez direla salatzen». Eta gerta liteke emakume batek egunotan eraso bat jasatea baina irailean edo urrian salatzea: «Sexu erasoetan askotan gertatzen da erasoa jasan duena shock egoeran gelditzea. Horrelakoetan, gainera, ez gaude norberak bere buruari zer gertatu berri den aitortzeko moduan».
Hala ere, argi utzi du helburua ez dela salaketa jartzea: «Salaketa ibilbide guztian erabil dezakezun tresna bat gehiago da». Gainera, askotan salaketak zalantzan jartzen direla azaldu du, eta sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu: «Emakumeek ez badugu indarkeria sexuala salatzen, ez da izaten bizi izan ez dugulako; oso zaila da onartzea zer jasan dugun. Oso eraso gutxi salatzen dira, eta, hori zalantzan jartzen bada eta esaten badute emakumeak gezurretan ari garela, are eta zailagoa izango da horrelako egoerak mahai gainean jartzea. Hala jarraituz gero, patriarkatuak eta matxismoak aurrea hartuko digute». Horregatik, emakumeei sinestera, laguntzera, babesa ematera eta sozialki egoerak salatzera dei egin du.
300Zenbat lagun joaten diren egunero gunera Donostiako Aste Nagusiko lehen eguna izan zen Bulebarreko puntu morera jende gehien joan zen eguna. 16 eta 30 urte bitarteko jendea joaten da egunero, gehienbat emakumezkoak, baina badago seme-alaba gazteekin bertaratzen den familiarik ere. Balorazio orokorra astelehenean egingo dute.
Dena den, Garatek iritzi dio oraindik «izugarrizko lanketa» dagoela egiteko, eta komunitatearen erantzunean egin du azpimarra. «Indarkeria kasuak izaten direnean, alerta ezartzen dugu. Baina, egunek aurrera egin ahala, erlatibizatu egiten da», gaineratu du. Gainera, arreta emakumeengan jartzen dela adierazi du, eta horretan egin behar dela lan. «Eta argi utzi erantzukizuna erasotzailearena dela».
Adostasunaren kontzeptuaren gainean ere hausnartu du Berdintasun teknikariak: «Gaztelerazko consentimiento hitzak aditzera ematen du emakumeok gizonezkoei onespena ematen diegula harremanak edukitzeko. Euskaraz, adostasun hitza parekideagoa da; izan ere, harreman sexual eta afektiboak adostasunetik abiatuta izaten badira, parekidetasun baten barruan, botere harreman horiek apurtzen dira. Hori aurkitu behar dugu». Baina adierazi du gizartea oraindik ez dela heldu puntu horretara; horregatik iritzi dio puntu moreak «behar-beharrezkoak» direla hiri eta herri guztietan.
Piraten puntu morea
Donostiako Piratek urte asko daramatzate jaigune seguru bat lortzeko lanean, baina erronka nagusi bat dutela azaldu du lantalde feministako Sara del Rio Loiartek (Donostia, 1996): «Iruditzen zaigu Donostia osoan gune bakar bat egotea ez dela nahikoa. Puntu gehiago egon daitezela eskatzen dugu, eta ordutegi zabalago batekin». Azken urteetan, gainera, horri beste zailtasun bat ere gehitu zaiola adierazi du Del Riok: «Eraso arrazistak gertatzen direnean, ez dakigu nora jo, Bulebarreko puntu morean ez baitituzte artatzen. Ez dago gune bat horrelako kasuei erantzuteko».
«Eraso arrazistak gertatzen direnean, ez dakigu nora jo, Bulebarreko puntu morean ez baitituzte artatzen. Ez dago gune bat horrelako kasuei erantzuteko»
SARA DEL RIO LOIARTE Piraten lantalde feministako kidea
Gauero-gauero, Piratetako zenbait kidek txandak egiten dituzte puntu morean, baina bi berrikuntza gehitu dituzte azken urteetan. Alde batetik, gizonek ere parte hartzen dute txanda horietan. «Gure lantaldea sortu zenean, iruditzen zitzaigun horrelako indarkeriak gertatzen direnean emakume eta gorputz disidenteek izaten dugula horri aurre egiteko ardura. Hortaz, erabaki genuen mugimendu osora zabaldu behar zela ardura».

Bestetik, puntu moretik aparte, egunero kofradia bati ematen diote gau osoan zehar adi egoteko ardura. Hala, jaigunean salatzeko moduko egoeraren bat ikusten badute, esku hartuko dute. «Formakuntza bidez saiatzen gara mugimendu osora zabaltzen denok eduki behar dugula esku hartzeko jarrera hori. Hau da, txandan egon ala ez, modu aktiboan parte hartzeko indarkeria matxista, arrazista edo homofoboa badago», azaldu du Del Riok. Harekin bat dator Argiloa Pinzolas Izagirre (Donostia, 2003), Piraten lantalde feministako kidea: «Kofradia bati gau batean hori egiteko esateak bide ematen du agian ohituak ez dauden horiek ere jarrera bera izateko. Azken finean, kontzientziazioa sortzea da gure helburua».
«Kofradia bati gau batean hori egiteko esateak bide ematen du agian ohituak ez dauden horiek ere jarrera bera izateko. Azken finean, kontzientziazioa sortzea da gure helburua»
ARGILOA PINZOLAS IZAGIRRE Piraten lantalde feministako kidea
Denontzako jaien alde lelopean, jaietan gertatzen diren erasoak salatzeko mobilizazio feminista antolatu dute Piratek gaur, 19:30ean, Flamenkan. Hausnarketa batetik datorrela azaldu du Del Riok: «Astean zehar salaketak egon edo ez, eraso matxistek, homofoboek eta arrazistek gure jaigunea gurutzatzen dute. Hori salatzeko eta horren inguruan hausnartzeko tarte bat eskaini nahi genuen gure egitarauan». Hala, jaien errealitatea festazaleei erakutsi nahi diete: «Mugimendu guztia jakitun egon dadin nahi dugu, eta Piratetan ibiltzen den jendea ere kontziente izan dadin jaietan dauden bitartean gorputz batzuk erasoak jasaten ari direla denbora guztian». Gaurko mobilizazioa egitarauan sartzearen garrantzia azpimarratu du Pinzolasek, eta gaineratu urtero egiten dutela hori. Hala jarraituko dute etorkizunean ere, «zoritxarrez egoera ez baita aldatuko».

Â

