Laino eta sasi artean, Urmuga badoa bidean

Bihar hasi eta uztailaren 31ra bitarte eginen dute Urmuga mendi ibilaldi musikatua. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dute, eta 'Ipuskoa' izena idatzi zutenetik mila urte bete direla gogoratuko.

Migel Zeberio Et Incarnatus orkestra zuzentzen iazko Urmugan
Migel Zeberio Et Incarnatus orkestra zuzentzen iazko Urmugan. OSKAR MATXIN / FOKU
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendiak solastatzeari utzi dion garaia heldu dela dirudi. Jendea tontorrerat igotzen da, korrika egiteko zinta batera igotzen denaren antzera: entzungailuak belarrietan, eta begiak erlojuari itsatsita. Baina badira oraindik uste dutenak mendiak ahotsa duela, eta entzutea merezi duela. Urmuga bihar itzuliko da, musika eta natura elkarrekin doazenean, denak soinu desberdina duela gogorarazteko.

Uztailaren 11tik 31rat eginen dute Urmuga mendi ibilaldi musikatuaren seigarren aldia. Euskal Herria mendebaldetik ekialderat mendiz mendi zeharkatuko dute 21 etapatan, bazterrak musikaz blaituz. Arabako Gorobel mendilerroan hasi, eta Urdatxen (Zuberoa) amaituko da. 

Aurten, gainera, Ipuskoa hitza edukiko dute hizketagai. Migel Zeberio zuzendari artistikoak azaldu du mila urte bete direla lehendabizikoz agertu zenetik Gipuzkoa lurraldeari erreferentzia egiten dion terminoa. «Altzoko [Gipuzkoa] jauntxo batek San Juan de la Peñako [Espainia] monasteriora bidalitako herentzia batean ageri da», zehaztu du Zeberiok. 

Garai batean Iruñeko erreinuaren barnean zegoen monasterio hura, eta parte hartzaileek aukera edukiko dute lurralde historiko horretako Erdi Aroko monumentuak ezagutzeko: «Euskaldunok inoiz izan dugun egitura politikorik nabarmenena da Iruñeko erresuma, eta, horregatik, garai hartan garrantzitsu izan ziren ermita eta gazteluetan barrena ibiliko gara». 

Ipuskoa 1.000 urte ikuskizuna uztailaren 20an eginen dute, Areso (Nafarroa) eta Berastegi (Gipuzkoa) artean. Bertan, hainbat taldek parte hartuko dute, Iruñeko eta Donostiako orfeoiek, Leitzako (Nafarroa) abesbatzak eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) eta Iruñeko gaiteroek, bertzeak bertze. 

Zeberiok azpimarratu du dantza talde bakoitzak bere Ingurutxoa dantzatuko duela, eta bertze guztiek errepikatuko dutela. Ondoren, Amaia Elizaran dantzaria igoko da oholtzarat Jon Esnaola konpositoreak sortutako Ingurutxo modernoaren erakustaldia egiterat. 

«Normalki, hiriguneetan edo botereguneetan produzitzen da kultura, eta guk haran galduetan jartzen dugu arreta»

MIGEL ZEBERIOZuzendari artistikoa

Urte osoa daramate antolatzaileek herri txikietako eragileekin egitaraua josten. Hain zuzen, herri txikiei ikusgaitasuna ematea da jaialdiaren bereizgarrietako bat. «Normalki, hiriguneetan edo botereguneetan produzitzen da kultura, eta guk haran galduetan jartzen dugu arreta», adierazi du Zeberiok. Hartu-emana «oso aberasgarria» dela uste du, herriek ahalmen ekonomiko eskasa duten arren «gogo eta kapazitate izugarria» baitute. 

Ordu guti falta dira mendiko botak janzteko, eta azken entseguetan buru-belarri murgilduta dabil Zeberio: «25 bat lagun gabiltza egunero talde lanean zirku baten karabana balitz bezala, eta elkarbizitza oso bizia eta aberasgarria da. Orain azken txanpa tokatzen da».

Kontzertuei dagokienez, adin, genero eta esparru guztietako artistekin elkarlana sustatzen saiatu direla dio Zeberiok: «Oinarria Et Incarnatus orkestra da, eta horren inguruan hainbat konpositorek sorkuntza berriak egin dituzte, abeslari ezagun edo ez hain ezagunek kantatzeko».

Tartean egonen dira garai bateko kantari famatu batzuk; Anje Duhalde eta Alaitz eta Maider, bertzeak bertze, eta gaur egun modan dauden bertze zenbait, hala nola Janus Lester eta Olaia Inziarte. 

«Niretzat, aldats gora zerura begira egote hutsa izugarrizko plazera da»

MIGEL ZEBERIOZuzendari artistikoa

Bertzalde, Zeberiok argi dauka ez duela nahi Urmugak «makrojaialdien» tankerarik hartzerik: «Ez dugu harrabots handirik sortzeko asmorik; etxera itzultzean ez da antzematen han izan garenik, baina jaialdiak beti dauka harrera zoragarria».

Eguraldiaz galdetuta, aitortu du beti izan dutela aldeko, baina euria eginez gero ere eliza edo frontoi batean hartuko dute babesa: «Azkenean, proiektua maitasunez egiten bada, emaitza beti da ona».

Naturaren doinua

Mendiak bere «ahotsa» duela dio Zeberiok, eta naturaz inguraturik musika egiteak sortzen dituen sentimenduei buruz hausnartu du: «Korrika eta aurikularrak jantzita ibiltzeko ohitura hartzen ari gara, baina, niretzat, aldats gora zerura begira egote hutsa izugarrizko plazera da».

Felipe Uriarte mendizalearen gidaritzapean, 21 eguneko ibilbide nagusia eginen dute, eta parte hartu nahi duenak Urmugako webgunean eta sare sozialetan eman dezake izena. Baina hamaika modu daude parte hartzeko: «Norbaitek nahiko balu bakarrik kontzertu batera joan, edozein herritatik ere joan daiteke oinez edo autoz», erran du Zeberiok. 

Zeberiok ere badauka etaparen bat egiteko asmoa, orkestra zuzendariaren lanak uzten badio betiere. Laino eta sasi artean aitzin eginez, muga guztien gainetik eginen du ibilbidea Urmugak, bihartik hasita uztailaren azkenerat arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.