Ezarian. Zientzia

Laino guztien gainetik

Hodeiarteak egunsentia hein handi batean estali duen arren, Euskal Herritik ere Eguzki eklipse partziala ikusi ahal izan da.

xabier martin
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Leku batzuetan besteetan baino hobeto, baina ikusi, ikusi da. Eguzki eklipse partzialak ez ditu, ordea, irudi zoragarriak utzi Euskal Herrian. Ez behintzat, edonork, kalean, tresneria xumearekin ikusteko modukoak. Iruñeko Planetarioan eta Miramon Kutxagunean esaterako, ederki gozatu zuten atzo, 09:30 aldera Eguzkia iluntzen ari zela ohartzean. Donostian, lainoek zirrikitu bat utzi zuten une batez astronomia alorreko fenomenoarekin gozatzeko. Zenbat eta ekialderago orduan eta hobeto ikusi ahal izan zen—lainoen baimenaz betiere—.

Dena den, Euskal Herriaren kokalekua ez zen hoberena urteko lehen Eguzki eklipsea behatzeko. 08:00etan hasi eta 09:30erako Ilargiak Eguzkiaren %75 estali zuen Lur planetatik begiratuta. Gurean ez zen iritsi kopuru horietara. Europako erdialdean, eta batik bat iparraldean ikusi zuten argien. Eguzkiak Ilargiarena egin zuen, une batez ilargi erdi baten itxura hartu baitzuen.

Hurrena, 2015ean

Eklipsea Aljerian hasi zen, eta Etiopian ere ikusi ahal izan zuten. Ilunabarra arte ikusteko moduan egon zen munduko hainbat lekutan; horietako azkena Mongolia izan zen. Aurretik, Errusian eta Kazakhstanen behatu zuten, baita Indian eta Pakistanen ere. Haatik, eklipseak Eguzkiaren irteerarekin egin zuen bat, eta hala, ez zen argi kontraste handirik egon. Eguzkia oraindik oso behean zegoen ostertzean. Erabateko Eguzki eklipseetan argia eta tenperatura nabarmen aldatzen dira, eta sarri, txoriak ere isildu egiten dira. Ez zen horrelakorik izan atzo. Zerurik argitsuenetan giroak gris kolorea hartu zuen, baina lainoen eraginez leku askotan hori ere nekez sumatu zen.

Aurten beste hiru eklipse partzial izango dira, Europatik at ikustekoak denak. 2015eko martxoaren 20an izango da atzokoaren pareko hurrena Europan. Are zailagoa da erabateko Eguzki eklipsea gertatzea. Euskal Herritik ikusi ahal izan zen azkena 1999ko abuztuaren 11n izan zen. 2081eko irailean izango da halako hurrena…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.