Portuaren puntan dago ia, badia bukatu eta itsasoa hasten den mugan bertan. Makina bat behargin, moila mantso-mantso zeharkatzen duten ibilgailuak, arrandegiak, itsas tresnen dendak, garabiak, arrantzontzi amarratuak, behegaina altxatzen dabiltzan langileak eta Gurutze Gorriko babes postua atzean utzita agertu da Ondarroako (Bizkaia) urpekaritza ikastaroen egoitza. Atarian nahasten dira arrantza jardunaren usaina eta zarata, kresalez blaitutako neoprenoen ufada eta hamar bat lagunen hizketaldi patxadatsua. Trajeak, maskarak eta hegalak ordenatzen ari dira Inazio San Miguel Aizpururen begiradapean. Atzeko horman, Manzisidor familiako hainbat kidek ere adi dirudite ikasleen lanari, argazki zuri-beltz handi batean betikotuta. Irudiaren gainean, aipu bat nabarmendu dute: «Urpekarien lana zaila eta isila da, baina azkenean distira egiten du».
Urpekariak izan ziren manzisidortarrak; gipuzkoarrak, Kantauri itsasoan lan mordo bat egindakoak. Ondarroa ere ezaguna zuten. Aspaldi, herriko arrantzontzi asko hondoratu egiten ziren sarrera-sarreran, denboralearen aurrean babesgabe. 1920ko urteetan, portu bat egitea otu zitzaien, eta plana moldatuta zegoenean beste sistema bat proposatu zuen Juan Jose Manzisidorrek: moilako ahoa itxi, sikatu, eta obra guztia lehorrean egitea. Merkeagoa zen, baita azkarragoa ere, eta oniritzia eman zioten ingeniariek.

Anekdota hutsa baino ez da, beharbada, baina Antiguako Ama arrantza eskolakoei istorio ederra iruditu zaie zabaldu berri duten urpekaritza eskola herriarekin lotzeko, baita sendi hari «omenalditxo xume bat» egiteko ere, Amaia Basterretxea eskolako zuzendariak azaldu duenez. Ikusten ez diren arren, herriko portuan urpekariak ere ibiltzen direlako tarteka: itsasontzi bakoitzean bat edo bi izan ohi dira konponketak egin behar izatekotan, eta moilaren altuera igotzeko obretan ere parte hartuko dute, kasu baterako.
Hain justu, arrantzarekin uztartu gura zuten eskainiko dituzten hiru ikastaroetako lehena: itsas baliabideen biltzaileena. «Gaur egun, arrantza sektorea beherantz doa, eta berrikuntzaren bat behar duzu beti», onartu du Basterretxeak. «Asmoa zen gure ikasleei beste sektore bat zabaltzea, beste irteera bat izan dezaten. Eta konturatu ginen ikastaro horrek, sakontasuna eta ezaugarriak kontuan hartuta, balio zuela itsasontzietan konponketak egiteko, segurtasunez». 15 metrora arte jarduteko prestatzen ditu urpekariak, zehazki.
Belarria ohitzea
Arrantzaleak dira ikasleetako gehienak. Baina badira beste soslai batzuk: esaterako, itsas biologo bat etorri da Bartzelonatik. Izan ere, ura dagoen edozein eremutan beharko da noiz edo noiz urpekari profesional bat, San Miguelek azpimarratu duenez: ez soilik itsasoan, baizik eta baita lehorrean dauden deposituetan ere, adibidez; eta ez soilik konponketak egiteko, baita ur azpiko egituren mantentze lanak egiteko ere, soldaduretarako, hondoratutako ontziak azaleratzeko eta erreskateetarako, besteak beste. «Normalean, lan gehien-gehienak lehen hamar-hamabost metroetan egiten dira, portuetan eta kostan», zehaztu du San Miguelek. Baina zeregin batzuk sakonera handiagoan daude: esaterako, emisoreak, araztegietako urak itsas zabalera garraiatzeko erabiltzen diren hodi horiek, 30-60 metro ingurura egon ohi dira, baita kable elektrikoak ere, eta itsasoan kokatzen ari diren haize errotek urpekari profesionalen premia izango dute, halaber. «Eta orain, Getarian adibidez, kaiolak jarri dituzte atunentzat; atun guztiak lehen 30 metroetan daude, baina amarreen ikuskaritza on bat egin nahi baduzu, 100 metrora jaitsi behar duzu». Datozen hilabeteetan gainontzeko bi ikastaroak abiatuko ditu arrantza eskolak: sakonera txikikoa —30 metro artekoa—, eta sakonera ertainekoa —60 metro—.
«Orain zabalkundea egin behar dugu. Bermeoko arrantza enpresa batzuekin egon gara, eta formakuntza interesgarria iruditu zaie haien beharginentzat»
AMAIA BASTERRETXEAOndarroako Antiguako Ama arrantza eskolako zuzendaria
San Miguel da ikastaroen arduraduna eta irakaslea. 58 urte dauzka, eta 9 zituenetik ibili da ur azpian. Mende laurden inguru darama urpekariak prestatzen, baina beste lan batzuetan ere parte hartutakoa da. «Obretan asko ibili naiz: hidraulikan, soldadurak egiten... Tokatzen zena: itsasontzi bat hondoratu da, auto bat erori da, kate batzuk aldatu behar dira». Sakontasun handiko murgiltzeak egin ditu batik bat, eta ondo daki eremura ohitzea dela urpekari hasiberriak erdietsi behar duen lehen urratsa. «Teknika erakutsi behar da, baina ur azpian seguru eta ondo senti daitezela nahi dut gehienbat».
Zera da oinarrizkoena: jaisten jakitea. «Belarria ohituta dago beti bere tokian egoten; hegazkinez zoazenean baino ez duzu nabaritzen pixka bat tinpanoak mugitu egiten direla. Baina oso suabea da: nahikoa duzu ahoan zerbait izatea, txikle bat adibidez». Ur azpian, ordea, ezin zaio sentsazio horri izkin egin; tinpanoen deformazioa konpentsatzen trebatu beharra dago, baita poliki-poliki jaisten ere. «Bidean gelditzen ikasi beharra dago; bestela, tinpanoa apurtu egiten da. Eta, hori gertatuz gero, igual amaitu egingo da zure urpeko bizitza». Nola irakatsi? Gako batzuk esplikatuta —esaterako, ez da gauza bera birikak beteta edo hustuta jaistea—, eta, batez ere, asko praktikatuta.

Baina Kantauri itsasoa ez da toki barea, eta bereziki zakar dabil aurten. Halakoetan, arriskutsua da ur zabalean praktikatzea. Badago modu seguru bat, ordea, San Miguelen esanetan. Eraikinaren aldamenean ur hobi bat eraikiko dute laster, bost metro sakon izango dena, «nahikoa» konpentsazioak egiten ikasteko —metro eta erdiko sakoneran jada hasten baitira tinpanoak uzkurtzen—, eta askotariko ariketetara ohitzeko.
Babes bermeak
Ikasleek txukun ipini dituzte neoprenoak, ganoraz atondu dituzte aletak eta maskarak. Abarrotsa apalduta, tresnak azaltzeari ekin dio irakasleak. Urpekaritzan bi lizentzia mota daudela zehaztu du: aisialdikoa eta profesionala. Ez dituzte helburu berak, ez dira sakonera berean aritzen, eta tresna ezberdinak erabiltzen dituzte, orobat. Ekipo autonomoekin jarduten dute aisialdikoek: oxigenoa bizkarrean eta kasko barik. Urpekari profesional batzuk ere hala murgiltzen dira, baina gero eta gutxiago dira, San Miguelen arabera. Gehienek jantzi konplexuagoak soineratzen dituzte, garai bateko eskafandren antz handiagoa dutenak. «Babesa da abantaila: ur zikinetan sartzen bazara ere, siku zaude. Eta kaskoarekin, hitz egin dezakezu; esan ahal dizute ea lana ondo egiten ari zaren edo ez, kamera bat ere eramaten dugulako». Seguruagoa ez ezik, garestiagoa ere bada: kasko bakoitzak 10.000 euro inguruko kostua dauka.
«Teknika erakutsi behar da, baina ur azpian seguru eta ondo senti daitezela nahi dut gehienbat»
INAZIO SAN MIGUEL AIZPURUUrpekari profesionala eta irakaslea
Zilbor kableek ematen diote bermea horri guztiari. Legez, halako murgilketak egiten direnean, urpekariak une oro egon behar du harremanetan lehorreko norbaitekin, eta, kontaktua etenez gero, bertan behera utzi behar dute jarduera. Profesionalari kanpotik etortzen zaizkio baliabide gehienak: hiru hodiko sorta bati lotuta egoten da; airea igortzen diote tutuetako batetik, komunikatzeko eta bideokamerak funtzionatzeko kableak doaz bestetik, eta urpekaria zer sakoneratan dagoen jakinarazten die hirugarrenak. Kolore anitzeko txirikordak osatzen dituzte eskolako behegainean eta apaletan.
Urpera nola joan eta han nola egon ez ezik, ateratzen jakitea ere ezinbestekoa da, ordea. Presio aldaketak ez die-eta soilik tinpanoei eragiten. Sakoneraren arabera erabiltzen duten airearen konposizioa aldatzen den arren, oro har lurrazaleko airearen nahasketa berarekin hornitzen dituzte urpekariak: gutxi gorabehera, %79 nitrogenoa da, %21 oxigenoa, eta kopuru oso txikian ageri dira beste gas batzuk, hala nola helioa. Gorputzak oxigenoa erabili egiten du, baina nitrogenoa metatu egiten da, eta mikroburbuilak sortzen dira. «Mantso-mantso igotzen ikasi behar dugu, nitrogeno hori arnasarekin batera ateratzeko; azkar igotzekotan, posible da burbuila txiki horiek handi bihurtzea, presio aldaketaren ondorioz, eta horrek enboliak eragin ditzake». Halako istripu bat gertatzen denean, urpekaria ganbara hiperbariko batean sartzea da konponbideetako bat; ganbarak uraren presio bera duen ingurune bat sortzen du, baina murgildu beharrik gabe.Â

Gela oso bat eskaini diote ganbarari: laranja kolore deigarria dauka, eta, goian, sabaitik gertu, bi telebista pantaila handi daude. «Ganbararen barruan kamerak daude», argitu du irakasleak. Izatez, bi ganbera dira. Kanpoko atea ireki du San Miguelek, eta bigarren ate bat zabaldu du segidan: hondoko eremuan ohatila bat dago, baita oxigenoa emateko hodi bat ere; estuagoa da kanpoko eremua, lagun bakarra kabitzen baita, jesarrita. «Atea itxi eta presioa sartzen da; kanpoko ganberan sendagile bat ipintzen bada, kanpoko atea itxi eta beste ganberan dagoen presio bera sartzen dugu, sendagileak hara sartzeko aukera izan dezan».
Irakasleak balioetsi duenez, Ondarroakoa «proiektu indartsu bat da». Baina oraindik bide luzea du egiteko. Basterretxea jakitun da lehenengo urteak «gogorrak» izango direla, baina, dena den, urpekaritza eskola harrera ona izaten ari dela uste du, eta «itxura ona» hartzen dio etorkizunari. «Orain zabalkundea egin behar dugu. Soldadura eskoletara joango gara... Bermeoko arrantza enpresa batzuekin egon gara, eta formakuntza interesgarria iruditu zaie haien beharginentzat».