Alazne Corral Pacheco: «Lan esplotaziorako eremu bat da zaintzarena, batez ere emakume migranteentzat»

'Zaintzaldia' egitasmoa antolatu berri du Hernaniko Eltzekoa taldeak. Herritarrek astebetez ardura txiki batzuk hartzean datza, adinekoen bakardadea ekiditeko, eta auzoa zaintzeko. 270 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute.

Alazne Corral, 'Zaintzaldia' egitasmoko antolatzailea, astelehenean, Hernanin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Alazne Corral, 'Zaintzaldia' egitasmoko antolatzailea, astelehenean, Hernanin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Hernani
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Auzozain rola hartu dute Hernaniko bizilagunek astebetez. Hator eltzetik babak ateratzera. Elkar zaintzen duten komunitateak nahi ditugu lelopean, Zaintzaldia ekimena antolatu du Hernaniko (Gipuzkoa) Eltzekoa taldeak. Helburua da zaintza komunitarioa indartzea, eta adinekoen bakardadeari aurre egitea, besteak beste. Alazne Corral Pacheco (Donostia, 1991) Zabalduz kooperatibako langilea da, eta Auzozaintza programaren barruan, ekimena antolatzen ibili da, herriko beste hainbat eragilerekin batera.

Egungo zaintza sisteman dagoen behar batetik abiatuta antolatu duzue Zaintzaldia.

Hori da. Egungo zaintza sistemak ez die zerbitzu duina ematen zaintza behar duten pertsonei. Mugimendu feministako kideok urteak daramatzagu esaten eremu hori merkantilizatuta dagoela, familian oinarritzen dela, emakumeek egindako borondatezko lanean edo ordaindu gabekoan oinarritzen dela, eta gaur egun ere lan esplotaziorako eremu bat dela, batez ere emakume migranteentzat.

Horrek nola eragiten die zaintza behar dutenei?

Bada, pertsona horiek jasotzen dituzten zaintza zerbitzuak ez dira nahikoak. Oso modu prekarizatuan egiten dira zaintza lanak, eta menpekotasuna duen jende askok jasotzen duen zaintza zerbitzua ez da duina. Ondorioz, langile asko ari dira modu irregularrean lan hori egiten. Gizarteak ez du baloratzen, eta familien borondate onaren edo txarraren menpe dago. Toka dakizuke familia bat langile gisa baloratzen zaituena, baina baita baloratzen ez zaituena ere.

Zaintza familian oinarrituta dagoela diozu. Hori horrela izanik, familia askorentzat zaila izango da zerbitzu hori bermatzea.

Halaxe da. Gure sisteman, zaintza oso familiarizatuta dago. Horrek esan nahi du familiak hartzen duela zaintza hori antolatzeko ardura. Familia bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren menpe dago zaintza horietara iritsi ahal izatea. Eta, ahaztu gabe, adineko batzuek ez dute familia egonkorrik gertu: seme-alabak kanpoan bizi direlako, seme-alabarik ez dutelako...

Bakardadea aipatu duzu. Halaxe sentitzen al dira adineko asko?

Begira, behin batek honako hau esan zigun: «Zenbat eta jende gehiago egon kalean, orduan eta bakartiago sentitzen naiz». Esaldi horrek harritu egin gintuen. Izan ere, jendez inguratuta egon arren, bakarrik senti zaitezke, eta komunitateak bermatuko dizkizu  pertenentzia sentimendua eta parte hartze eskubidea. Adinekoen bakardadea ekiditeko, hainbat ekintza antolatzen ditugu Auzozaintza programan. Horietako bat izan zen adinekoei galdetzea ea nola uste zuten hobetu genitzakeela auzoak, bizigarriagoak eta haientzako atseginagoak izateko. Auzoetan egin ditugun topaketetan horixe galdetu diegu hirurogei adinekori.

«Oso modu prekarizatuan egiten dira zaintza lanak, eta menpekotasuna duen jende askok jasotzen duen zerbitzua ez da duina»

Zer zioten adinekoek?

Esan ziguten, adibidez, agurtzeko ohitura galdu egin dugula. Agur baten bidez hasten gara bestea ezagutzen, eta litekeena da hortik harreman bat hastea, harremanak baitira gure arteko zaintzaren oinarri. Horrez gain, esan ziguten auzoetan jada ez garela lehen bezainbeste ibiltzen, edo ez ditugula kaleak horrenbeste bizitzen. Leku batetik bestera korrika eta presaka goazela ere aipatu zuten; faltan sumatzen dute jendea lasai ikustea kalean. Auzo batzuetako komertzio falta ere azpimarratu zuten, eta komertzioak galtzen direnean, auzoak ere hustuz joaten dira. Hausnarketa horietatik abiatuta, pentsatu genuen interesgarria izango litzatekeela bakoitzak bere buruari galdetzea: «Zer bizilagun mota naiz ni? Zer egiten dut auzoarentzat, edo auzoa leku goxoago bat izan dadin denontzat?».

Eta hortik sortu da Zaintzaldiaren ideia.

Hori da. Galdera horietatik abiatuta sortu genuen Auzozain figura. Hamar eguneko ekimen bat izan da Zaintzaldia, auzozain figura horri garrantzia emateko, eta egiten dutenei aitortza egiteko. Auzozainak bost ardura ditu: bizilagunak agurtzen saiatzea; kaletik lasai paseatzeko denbora hartzea; komertzio txikietan erosten saiatzea; gure laguntza eskertuko lukeen norbait badago, laguntza eskaintzera animatzea; eta, auzozainaren bereizgarria duen bizilagun bat ikusiz gero, harekin horretaz hitz egiten hastea.

Zer balorazio egiten duzue?

Denetik jaso dugu, baina, gehienbat, positiboa. Jendeak badauka gogoa lehengo ohiturak berreskuratzeko; balioa eta garrantzia ematen diote horri. Batzuek esan digute tristea iruditzen zaiela ohiturak galdu izana, baina ulertzen dute. 270 pertsona baino gehiago apuntatu dira, eta egitasmo hau aurrera eramateko eragile askok parte hartu dugu. Zaintzaldia ez da hemen amaituko; zaintza komunitarioak sustatuko ditugu aurrerantzean ere.

LOTSABAKO

'Zaintzaldiaren' gako bat?
Zaintzaren komunitatearen indarguneak mahai gainean jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.