Beatriz Muruzabal. Dendari erretiratua

«Lan honetan, jendea ezagutzea izan da onena»

Euskara ez ezagutzetik nonahi erabiltzera igaro zen. Ez zioten utzi ikasketekin jarraitzen, «emakumea izateagatik». Urte luzez, Muruzabalek Txantrea hornitu zuen Zazpi dendarekin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruñeko Txantrea auzoan batekin eta bestearekin gelditzen diren horietakoa da Beatriz Muruzabal (San Martin Unx, Nafarroa, 1943). Irribarrea eta euskara ditu beti ahoan. 1985ean Zazpi denda ireki zuten, eta horregatik da ezaguna auzoan. Ogia, litxarreriak, liburuak... denetarik saltzen dute han. Orain semeak hartu dio lekukoa. «Hemen beti euskaraz egiten da», ohartarazi du Muruzabalek. Dendan, bezeroen joan-etorria etengabekoa da; giro berezia sortzen da han. Kafe baten bueltan azaldu du Muruzabalek nola ailegatu zen euskarara, eta zer ekarpen egin zion beste hainbat guraso euskaltzalerekin batera.

San Martin Unxen nolakoa zen zure bizitza?

Oso oroitzapen politak ditut. Haurtzaroan oso zoriontsua nintzen, eta nerabezaroan oso inkonformista. Amak beti esaten zidan erantzunkorra nintzela, eta nik ezetz, inkonformista nintzela. Mojetan ikasi nuen 14 urte izan arte. Ikastea asko gustatzen zitzaidan, baina etxean ez zidaten jarraitzen utzi, emakumea nintzelako. Aitak esaten zuen ezkontzeko soilik atera zitezkeela alabak etxetik. Niretzat tristea izan zen, asko gustatzen zaidalako ikastea. Hala ere, nire kontura gauza asko ikasi ditut. Ez da gauza bera, baina oso ongi moldatu naiz bizitzan.

Senarra noiz ezagutu zenuen?

Bion adiskide baten ezkontzan ezagutu nuen Jesus. Nik 24 urte nituen, eta berak 25.

24 urteak arte zer egin zenuen?

Etxean egon, brodatuak, puntua eta kakorratz lanak egiten. Horretaz gainera, Landetara joaten ginen mahatsetan aritzera: mahatsak biltzera, lurra haztakatzera... Oso lan gogorra zen. Aitari esaten nion: «Berriro kanpora lan egitera?». Eta berak esaten zidan: «Ai, alaba, apezpiku izateko jaio behar zenuen!». Aitarekin lotura estua nuen.

Askotan joaten zinen?

Hamar urtez edo joan ginen. Hala ere, eskola ez nuen uzten lan egiteko; beste batzuek bai, pobreagoak zirenek.

Nolakoa zen lanera joaten zinetenen arteko harremana?

Harremana eta giroa oso ona zen. Aita oso graziosoa zen, txisteak kontatzen zituen beti. Kantuz aritzen ginen. Aitak eta ahizpa zaharrenak oso gaizki kantatzen zuten. Ni beti aritzen nintzen kantuan, eta nahiko ongi egiten nuen. Oso alaia izan naiz beti. Herrian gogoan izaten ninduten edozer gauza egiteko; esaterako, antzerkia egiteko; baita zarzuela egiteko ere.

Antzerkia egiten zenuen San Martin Unxen?

Bai, urte luzez aritu nintzen. Horregatik esaten dizut haurtzaroan eta gaztaroan oso ongi pasatu nuela.

Zer helburu zuten antzezlan horiek?

Herrikoen artean egiten genuen, gure arteko harremanak sendotzeko. Zinema bazegoen, baina ez ziren denak joaten. Komediara [hala esaten zioten antzerkiari] herri osoa joaten zen, nire aita izan ezik. Gogoratzen dut egun batean, sainete batean; nik erraz ikasten nituen paperak, eta besteenak ere ikasten nituen. Neska bati anaia bat hil zitzaion, eta ezin izan zuen emanaldira etorri. Beraz, nik haren papera banekienez, biak egin nituen, harena eta nirea, arropaz etengabe aldatuta.

Noiz etorri zineten Iruñera?

27 urterekin ezkondu nintzen, eta Arrotxapera etorri ginen. Lehenengo semea izan arte, josteko ikastaroetan eman nuen izena. Bigarrena etorri zen geroago. Hirugarren alaba 59 urte nituenean etorri zen Kolonbiatik, 6 urte zituela.

Iruñean zer aurkitu zenuen?

Emakumeak sustatzeko mugimendu bat sortu zen. Parrokietan ematen zen, eta hizlari asko etorri ziren. Askotariko gaiak lantzen ziren: historia, sukaldaritza, gizarte gaiak... Ni oso galduta nengoen, ez nuen ezer ulertzen. Poliki-poliki mundu berri bat agertu zitzaidan begien aurrean. Gauza asko ikasi nituen, eta, haien artean, euskal sentimendua hartu nuen.

Zergatik piztu zitzaizun euskal kontzientzia?

Nirekin etortzen zen emakume batek Amaia edo euskaldunak VIII. mendean liburua utzi zidan. Horrek eraman ninduen gure nortasuna ezagutzera. Hizkuntza hori ikasi behar nuela pentsatu nuen; mintzatu ere bai. Lehenengo gauza izan zen haurrak ikastolara eramatea, eta, gero, familian euskaraz hitz egitea.

Aurretik euskararekin ez zenuen izan harremanik?

Gure herrian euskara galduta zegoen; gauza batzuen izenak, abizenak eta toponimoak gelditzen ziren bakarrik. Nire lehen bi abizenak euskaldunak dira: Muruzabal Anbarte, baina nik ez nekien horrela zenik. Euskara hitza ez nuen ezagutzen, niretzat la lengua vasca zen, gurekin zer ikusirik ez zuena.

Zenbat urterekin hasi zinen euskara ikasten?

36 urterekin. Ikastolako gurasoekin talde bat sortu zen. Lehenengo urtean, gutxi gorabehera, hamar pertsona ginen; bigarren urtean, bost; eta hirugarrenean, bi. Beste amak euskara eskolak utziko zituela esan zidanean, beste leku baten bila hasi nintzen. IKAn bi urtez egon nintzen, eta, gero, Nafarroako Gobernuaren ikastaroetan.

Nolakoak ziren euskara eskola horiek?

Nafarroako Gobernuaren ikastaroetan beti nintzen zaharrena eta ezer ez zekiena. Besteek ikasketak zituzten. Adibidez, gramatikan, irakasleak esaten zuen erlatibo esaldiak eginen genituela, eta nik ez nekien zer zen erlatiboa. Adibidez adibide ikasi nuen. Baina ez nengoen eroso ikusita besteek errazago ikasten zutela. Hala ere, hizkuntza eskolan laugarren maila gainditzera iritsi nintzen.

Gero jarraitu zenuen?

1980ko hamarkadan, krisiaren ondorioz, senarra langabezian gelditu zen. Txantrean denda bat hartu genuen. Euskara eskolak utzi behar izan nituen dendan egoteko, baina ez nuen utzi euskara. Ahal nuen neurrian, bai gure semeekin, bai euskaraz zekitenekin, euskaraz mintzatzen nintzen.

Nolakoa izan zen dendako lanen hasiera?

Gurekin jendea oso ongi portatu zen, eta beti portatu da ongi. Senarrak eta biok ahal genuen bezala egin genuen aurrera. Ni beti mostradorean aritzen nintzen, irekiagoa naizelako. Senarra ere aritzen zen batzuetan, baina hark, batez ere, barruko lanak, salerosleekin tratua eta halakoak egiten zituen. Senarra eta emaztea elkarrekin 24 orduz egotea gehiegi zen, baina tira, azkenean ongi atera zen dena. Gerora Oskarrek [semeak] erabaki zuen gurekin batera dendan aritzea.

Jende asko pasako zen dendatik. Nolakoa zen bizimodu hori?

Beti harreman ona izan dut bezeroekin. Senarrari ez zaio gustatzen nirekin paseatzea, auzoan guztiekin gelditzen naizelako hitz egiten. Niretzat aberastasuna da hori. Lan honetan, jendea ezagutzea izan da onena.

Merkataritza txikiaren mehatxuetako bat saltoki handiak dira.

Hemendik gertu merkataritza guneak daude; lau, zehazki. Batzuetan, jendea hara joan, eta bidenabar ogia erosten dute. Normala da. Ogiak ez du hainbeste diru ematen; gehiago ematen dute prentsak eta aldizkariek. Hemendik pixka bat eta handik beste pixka bat salduta, jarraitzeko ematen du. Baina, egia esateko, gaur egun denda ez da bere garaian izan zena. Asko aldatu da.

Zertan ikusi duzu aldaketa?

Erosketetan eta irabazten den diruan. Lehen, hemen bizi zirenak gure dendara etortzen ziren edozer erostera. Liburu denda ere bada, txikia izan arren; denetarik geneukan. Orduan haur asko zeuden auzoan, eta eskolako materiala nire dendan hartzen zuten.

Zenbat lan egin behar da horrelako denda batean?

Asko. Hasi ginenean, egunero irekitzen genuen, baita igandetan ere. Larunbat eta igande arratsaldetan itxita zegoen, baina lan egin behar izaten genuen. Orduan ordu gehiago egiten genituen orain baino; baina kontent ginen, langabezia alde batera utzita. 1985ean hartu genuen denda, eta hurrengo urtean Txantreara etorri ginen bizitzera. Beharrezkoa zen gertu egotea. Leihotik ikusten nuen ea dendan laguntza behar ote zen.

Zer esanen zenuke saltoki txikien alde?

Bistan dago ezberdina dela. Gure dendan sartzen diren ia-ia denak irribarrea ahoan ateratzen dira; orain, semeak bezeroari zerbait esan diolako edo besarkada bat eman diolako. Gertuko tratua da gakoa.

Esan duzu haurrak ikastolara eramatea izan zela euskarari lotzeko lehenbiziko urratsa. Nora jo zenuten?

Hiru ikastola sortu genituen. Lehenik, Paz de Ziganda eta San Fermin ikastoletatik kanpo gelditu ginen gurasook ikastola bat egin genuen: Blanca de Navarra. Donibanen, etxabe batean. Bi urte geroago, Arrotxapean beste ikastola bat egitea pentsatu genuen: auzoa oso handia zen, eta ez zuen ikastolarik. Elkartu ginen, eta Aita Menni klinika dagoen eraikinaren etxabe batean hasi ginen: leiho batetik sartzen ginen, eta senarrak moldatu zuen sarrera. Albaro horretan sartu genuen. Bi urte geroago bi ikastolak elkartu ziren, eta Herri Ikastola sortu zen. Hori handiagoa zen, eta lan asko egin behar izan genituen: kudeaketa, garbiketa... denetarik egin genuen.

Ikastolako haurren gurasoek egiten zenituzten lan horiek?

Bai, hori da, txandaka-txandaka egiten genuen. Urte batzuen buruan batzuk ez zeuden ados ikastolaren kudeaketarekin, eta zatiketa gertatu zen. Hortik Jaso ikastola sortu zen. Gu Herri Ikastolan gelditu ginen, eta, bien bitartean, Udal Ikastola ere sortu zen. Asko Jasora joan ziren, batzuk Udal Ikastolara; beraz, gutxi gelditu ginen Herri Ikastolan. Handien taldean lau gelditu ziren bakarrik, eta gela hori desagertu egin zen. Udal Ikastolara eraman behar izan genuen Oskar. Albaro Herri Ikastolan gelditu zen, gobernuak itxi zigun arte.

Kalean gelditu zineten?

Sanduzelaira bidali gintuzten. Han eskola bat zegoen [G eredukoa], eta, maisuen eraginez, hango gurasoak gure kontra zeuden, euskaldunak heldu zirela-eta. Gogoan dut sartu nintzen egunean halako pasabide bat egin zutela eta irainka hartu gintuztela. Eskola bitan banatu behar izan zuten, baita atsedenaldia ere. Gauza bitxi bat ere gertatu zen: eskola erdaldunera ijitoak joaten ziren, auzo hartan asko bizi zirelako. Gurasoek ez zuten nahi, eta egun batean guregana etorri ziren sinadura eske, ijitoak kanporatzeko. Esan genien ezetz, gu ez ginela arrazistak. Azkenean, erdarazko eredukoek alde egin zuten, eta D eredua bakarrik gelditu zen.

Beti euskararen alde. Orain zertan aritzen zara?

Erretiroa heldu zitzaidanean Sasoia erretiratuen elkartean sartu nintzen, eta, horren bidez, berriz hasi nintzen euskara eskolekin. Astean bitan erretiratuok eskoletara joaten gara. Niretzat bi egun horiek dira hoberenak. Ez dakit zenbat denbora gelditzen zaidan horrela jarraitzeko, baina ahalegina egingo dut ez uzteko, euskarak bizia ematen didalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.