Landare haragijaleak eta Euskal Herri tropikala

Europako Natura 2000 Sareak gune babestutzat ditu Gipuzkoa kostaldeko Jaizkibel mendiko magalak. Baso eta larreez gain, badaude han interes bereziko landare ezezagun samar batzuk. Aldundiko arduradun eta langileak horiek ikustera doaz, koroako bitxiak zaintzea zein lan zaila den erakustera.

Drosera familiako eguzki ihintza landarea, hosto likitsetan harrapaturiko eltxo batekin. Landareon hegoaldeko muga Euskal Herrian dago. JON ZULAIKA.
Edu Lartzanguren.
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako iparraldetik datozenak izugarri harritzen dira honekin», dio Jon Zulaikak. Biologoa da,eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria, landare babestuenkontuetan. Jaizkibelez ari da: «Europako lekurik populatuenen pareko giza dentsitatea dugu hemen, Herbehereetakoa bezalakoa, eta leku basatia da». Azalpenak emanez, aldi berean, Jaizkibelgo mendi bidexka arriskutsuetan gidatzeko gauza da Zulaika. Espazioan eta denboran daramatza bidaiariak, besteak beste, Euskal Herria tropikala zeneko garaira.

Roke Akizu aldundiko Mendi eta Habitat zuzendaria du kopilotu patrolean. «Europako Natura 2000 Sareak babesten du Jaizkibel», azaldu du Akizuk. «Basoa eta larreak dira babesturiko gauzarik begi bistakoenak, baina, baditugu txikiak izan arren gako diren bitxi batzuk».

Bidaiariak ez doaz begiak estalita, baina aldundiko arduradunek argi ohartarazi diete: argazkietan ez dadila agertu non dagoen landarea, beti dagoelako «bildumagile frikiren bat». Iker Luariz Aierdi basozainak gidatzen du beste autoa. Jaizkibel berezi egiten duten landareak eta haien bizilekuak ikustera doaz.

Kresal aspertsoreak

Lehen geldialdia: txilardiak. Noski, Jaizkibelgo txilardiak ez dira txilardi arruntak, eta, horregatik, haiek eta haien bizilekua babesten ditu Natura 2000 Sareak. Aldatzeko bidean diren lurretan hazten da txilarra: basoa bihurtu aurretik, hark hartzen du belardia. Edo, alderantziz, basoa soildu eta belardi bihurtu aitzin. Jaizkibelen ez. Gizakiek bakean utziz gero, txilardiak txilardi iraungo luke hemen. Izan ere, Gipuzkoako txilardi klimatiko bakarra da. Itsasoko bisuts eta kresala jasaten ditu landare horrek. Are gehiago, ezinbestekoak ditu bizirik irauteko.

Jaizkibelen kanpo kaia egiteko egitasmoak bete-betean egiten zien mehatxu txilardiei. Dikeak eginda, itsasoa landareetatik urrunduko lukete eta ezinezkoa izango litzaioke kresala jasotzea. Haatik, Europako arauen arabera, txilardi klimatikoek lehentasuna dute. «Arazoa da hemengo azpiegituren eragin ikerketak kutsatuta daudela, sustatzaileek berek nahi dutenei eskatzen dizkietelako egiteko», dio Zulaikak. Kanpo kaiaren egitasmoan, itsasoko ura hartu eta txilardiakaspertsoreen bidez zipriztintzea proposatzen zuten. «Halako astakeriak ikerketa serioetan irakurri behar ere!».

Beste etsai bat sartu da urteotan txilardian. Lorategietatik-eta hainbat espezie inbaditzaile zabaldu dira, eta arriskuan jarri dute Jaizkibelgo txilarra. Banan-banan, eta kontu handiz, herbizidekin borrokatzen dituzte Aldundiko basozainek. Horrez gain, hemengo hazietatik mintegietan ugaldutako txilarra landatzen ari dira. Datorren urtean 2.000 landare sartzea espero dute.

Pinuak ikusten dira ezker eskuin. Gizakiek sartutakoak dira. Aldundiak, haritzen familiako ametzekin ordezkatu nahi ditu. Jaizkibelgo eta inguruko basoetan nagusi zen ametza garai batean. Horren lekuko, Ameztoi, Ametzaga... toponimo eta abizenak. Hemengo ametzak antzhandiagoa du Azoreetakoarekin, Mediterraneo aldekoaren baino. Natura 2000 Sareak lehentasunezkotzat ditu. Baina lan zaila da, Zulaikaren arabera, ametza zuhaitz «euskaldun petoa» delako: «Ez da ia ugaltzen; oso zaila zaigu hazia lortzea», azaldu du.

Garai tropikalekoak

Talaiako bidean barrena, berriz, lekuz kanpo bainoago, garaiz kanpo daudela diruditen bitxien bila. «Landare hauek ez lukete hemen egon behar, paleotropikalak dira», dio Zulaikak. «Hemen klima tropikala genuen garaikoak dira, eta zulo heze eta epeletan iraun dute bizirik».

Iratzeak dira. Horietako lehena, Thelypteris palustris da. Palustre deiturak adierazten duenez, hezeguneetan hazten da. Hosto luze eta zorrotzeko Cladium mariscus-en artean erakutsi du ale bat Akizuk. Azken hori ere Europa mailako intereseko landarea denez, zingiratxoa zabaltzeko lanean ari da Gipuzkoako Aldundia. Konporta txiki bat jarri dute, ura pilatzeko eta padura handitzeko.

Oreka ez da erraza, halere. Ur askok mesede egiten dio Cladium mariscus-i, baina kalte iratzeari. Europara bidali beharreko hurrengo txostenean, erakutsi beharko dute bi landareon populazioa zabaldu dutela. «Europak luparekin begiratzen du gure lana», dio Zulaikak, «badakielako Espainiak ziria sartzen diola, baina jakin nahi duelako non».

Beste iratzea are ezkutuago dago Jaizkibelen: Baionako katedrala eraikitzeko erabilitako harrobian. Oso populazio txikitan geratzen da Vandenboschia speciosa. Ingalaterrako naturazainek koroaren bitxitzat dute. Leku ilun, epel eta hezetan hazten da. Baina ez ilunegietan. Banbuaren itzalpean arriskuan dago orain. Arrantzarako kanaberak egiteko landatzen zuten banbua, beira zuntza zabaldu aurretik. Kendu nahi dute, baina kontuz ibili behar da: gehiegi soilduz gero, iratzeak argi larregi jasoko luke. Akizuk palatxoa hartu du. Poltsetan ekarritako urtebeteko bi haltz landatu ditu banbu kanaberen artean. Haltzak ez du bihotzik, baina itzal egokia ematen dio iratzeari, eta hazten denean, 5-6 urte barru, banbua moztu egingo dute. «Mikrokudeaketan ari gara hemen», dio Akizuk.

Patrolaren sabela orroka dabil bidexka txarraren harrien kontra. Drosera familiako landare haragijaleak zaintzera doaz. Turberetan hazten dira droserak, leku pobre, hotz, heze eta azidoetan. Europan, hemen daude tokirik hegoaldekoenean. Lurretik elikatzea zaila den lekuotan, intsektuak harrapatu behar. Aldundiko langileek orain dute azken aukera hura nola dagoen ikusteko, laster hosto-tranpak galduko dituelako, negua hurbildu ahala.

Baina beste tranpa bat aurkitu dute bidean. Espainiako Armadako militarrek itxia dute pista. Hogei urte inguruko bi soldaduk pasatzerik ez dagoela diote, praktikak egiten ari direla, tiro eremuan. «Honek izugarri zailtzen du gure lana», dio Zulaikak. Loiolako kuartelera joan behar izaten dute baimena eskatzera. «Eta gero, sarjenturen batekesaten digu hemen: 'Niri ez erakutsi paperik! Praktiketan ari gara, eta ez da inor pasatuko'». Atzerako martxa sartzen du gidariak, magal babestuetatik urruntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.