Erraza da topatzen, baina gaitza janzten. Beltzak jada apaintzen zituen leizeetako hormak, ikatzetik aise lor baitzitekeen pigmentua. Ezin oihaletara eraman, ordea, kolorea berehala desagertzen baitzen. «1520. urtera arte itxaron behar izan zen: Hernan Cortesek tindu egurra topatu zuen Ameriketan, eta, zuhaixka horri esker, kolore beltzak eutsi egiten zion oihalean», Ainhoa Mendiburu Errenteriako (Gipuzkoa) Jantziaren Zentroko komunikazio arduradunak azaldu duenez. Eskuratzeko zaila zen gorria orobat, 35 landare eta sustrai nahastu behar baitziren; eta neketsua zen urdina, urrats mordo batek garestitzen baitzuen prozesua. Kolore baterako, bide bat, edo andana bat —azalpen horietako batzuk eta bederatzi soineko monokromatiko bildu dituzte Jantziaren Zentroko Modakhrome erakusketan, urriaren 29ra arte—.
Tindu sintetikoak sortu baino lehen, koloregai naturalak erabiltzen zituzten arropak tindatzeko, landareetatik, buztinetik, intsektuetatik eta mineraletatik erauzitakoak. Kolore batzuk erraz lortzen ziren —horia, esaterako, modu askotan—, baina konplikatuagoak ere bazeuden; are, arriskutsuak. Berdea aitatu du Mendiburuk: erromatarrek ardotan murgildutako kobrezko plateretatik erdiesten zuten, baina ilunegia zen, eta ezinezkoa izan zen argiagorik edukitzea mende asko igaro arte. 1775ean, Carl Wilhelm Scheele Suediako kimikari batek artsenikotik sortu zuen berde argiago bat, berehala ugaritu zena nobleen jantzietan eta paretetako oihaletan; baina pigmentuarekin batera hedatu zen gaitza, artsenikoa toxikoa baita.
Sintetikoek asko erraztu zuten tindaketa. 1856an sortu zen aurrenekoa, ezustean. Britainiar Inperioaren kolonietan mordoka gaixotzen ziren soldaduak, malariak jota, eta Andeetan baino ezin zitekeen eskuratu kinina, eria artatzeko nahitaezko substantzia. William Henry Perkin kimikari britainiarra kinina sintetiko baten arrastoan zebilen, eta, nahasketetako bat alkoholarekin garbitzen ari zela, jabetu zen kolore malba zuen produktu bat lortu zuela; tindu sintetiko bat, alegia. 18 urte zituen orduko hartan; 21 izaterako, aberatsa zen.
Ekologismoa akuilu
Koloregai sintetikoen bidea urratu zuen gazte hark; handik bi urtera, 1858an, magenta topatu zuten Frantziako bi kimikarik, eta sekulako hauspoa hartu zuen ikerketak. Berehala ugaritu ziren laborategiko koloreak, eta, gaur egun, iturri horiek erabiltzen dira gehien oihalak apaintzeko. Dena den, baliabide naturalak ez dira guztiz baztertu. Izan ere, gaur egungo diseinatzaile batzuek erabiltzen dituzte, sintetikoek larruazalean alergiak eragin ditzaketelako, baina, batez ere, arrazoi ekologikoengatik. Europako Ingurumen Agentziak 2019an argitaratutako txosten baten arabera, «oihalen tindaketak eta akaberak munduko uraren kutsaduraren %20 eragiten du, eta langileen eta tokiko komunitateen osasunean eragiten du».
Telarista Urbana markaren sortzaile Lucia Sanchezentzat, behintzat, aukera jasangarriagoa dira. Eta, era berean, ingurumenarekiko arduragatik erabiltzen ditu WUL markako Flor Veronek. Biak dira argentinarrak, baina Euskal Herrian egiten dute behar: Sanchezek Donostian du lantegia; Veronek, Zaratamon (Bizkaia). «Amona jostuna zen goi mailako joskintzan, eta banaka egindako piezen artean hazi nintzen; material onekin, patxadaz eta maitasunez egindakoak ziren», kontatu du Veronek. Modaren munduan murgildu ahala, baina, industriaren ezaugarri batzuek «zarata» eragiten zioten, hala nola gainprodukzioak, eta beste norabide baterantz jo zuen.
Sanchezek eta Veronek, biek ala biek landareak erabiltzen dituzte euren oihalak apaintzeko: sustraiak, enborren azala, loreak... Veronek azaldu duenez, teknika asko landu izan dituen arren, urteak daramatza estanpazio botanikoan zentratuta, eta horrekin uztartzen ditu tindu naturalak. Estanpazio botanikoan, hostoak grabatzen dira jantzietan, haien kolorea eta detaileak transmititzen dira oihalera. «Lortu nahi dudan diseinuaren eta koloreen arabera aukeratzen ditut landareak. Tindu landareek pigmentu egitura bat dute, eta, segun oihalaren zuntzak nola prestatzen diren, halakoa izango da lortuko duzun kolorea».
Florak aukera oso zabala eskaintzen du, Sanchezen irudiko; bertoko landareekin esperimentatzen du berak. «Mendira irteten naiz, eta bila ibiltzen naiz. Hemen inguruan baditugu intxaurrondoak, haritzak, ereinotza, indaba beltza, indigo landarea, tipula, kurkuma...». Eta bariazioak ere ez dira gutxi: garaiaren arabera, landare beraren pigmentazioa alda daiteke, eta koloreari eragiten diote, orobat, klima, lur eta ur baldintzek, Veronek xehatu duenez. «Nahiz eta landareak katalogatuta eduki, hemendik 50 kilometrora hazitako barietate berak desberdin funtziona dezake. Berriro testatu behar dugu».
Sorpresa faktorea dagoela nabarmendu du; onerako, eta txarrerako. «Tindu sintetikoak erabiltzen dituzunean, zirkulu kromatikoan oinarritzen zara; nahasketa bat egiten duzu, formula jakin bati jarraituta, eta kolorea lortzen duzu». Baina naturalen kasuan, formula berak batzuetan ez du ematen betiko emaitza. «Nahiz eta eredu asko bilduta eduki, azken batean organismo biziekin ari gara lanean, eta beste modu askotara erreakzionatu dezakete».
Esperimentatzeko beta
Oihal bat tindatzeko, ondo-ondo garbitu behar da aurrena, ur beroarekin. Ondoren, finkatzaile bat aplikatu behar zaio. «Mineral gatzekin prestatzen diren soluzioak dira finkatzaileak», azaldu du Veronek. Zuntzaren eta pigmentuaren arteko bitartekariak dira finkatzaileak: lotura kimiko bat eratzen dute, estanpazioak edo tindaketak iraun dezan eta jasan ditzan garbiketak, eguzki argia... Dena den, osagai batzuekin ez da finkatzailerik behar, eta, beraz, tindaketa errazagoa da, Sanchezen berbetan. «Intxaurra inguratzen duen fruitua berdea da hasieran, eta gero belztu egiten da. Hori erabilita, oihala bakarrik tindatzen da. Eta eukaliptoak ere finkatzaile gutxi behar du».
Behin finkatzailea aplikatuta, tindaketari edota estanpazioari ekiten zaio. Tindaketari dagokionez, tinta uretan disolbatzen da, eta han murgiltzen da oihala. Nahasketari kolore modifikatzaile bat ere gehi dakioke: tintaren azidotasuna aldatzen duten substantziak dira, eta, beraz, tonua moldatu dezakete. Horiek horrela, material beretik hainbat kolore lor daitezke. Tipula jarri du adibidetzat Sanchezek: azala erabiltzen da tindatzeko, eta hori argietatik kobrerainoko doazen tonuak eskuratu daitezke; zazpi, guztira. «Burdin sulfatoak ilundu egingo du tipula azalaren kolorea; alunak, argitu; eta azido azetikoak edo limoiak ere kolorea argituko dute, baina gutxiago: erdibideko hori bat lortzen da».
Tindu naturalak ez dira kutsagarriak. Hala, soberakinek ez dute osasun eta ingurumen kalterik eragingo. Baina, gainera, berrerabili litezke, Veronen esanetan. Oihalak tindatu ahala, bainuko nahasteak kolorea galtzen du. «Kolore berriarekin berreskuratu daiteke, gehiago botaz; edo beste pigmentu batekin nahastu, eta kolore berriak sor daitezke». Halaber, papererako pintura gisa erabiltzen ditu hondarrak, edo tindu oso-oso argi bat sortzen du, beste teknikekin aplikatzeko.
Tindu naturalena artisautzaren bidea da, tradizionala, baina hauspo berritua hartzen ari da. «Eztanda bat egon da», Sanchezen irudiko. Ematen dituen ikastaroetan nabaritzen du: batik bat jende gaztea hurbiltzen ari da «naturalagoa den guztira», hala tindu naturaletara eta estanpazio botanikora, nola joskintzara, besteak beste. Baina beti ez dute eskulanak eskatzen duen pazientzia hori, Veronen hitzei erreparatuta. «Nahiz eta prozesuak astiro egiteaz hitz egin, dena berehala jakitera derrigortzen gaituzte sare sozialek. Kurtsoak egin nahi dituzte, baina ez zortzi ordukoak; dena bi orduan ikasi nahi dute, sare sozialetan ikusten dutelako dena 30 segundoan egiten dela». Ez du Internet bidez ikastarorik eman, eta ez du uste inoiz emango duenik. «Nahiago dut gauzak ondo transmititu, eta parte hartzaileei oinarri sendo bat eman, ikasten jarraitu eta esperimentatu ahal izan dezaten».
Landarez osatutako paleta
Tindu sintetikoek arropak eta oihalak koloreztatzeko prozesua erraztu duten arren, gaur egungo diseinatzaile batzuek nahiago dute tindu naturalak erabili, arrazoi ekologikoengatik. Batez ere, landareetatik lortzen dituzte: inguruko baldintzek pigmentua molda dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu