Santi Ussia Barbara. Txupineroa

«Lanean bizi ditut jaiak, baina oso gustura»

AIARALDEA.
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Laudioko jaiei hasiera emango dien suziria botako du Santi Ussia Barbarak (Laudio, Araba, 1962), gaur, 12:00etan. Urte asko daramatza Ussiak herriko festak antolatzen.

Nola erreakzionatu zenuen suziria zuk botako zenuela jakinarazi zizutenean?

Egia esan, sorpresa izugarria izan zen: harridura handiz hartu nuen. Berria eman zidatenean, ez nuen erantzunik eman. Pentsatu, eta hurrengo egunean jakinarazi nien baietz, suziria jaurtiko nuela. Ohartu nintzen ohore handia zela eta baietz esan behar nuela. Gero, herriko batzuek zoriondu egin ninduten kalean. Herriko jendeak ondo hartu zuela ikusi nuenean, izugarrizko poza hartu nuen.

Zergatik uste duzu aukeratu zaituztela?

Nik pentsatzen dut izango dela gure taldeak eta nik urte asko daramatzagulako herrian ekintzak antolatzen. Antolatzaile horien guztien ordezkari aukeratu nautela uste dut, agian ezagunena naizelako. Kuadrillan gauza asko egin ditugu, egiten ditugu, eta egingo ditugu gero ere.

Nola hasi zinen jaiak antolatzen?

Gaztetan, batez ere, 16, 17 edo 18 urterekin, jaien esperoan egoten nintzen, sekulako ilusioarekin. Garai hori pasatu eta gero hasi nintzen inplikatzen jaien antolaketan. Jaiak ondo pasatzeko ziren, baina esfortzua egiten nuen jaiak aurrera ateratzeko.

Nola bizi dituzu jaiak orain?

Jaietan lanean aritzen naiz, eta oso denbora gutxi izaten dut jaiak bizitzeko. Gauza guztiak ondo ateratzen ari direla ziurtatzen egoten naiz; ea etorri behar dutenak etorri diren, ea egin behar dena ondo egin den… Ardurak ditut jaietan: ekintzetarako erosketak egin behar direla; zirkua prestatu behar denean, dena behar den lekuan jarrita dagoela egiaztatu behar dela… Lanean bizi ditut jaiak, baina oso gustura.

Aurten txupineroa izanik, beste modu batean biziko dituzu jaiak?

Zati batean, bai. Adibidez, idazki bat egin behar izan dut jaietako programarako, nire iritzia emateko. Pregoiaren irakurketan ere egon behar dut, eta inoiz ez naiz bertan izan. Txupinazoan bai, beti egon naiz. Baina beti behean, plazan, gora begira, beste gauza batzuen ardurarekin. Seguruenik, jaiei hasiera eman behar diedan egunean [gaur], suziria jaurtitzeko ordua heldu ahala, nerbioek joko naute. Baina, oraingoz, lasai nago. Pozik oso, baina lasai, badakit-eta esan behar dudana ia inork ere ez duela ulertuko, jendea suziriaren zain eta jaiak hasteko irrikan egoten baita. Egia esan, ez da ardura handiegia.

Nola diseinatzen dituzue jaiak?

Uztartze ariketa bat izaten da. Oro har, jaiak antolatzean, aurreko urteetako programari jarraipena emateko joera dago. Baina hori ez da festetako programazioa eratzeko bidea. Ekintza batzuk Laudioko Udaleko Kultura Sailak antolatzen ditu; beste batzuk, ordea, jai batzordeak proposatzen ditu. Proposamenak udal ordezkariengana eramatean, guztia uztartzen saiatzen gara. Batzuetan, desadostasunak egoten dira, baina saiatzen gara ahalik eta emaitza duinena ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.