San Joan suaren antolatzailea

Ana Otegi: «Lanik egin gabe, ez dago herririk, ez eta ezer ere»

Gaintzan San Joan bezperak esangura galdu zuen, baina azken urteetan Otegi lanean ari da berriz garrantzitsua izan dadin. Egun berezia dela dio, eta barru-barrutik bizi duela. Hala bizi izan du bart.

Ana Otegi, aurreko astean, azken entseguari ekin aurretik, Gaintzako plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ana Otegi, aurreko astean, azken entseguari ekin aurretik, Gaintzako plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kerman Garralda
Gaintza
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zetak taldearen hitzek lagunduta, dantzari talde bat Gaintzako (Gipuzkoa) plazara heldu da bart. Hainbat su txiki daude inguruan, eta plazaren erdian prest dago belar lehorrekin egindako meta bat. Horri ere su eman aurretik, Xabi Solanoren Erre zenituzten abestiarekin beste dantza bat egin dute, eta Ana Otegi Aburuzak (Aduna, Gipuzkoa, 1965) San Joan bezperari lotutako ipuin bat kontatu du.

Zergatik da berezia San Joan bezpera?

Oroitzen naiz txikitan sua pizten genuela baserrian; eta ez guk bakarrik, baserri guztietan. Gogoratzen dut nola ikusten ziren suaren argiak eta ke ilarak paisaia osoan. Urtero galdetzen nuen ea zergatik pizten ziren suak, eta aitonak esaten zidan zapoak uxatzeko zela.

Zapoak?

Bitxia zen. Baserriaren inguruan erreka bat badago, baina beherago; putzuak ere sortzen ziren, baina ez dakit nik horrenbesterako zen. Agian, gure etxeko kontua zen, niri zerbait erantzuteko. Zeren gero entzuten nituen aitona-amonak eta gurasoak haien artean ahapeka hitz egiten. Beste garai batzuetako kontuak izaten zituzten, sutan erretako emakumeen istorioak-eta, baina niri ez zizkidaten kontatzen, ez beldurtzeko. Eta San Joan iristen denean, niretzat berezia da beti. Haiekin gogoratzen naiz, eta hunkitu egiten naiz.

Tradizio luzeko festa da, dudarik gabe.

Izatez, festa paganoa da. Gero, urte asko eta asko geroago, kristauek bere egin zuten. Naturarekin oso lotutako festa da: urteko egunik luzeena, gau motzena, urtaro aldaketa... Udaberrian belarrak hazi egiten dira, eta orain da moztu eta biltzeko garaia. Lehen, sua ez zen egurrarekin egiten, belarrarekin baizik. Eta gogoan dut nola gure etxean belarrekin egiten zen erramu moduko bat; San Joan egunean, elizara joan eta bedeinkatu egiten zuen erramua apaizak. Gero, etxean gordetzen zen, eta, behin behiak umea izatean, txekorra jaiotzean, horren ura ematen zitzaion.

Hemen, Gaintzan, zer erabiltzen duzue sua egiteko?

Gauza bat argi nuen, ez nuela nahi inork paperik botatzea. Nahi izanez gero, egin etxean su txiki bat eta erre urteko paper zahar denak, baina nire bistan ez. Nik udaberrian zehar lore sortak egiten ditut. Hemezortzi edo hogei izango ditut, eta jendeari banatzen dizkiot haiek bota ditzaten sutara.

«Ikusten dudana da jendeak igual ez diola ematen nik ematen diodan garrantzia. Batzuentzat, San Joan bezpera festa bat da, eta kito»

Garai batean zuen esangura galtzen ari da San Joan bezpera?

Ikusten dudana da jendeak igual ez diola ematen nik ematen diodan garrantzia. Tira, mundu guztiak ere ezin dio eman halako garrantzia, ezinezkoa da. Baina, batzuentzat, San Joan bezpera festa bat da, eta kito.

Pena ematen dizu galtzeak?

Izugarria.

Gaintzako San Joan bezpera biziberritzeko lan egindakoa zara.

Duela hiruzpalau urte etorri ginen Gaintzara, eta gure lehen San Joan bezperan elkartean egiten den afarira gonbidatu gintuzten. Hasiera-hasieratik urduri nengoen, iruditzen zitzaidalako afaria berandu zela eta ez nekielako nola piztuko zen sua. 21:30, 22:00, 22:30... ni geroz eta urduriago, jada ilunduta, sua piztuko ote genuen ere zalantzan jartzen hasita... Eta, halako batean, 23:00 aldera, bat-batean sartu zen ume bat eta esan zuen sua piztu dela. «Broma izango da, ala?», pentsatu nuen. Korrika batean joan nintzen plazara, eta sua bizi-bizi zegoen. Norbaitek sua eman zion, inolako mimorik gabe. Negargura eta guzti sartu zitzaidan, eta neure buruari esan nion hurrengo urtean ez nintzela Gaintzan geldituko San Joan bezperan. Arizkunera [Nafarroa], Tolosara [Gipuzkoa], Hernanira [Gipuzkoa] edo edonora joango naiz, baina ez naiz hemen geldituko.

Zer egin zenuen azkenean?

Beroaldia pixka bat pasatu zitzaidanean, neronek zerbait antolatu behar nuela pentsatu nuen. Buru-belarri jardun nuen urte osoan, eta San Joan bezpera Gaintzan igarotzeko moduko zerbait prestatu nuen. Hainbat su txiki piztu genituen, eta batetik bestera jauzi eginez, herriko plazan zegoen su handiraino iritsi ginen. Eta, gero, dantza egin genuen suaren inguruan.

Dantza ere, berezia.

Semearen neska lagunari komentatu nion zer egin nahi nuen. Dantzaria da, eta proposatu nion dantza bat sortzea eta guri erakustea. Oso dantza polita asmatu zuen, Neomak taldearen abesti batean oinarrituta. Lorena Ortiz de Zarate da. Pertsona garrantzitsua, dudarik gabe, hura gabe ez genukeelako ezer egingo.

«Niri hirietan bizitzea egiten zait zaila. Hemen, txoriak entzuten dira»

Lan handia al da San Joan sua antolatzea?

Lanik egin gabe, ez dago herririk; ez eta ezer ere. Lana lana da, baina pozik egiten da. Lanaren bidez jendea inguratzen duzu, jendearekin kontaktua daukazu, bizipoza sumatzen da elkarren artean. Lanik egin ezean, hilda geratzen da bat. Argi eta garbi daukat hori, etxean ikasi dudalako, baina gaur egunean ez dut halakorik ikusten.

Zer ekarpen egiten dio San Joan bezperak Gaintzaren gisako herri txiki bati?

Horrela, jendeak gutxienez badaki Gaintza ere badagoela, existitzen dela, hemen gaudela. Gaintzan bizi naizela esaten dudanean, askok uste dute Nafarroan bizi naizela. Aurten, lehenengo aldiz, Periazoka antolatu dugu, eta sekulakoa sortu genuen. Plaza guztia postuz bete zen, eta jende asko etorri zen. Baten bati Gaintza ezagutzeko balioko zion, eta, agian, zerbait piztu zitzaion. Eta, zergatik ez Gaintzara joan bizitzera?

Herri txikietan bizitzea erraza da?

Niri hirietan bizitzea egiten zait zaila. Horrenbesteko zarata eta estresa dago, ez bainaiz ondo moldatzen. Hemen, txoriak entzuten dira. Gainera, ez gaude horren urrun.

LOTSABAKO

San Joan surik bereziena, nongoa?
Arizkungoa [Nafarroa[.

Txarrak, sutara.
Inbidia.
Onak, argitara.


Zerrenda luzea daukat: bakea Gazan, etorkinak, euskara...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.