Lapurdi, izaera elikatuz

36. Lapurtarren Biltzarra egingo dute bihar, Uztaritzen.Jai giroan, lapurtarren kezkak eta aldarrikapenak jasoko dituzte orgen desfilean

Joan den urtean, jende ugarik parte hartu zuen orgen desfilean. BOB EDME.
Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Uztaritze lapurtar guztien bilgune bihurtuko da bihar, 36. Lapurtarren Biltzarra ospatuko baitute.

1979an Bai Euskarari kanpainarekin bat eginda antolatu zuten lehenengo Lapurtarren Biltzarra. Antzinako Lapurdiko Biltzarrei omenaldia egitea zen asmoa, baina modu satiriko batean. Orduz geroztik, Lapurdiko eskualdeetako biztanleek orgak egiten dituzte, beren kezkak eta aldarrikapenak karriketan zabaltzeko. Formula berbera dute hastapenetik: umorearen bidez, herritarren indarra metatzen saiatzen dira.

Bihar, egun osoan izango da zertaz gozatua. 11:00etan izango da eguneko lehenengo ekitaldia: Lapurtarren desfilea. Karroek, urtero bezala, hainbat gai aldarrikatuko dituzte, eta, haiekin batera, erraldoiek ere herriko kaleak zeharkatuko dituzte.

Gero, 11:30ean, Maialen Arzallus eta Odei Barroso bertsolariek, musika eta bertsoa uztartuz, Bertso gitar emanaldia egingo dute. 16:00etan, saio bera ikusteko beste parada bat izango da.

12:30ean, aperitifaren txanda iritsiko da, herriko bi musika talderen eskutik: Mutxikoak txaranga eta Kli-k gaiteroak.

Helduekin batera, haurrek ere izango dute zer ospatua. 15:00etan, haientzat zirku animazioak egingo ditu Oreka konpainiak, eta, gainera, egun guztirako ekintzak antolatu dituzte, jolaserako aukera izan dezaten.

Arratsaldean, dantza ikuskizun bat egingo du Ertza konpainiak. 17:30ean izango da 4x4 izenez deitu duten emanaldia, eta kontzertuak etorriko dira jarraian:18:00etan, Cumbian Bero taldea; 19:15ean, Rockalean; eta, 21:15ean, Frikun. Antolatzaileen arabera, gaua iritsi arren, festak aurrera jarraituko du, «astelehenean lan egiten ez dutenentzat». DJ Xabi oholtzara igoko da 22:15ean, eta, haren ostean, after-a izango da.

Lapurtarren Biltzarra

Gaur, Uztaritzen, egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.