Aurelien Largeau sukaldariaren jatetxeak bildu du lehentze izarra; Miarritzeko Hotel du Palaiseko La Rotonde jatetxeak, hain xuxen ere. Lehen Michelin izarra jaso duen beste jatetxea Guillaume Roget sukaldariaren Ekaitza jatetxea izan da, Ziburun.
Nafarroa Behereak eta Lapurdik duela bi urteko Michelin izar kopuru bera berreskuratu dute: 2022ko Michelin gidan bi probintzietako hamabi jatetxe daude. Iaz galdutako biak, aurten, nolazpait, itzuli egin dira Lapurdirat.
Roget sukaldaria izan zen iaz izarra galdu zuten bietako bat: 2019an Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Brouillarta jatetxean jaso zuen izarra kendu zioten; proiektuz aldatu baitzen. Proiektu hori gauzatu du geroztik: Ziburun ireki baitu Ekaitza jatetxea, zeinean jaso baitu aurten Michelin lehen izar hau. Berezia da jatetxeko kontzeptua: arnoa menuaren arabera hautatzeko ordez, bezeroek hautatu arnoaren araberako menua proposatzen baitie. Gauzak hola, Roget sukaldariak bigarren aldia du izarra jasotzen, baina, bi jatetxeetan.
Aurten, gainera, laugarren aldikoz, Michelin gidak pastizagileak ere saritu nahi izan ditu: Miarritzeko Hotel du Palaiseko Aleksandre Oliver pastizagilea da haietako bat. Hala, Hotel du Palaisek sari bikoitza ukan berri du: Michelin izarra bera, eta Michelin gidak pastizagileei ematen dien "azkenburuko-pasio" hau.