Lapurdiko inauteriei eta neguko ohiturei buruzko ikerlan bat

Etnologia azterlan sakona osatu du Therry Truffautek; irudiak, dokumentuak eta galdeketak bildu ditu

Thierry Truffaut —ezkerrean— eta Jose Mari Velez de Mendizabal. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Thierry Truffautek inork baino hobeto ikertu ditu Lapurdiko inauteri eta neguko ohiturak». Jose Mari Velez de Mendizabal Jose Migel Barandiaran Fundazioko lehendakariaren hitzak dira. Truffautek 33 urte pasatu ditu eskualde horretan herriz herri datu zehatzak jasotzen, eta lanaren emaitza argitaratu dute orain Vers un inventaire des tradition carnavalesques et hivernales de la province du Labourd (Lapurdiko inauteri eta neguko ohituren zerrendatze bati buruz) liburuan, Barandiaran Fundazioaren eskutik.

Truffaut antropologoa da, eta 1978an hasi zen ikerketa mamitsu hori egiten. Hasiera hartan Barandiaranekin lan egiteko «ohorea» izan zuela azaldu du, eta ez zuela inondik ere espero noizbait ikerketa argitaratzerik. «Barandiaranek jendea eta herrialdeko kultura errespetatzearen alde lan egin zuen. Euskal herritarrei nondik datozen erakutsi nahi zien», esan du Truffautek.

Neguko ohitura eta inauteriek historia luzea dute. Hori frogatzen duten dokumentu ugari bilatu ditu Truffautek. Aurkitu duen agiririk zaharrena, esaterako, 1289koa da. Baionako kaleetan egiten ziren idi askatzeak debekatzen ditu dokumentu horrek, egileak azaldu duenez. Maskaradaren debeku bat ere topatu du, 1314 urtekoa. Eta zanpantzarren inguruko beste batekin, 1587koa. «700 urte baino gehiagoko tradizioa dutela frogatzen du horrek», azaldu du Truffauk.

Historia handia izanagatik, ordea, 1960ko eta 1970eko hamarkadan galzorian egon ziren. Landa eremuari lotuta zeuden ospakizunak, eta hiriak eraldatu zirenean jendeak landa balioen inguruko interesa galdu zuen. Truffaut bera izan zen ospakizunak berreskuratzearen alde lan egin zutenetako bat. Ahaleginak ekarri zuen emaitza: «Gaur egun, ia herri guztietan ospatzen dira inauteriak».

Liburua eta DVDak

Etxean bere ordenagailuan hasitako ikerketa handituz joan eta lanak Jose Migel Barandiaran etnologia beka jaso zuen 2005ean. Liburuak datu banku gisa funtzionatzen duela adierazi du egileak berak. Liburuarekin batera dauden hiru DVDek badakarteinformaziorik. Askotariko adarretatik heltzen dio gaiari. Lehendabizikoan, Lapurdiko herribakoitzean egindako monografikoak daude, 40 guztira. Bigarrengoan, inauteriko pertsonaiak, jantziak eta azarotik pazkora bitarteko jaien inguruko egutegia azaltzen da. Eta hirugarrenak, hainbat ospakizunen irudiak jasotzen ditu. 2003tik 2008ra bitartean grabatutakoak dira. «Ez da turismo film bat; bertako giroa azaltzen da irudien bitartez».

Dokumentu eta irudiez gain, galdeketa etnografikoekin osatu du lana antropologoak. Horretarako, aitona-amona ugari elkarrizketatu ditu Truffautek, haien gaztaroko ospakizunen inguruan galdetzeko.

Bilakaera izanagatik, gaur- gaurkoz iraganeko sustraiak ongien mantentzen dituzten inauteriak Uztaritzekoak, Itsasukoak eta Beskoitzekoak direla esan du egileak.

Lapurdiko inauteriek adin guztietako jendearen «elkartze sozial» gisa funtzionatzen dutela pentsatzen du Truffautek. Herrietan zahar zein gazte elkarrekin ibiltzen dira egun horietan, eta hori inauterietan bakarrik gertatzen da, antropologoaren aburuz. Bertara bizitzera joan direnak gizarteratzeko ere balio dutela gaineratu du. «Horregatik funtzionatzen dute inauteriek gaur egun».

Euskarak duen garrantzia ere azpimarratu du antropologoak. «Ikasle euskaldun bat bere esperientzia kontatzen hasi zitzaidan, eta esan zidan egun horietan hizkuntza bakarra euskarak dirudiela».

Urteetan material asko galdu dela aitortu du, baina, aldi berean, ezustekoa hartu du, ospakizunak azkar berreskura daitezkeela ikusi baitu. «Kontzientzia kulturala egonda lortzen da hori. 20 urteko gazte batekin hitz egiten ari nintzela, berak ez zekien inauteriak inoiz galzorian egonzirenik».

Ondare immaterial

Lapurdiko inauteriak Unescok ondare immaterial izendatzea nahi dute, eta hori proposatuko diote erakundeari. Liburua oinarri gisa erabiltzeko asmoa dute, egileak adierazi duenez. Hala, otsailaren 18an, liburua Uztaritzeko Hartzaro jaialdian, liburua emango diete Lapurdiko alkate guztiei, herri bakoitzeko liburutegi edo eskoletan egon dadin.

«Antropologia lan bat da hau, baina militarismo kulturala ere izan da niretzat». Ahozko tradizioa galtzen ari da, eta iraganeko gauzak ulertzeko beharrezko dira lan hauek, haren ustetan. «Etorkizuna indartsuago izateko, jendeak nondik datorren jakin behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.