Turismoa helburua zuen trena paratu zuten Larhun mendiaren magalean duela kasik mende bat. Elektrikaz martxan den trenak, geroztik, jatorrizko piezak ditu. Langileentzat ez da gauza erraza horien atzematea. Gidari hutsak baino gehiago, mekanikariak denak. Adin handiko trena arta handiz zaintzen dute urte guzian zehar, horretarako, lan talde zabala dute: urte guzian ari diren hogei langile. Sasoi betean, 60 izaten dira. Kemen Dagerre mantenu arduradunarentzat "joia" da trena, eta iduri zaio museo batean ari dela lanean. Mixel Larzabal Xomin langileak, berriz, gogoz ezagutzen ditu trenaren sekreturik ñimiñoena ere, postu guzietan ari izan baita berrogei urteotan. Orain, aldaketa franko heldu zaio San Inazio lepoko geltokiari: tren-motorrak eta bagoi guziak eraberritzeaz gain, heldu den urtean burdinbidea ere osoki aldatuko baitute. Errailak Baionako Barland burdinolak fabrikatu zituen 1912an, eta oraindik ere, Sarako tailerrean egin ezin duten mantenimendu lanak burdinola horretan egiten dituzte. Laster ekarriko duten tren-traktorea berritasuna da: ezantzan ibiliko denez, Larhuneko trena bloketatuko balitz arazo elektrikoren batengatik, tren-traktoreak ebakuatuko lituzke bidaiariak. Berez, lan hori bera eginen zukeen tren-ilara bat gehiago eskatu zuten, baina herri mobilizazioek gibelerat igorri zuten, mendia babestu eta turismoa gehiago emendatzen ez uzteko. Bihar izanen dira lekukotasun horiek irakurgai Bizigiro-n
Trenaren mantenimendu lanez gain, Bizigiro sailak bertze gai batzuk ere landu ditu. Batetik, Euskal eSports Txapelketa jokatzen hasi dira Interneteko Twitch plataforman. Euskal Herriko aurreneko lehiaketa digitala izango da hori, eta Ander Cortes arduratuko da esatari lanak egiteaz. Finala hilaren 27an jokatuko dute.
Bertzetik, zinema atalean, Netflixek Black is beltza eskainiko du hurrengo ostiraletik aitzina. Telesailen atalean, Apple TV+ plataformak audioa ardatz duen telesail esperimental bat estreinatuko du: Calls. Ahotsak, uhinak eta koloreak. Calls telesailak ez du besterik behar lehen mailako thriller bat osatzeko. Pandemiaren fruitu da, errodaje jendetsuak ia ezinezko bilakatu diren garaian plazaraturiko proiektu berritzailea aipatuko du Mikel Yarza telesail adituak.
Gastronomia atalean, Kuko jatetxeko sukaldaria den Iker Markinezek errezeta eskainiko du: untxia piperradarekin eta curry ukituarekin. Azkenik, Roberto Sarriugarteren ardoaren txokoan, Viñedos Hontza-ren Too Mahats glou glou motako ardoa ezagutzen ahalko da biharko Bizigiro sailean.