Larry Tesler

Larry Tesler hil da, 'kopiatu eta itsatsi'-ren sortzailea

Apple, Amazon, Yahoo eta Xerox enpresetan aritu zen lanean. Harena da bilatu eta ordezkatu komandoaren ideia ere. 

jarraia177774.jpg
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 20a
16:04
Entzun

Lawrence Larry Tesler hil da (New York, 1945), moztu, kopiatu eta itsatsi funtzioen sortzailea, 74 urterekin. Informatikaren erabilera errazteko eta hura jendearengana hurbiltzeko egin zuen lan Teslerrek, baina aipatutako komandoak sortzeagatik egin zen ezagun. «Zuen eguneroko lana errazagoa da haren ideia iraultzaileei esker», adierazi du sare sozialetan Xerox enpresak; haren ikerketa gunean aritu zen urte luzez lanean Tesler. Informatikako beste hainbat enpresa erraldoitan ere aritu zen: besteak beste, Amazon, Apple eta Yahoo konpainietan.

Xeroxen lanean zela izan zuen ctrl+C eta ctrl+V komandoa sortzeko ideia, ustez testuen zatiak moztu eta beste leku batzuetan jartzeko egunkariek zuten ohitura oinarri hartuta. Silicon Valleyko (AEBak) Konputazioaren Historiaren Museoaren arabera, ideia harekin «trebakuntza informatikoa eta ordenagailuek guztientzat izan behar zutelako ikuskera kontrakulturala batu zituen».

Horren alde egin zuen lan Teslerrek, informatika gizartera hurbiltzearen alde. Izan ere, luzea da Teslerrek informatikari emaniko aurrerapenen zerrenda. Esaterako, hark sortuak dira bilatu eta ordezkatu komandoak ere.

Xeroxetik irten ostean, Stagecast software enpresan, Amazonen, Yahoon eta 23andMe bioteknologia enpresan aritu zen, besteak beste. Aurretik, 1980an, Applen hasi zen lanean, Steve Jobsen aginduetara. Besteak beste, Macintosh eta Lisa ordenagailuak sortzeko prozesuetan egin zuen lan. Horiek izan ziren kopiatu eta itsatsi aukera ezagun egin zutenak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.