Lasaitasunez bidaiatu

Masa turismoari aterabidea atzemateko, turismo mota ona izan daiteke turismo lasaia. Tokikotik eragiteko parada emanez, turismo mota honek presarik gabe bidaiatzea proposatzen du, ingurumena eta tokiko ekonomia zein kultura zainduz.

BERRIA.
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Turista bidaiaria da. Gutienez gaua pasatu behar du bere helmugako tokian. Hala definitzen du WTO Munduko Turismo Erakundeak.Oinarri horretatik hasirik, nazioarteko turismoa plataforma handiek dute kudeatzen, Aurkene Alzua Deustuko Unibertsitateko Turismo graduko irakasleak azaldu bezala. «Expedia, Booking, Skyscanner eta antzeko multinazionalek sare bat osatzen dute. Prezioak adosteko eta kudeatzeko gaitasuna dute». Erran gabe doa merkatuarekin kontaktu zuzenean direnez neurri handi batean kontrolatzen dutela nazioarteko merkatua, Alzuaren hitzetan.

Euskal Herriko masa turismoa ikustean, «masifikazioa bertako komunitateak onartzen duenaz harago joatea litzateke», haren hitzetan. Izan ere, urteetan turismoaren «garapena ez da kontrolatua izan». Alzuaren erranek arduragabekeria ere nabarmendu dute: «Herri gisa turismoa hartzen dugun gaitasuna jada pasatua dugu».

Behatzea bakarrik ez dago hiri turismoa bultzatu dela azken urteetan. «Euskal Autonomia Erkidegoan, turismoaren motorrak eta onurak jasotzen dituztenak hiriak dira». Horrela, turismoaren onuren banatze desorekatua ere deitoratzen du irakasleak, ez dagoelako garbi onura hori nola zabaltzen den lurraldean zehar. Erakarpen poloak hirietan izanik, hiriguneak ere betetzen dira, eta, horiek garestiegiak bihurtzen direnez, jendea barnealdera doa ostatu bila. «Bertako turismoa bultzatzeko interes handirik ez da merkatuan. Jendeak jokatzen du lurraldeak eskaintzen dion prezioen arabera: hirien inguruetan prezioak garestiago daude barnealdean baino», Alzuaren erranetan.

Ondorioz, nola bultzatu beste turismo eredu bat? Turismoa egin daiteke karbono aztarna ahalik eta gehiena murriztuz? Turismo lasaia izan daiteke aterabidea?

Slow turismoa edo turismo lasaia slow food edo janari lasaia mugimendutik datorren praktika da. Izan ere, 1980ko hamarkadan murgilduz gero, Erromako Mc Donald's baten kontrako irekieran parte hartu zuten Carlo Petrinik eta aktibista talde batek. Janari lasaia mugimendua bezalaxe, denbora da turismo lasaiaren oinarrian dagoen funtsezko printzipioa. Hala nola denbora hartuz bidaiatzea. Tokiko ondareaz, tokiko jendearekin harremanetan jartzeaz eta tokiko mozkinak kontsumitzeaz gain, mugitzeko era berri bat ere aldarrikatzen du turismo lasaiak.

Slow Tourisme Lab laborategiaren arabera, turismo lasaiak ekoturismoa, turismo arduratsua, bidezko turismoa, nekazaritza turismoa, turismo komunitarioa eta turismo solidarioa biltzen ditu. Kontzeptuak kontzeptu, Euskal Herrian turismo lasaitik edaten duten turismo motak, anitzetan, ekoturismoa edota nekazaritza turismoa dira nagusiki.

Turismo lasai kontzeptua baino gehiago, Alzuak «karbono aztarna ttipitzea» terminoa hobesten du. Haren ustez, «oso zaila da plataforma handiek bultzaturiko turismo eredua aldatzea; baina tokikotik hasiz, beste turismo eredu anitz bultza daitezke». Funtsean, karbono aztarna ttipitzeak eta turismo lasaiak bat egingo lukete, helburua baitute kontsumo azkarretik eta masa turismoaren azkartasunetik ateratzea», Alzuaren hitzetan.

Landetxeetako datu batzuk

Euskal Herriko landetxeen okupazio datuetan oinarrituz, Zuberoari, Lapurdi barnealdeari zein Nafarroa Behereari doakionez, 2022ko uda biziki jendetsua izan zen. Aurtengo okupazio datuak iazkoen parekoak dira. Agorrileko okupazioek goiti egin dute (%2,83), Gîtes de France erakundeko datuetan. Buruilak ere guti gorabeherazko aurreikuspenak utzi ditu: %9,03ko goititzea okupazioetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei behatuz eta iazko udakoekin alderatuz, Nekatur landa turismo elkartearen datuen arabera, okupazio datuak handiagoak izan dira: %12,4ko igatea Arabako landetxeetan, %11,5ekoa Bizkaikoetan eta Gipuzkoakoetan, berriz, %4,64koa. Nafarroan, aurtengo uztaileko datuei begira jarriz gero, Nekazal Turismoa Nafarroa elkarteak erakutsi du ia hiru landetxetik batek %60 eta %90 arteko okupazioa zutela. Joan den urteko uztailean, aldiz, hiru landetxetik batek %90 eta %100 arteko okupazioa zuten. Oro har, Nafarroan ere uda jendetsua izan da landetxeetan.

Tokikotik eragiteko gakoa

Turismo lasaia Euskal Herrian bultzatuz gero, hainbat aukera dira ingurumenaz zein lekuko mozkinez gozatzeko. Lizolagoiena landetxea izan daiteke turismo eredu berri bat bultzatzeko toki egokia.

Asteasuko (Gipuzkoa) baserri arraberrituan, Olatz Albisu Urmeneta baratzegintzan ari da. Donostiatik Asteasura joan zen bikotearekin bizitzera, baratzegintzan aritzeko eta, ondotik, Lizolagoiena sortzeko: «Gure baserriaren ondoan dago Lizolagoiena, eta, baratzegintzak ez duenez hainbesteko etekinik ematen, diru laguntza bat eduki genuen negozioa dibertsifikatzeko. Horrela berritu genuen goitik behera baserria».

Landetxea kudeatzeko esperientzia laburra dute. Biziki mota desberdinetako bezeroak dituzte: Espainiakoak urte osoan eta Espainiatik kanpokoak udan. Lizolagoienan tokiko mozkinez eginiko gosariak eskaintzen dituzte: «Baratzeaz gain, fruitu zuhaitzak ditugu. Orduan, handik hartzen ditugu arabisagarrak, laranjak edota urtaroari egokituriko fruituak, eta, guretik ez bada, inguruko mozkinak ematen ditugu».

Paotxa otarra proiektuan ere parte hartzen du: «Hasi ginen pentsatzen Donostia inguruan familia batzuk barazki premian zirela, eta talde bat sortu genuen. Gaur egun, 26 familiari astero-astero eta urte guzian prestatzen dizkiegu barazki otarrak».

Lazkao Etxe landetxean ere turismo lasaia egiteko aukera eskaintzen dute. Zaldibian (Gipuzkoa) da Eneko Azurmendiren landetxea. 1994ko urrian hasi ziren turistak joaten arraberrituriko etxalde handira. Aralar parke naturalean da etxaldea: «Ardi batzuk ditugu landetxeko lurrak garbi ditzaten, baratze eder zein aire libreko oilasko hazkuntza ere», erran du Azurmendik. Sei gela bikoitz dituzte, eta hamalau pertsonarendako apartamentu bat. Etxaldeko mozkinekin eginiko bazkari edo afariak proposatzen zituzten duela guti arte: «Badu urte bat ez dugula gehiago hori egiten», haren erranetan. Hala ere, tokiko mozkinekin eginiko gosariez gozatzeko aukera izaten da: «Gosarian, baratzeko tomateak ematen ditugu, bai eta etxeko arrautzekin eginiko bixkotx ederra ere».

Hiriburuetara begira

Nabaritu du jendearekin «lehengo» harremana galtzen ari dela: «Orain, jendeak hiru gauentzat erreserbatzen du; lehen, hamar edo hamabost egun egoten ziren». Ondorioz, bost gaueko erreserbatzea eskatzen dute Lazkao Etxekoek, eta minimo hori mantendu nahi dute. Azurmendi ondorioez ere mintzatu da. Batetik, turistak egonaldi laburragoak nahi ditu, eta, oroz gain, hiriburuetara erakarria da jendea: «Zenbat aldiz ez dugu entzuten: 'Donostiara goaz' edota 'Gasteiz eta Bilbo bisitatzera goaz'». Tokikotik eragiteko nahiarekin agertzen da, hala ere, Azurmendi: «Hemengo txokoak nahi ditugu erakutsi, eta saiatzen gara lehengoak izaten. Nahiz eta ez den erraza, hemengo parke naturalaren nondik norakoak azaltzen saiatzen gara». Turismo lasaia, ingurumenarekiko arduratsua izateaz gain, hezitzailea ere izatea duelako helburu.

Atzerrian ere, beste era bateko turismoa suspertu daiteke. Hori egin du Amaia Castorenek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1988). Uztailean, Kroaziara bidaiatu, eta turismo lasaia bultzatu zuen, «bertakoa kontsumituz, jendearen etxean lo eginez eta garraio publikoa erabiliz», haren erranetan. Hilabete iraun bidaian, garraio publikoa baliatuz mugitu da Castorene: «Autobusez bakarrik mugitu gara. Helmugak horren arabera hautatzen ditut, ez dut batere maite auto bat alokatzea, autobus zerbitzu eraginkorra duten herri eta hirietara joaten naiz, ondorioz».

Bertako jendearekin harremana josteaz gain, Kroaziak masa kontsumoan ez erortzeko aukera onak oparitu dizkio, bertako merkatuetara joanez eta bertako jendea ezagutzeko desafioa hartuz. Erran gabe doa turista izateak karbono aztarna handiagoa eragiten duela. Hori ttipitzeko indar bat behar da egin, errazagoa baita masa kontsumoan erortzea, Castoreneren ustez.

Tokiko mozkinak erabili ditu Castorenek oporretako platerak kozinatzeko, bertako merkatuetan erosiz: «Parean, jende zaharra zen, eta, ondorioz, ingeles maila apala. Polita da harreman hori. Zentzua ematen diozu platerean duzunari, merkatuko andere zaharraren mozkinak kozinatzen dituzularik». Bidaia aberasgarria izateaz gain, «biziki lasaigarria» izan da, eta «herrialdeko distantzien kontzientzia hartzen duzu». Castorenek betidanik bultzatu izan du turismo lasaia, horrela bidaiatzea gustatzen zaiolako, «batailatzeko gogoarekin beti».

Turismo lasaia masa turismotik ateratzeko aukera ona izan edo ez izan, «lekukotik eragiteko» balio duela zehaztu du Alzuak. Haren hitzetan, karbono aztarnaren murrizketa aukera berri bat izan daiteke,lasaitasunak bertakoaren kulturarekiko errespetu handiagoa eskaini bitartean.

Turismo lasaiaren eraginak

Turismo lasaiak ez ditu onurak bakarrik. Jonathan Tardif Montrealgo Unibertsitateko irakasleak argi du, Ekoturismoa eta garapen iraunkorra ikerketan azaldu duenez, turismo lasaiak kalteak ere eragin ditzakeela: batetik, nahiz eta ingurumena zaintzea helburu gisa hartu, turismo lasaiaren garapenak«ingurumenari erakargarritasunaren araberako merkatu balioa ematea» ekar lezake; bestetik, era horretako turismoak eragin soziokulturalak ere ekar ditzake. Hala nola, nazioarteko eskala hartuz gero, «tokiko kulturetan esku hartzea ekarriko luke, kultura batzuk bakandu diren heinean». Larriago, eremu babestuak edo parke naturalak sortzean, «populu edota kultura bakanduen lekualdatzea ere ekarriko luke», haren erranetan. Populu horien errituen merkaturatzearen arriskuaz ere aritzen da Tardif.«Zoologikoaren efektua» aipatzen du, turisten eta tokiko populuenarteko harremanik ezak eragin dezake. Turistek tokiko kulturetako ohituren kontra joateko joera izan dezakete: ehiza ohiturekin edo laborantza eredu tradizionalekin bat egiten ez dutelako.

Eragin ekonomikoak ere badira. Turismo lasaiak tokian tokiko lanpostuak sortzen ditu. Nahiz eta lanpostu horiek sortu, anitzetan, «bigarren mailako lanpostuak» dira. Quebeceko Saguenay parke naturala adibide gisa hartzen du Tardifek. «Goi lanpostuetako langileak parke naturaleko inguruetako hirietatik datoz, bertako langileek sasoiko kontratua eta lan sari minimoa ukaiten duten bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.