Historialaria eta antropologoa

Beatriz Gallego: «Latsarriak galtzea andreen memoria galtzea da»

Gizartea aldatu den modu berean aldatu dira paisaiak. Garbitokiak zaintzeko eta oroitzeko beharra aldarrikatu du Gallegok: «Gure kultura eta arbasoak ulertzeko modu bat dira».

RAUL BOGAJO / FOKU
RAUL BOGAJO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia herri guztietan dago latsarri edo garbitoki bat. Gehienak abandonatuta badaude ere, «memoria leku» gisa babesteko eta zaintzeko gonbita egin du Beatriz Gallego historialari eta antropologoak (Oion, Araba, 1977). Arabako landa giroko latsarrien inguruko hitzaldi bat eman berri du; emakumeenak ziren toki horien bitxikeriak xehatu ditu.

Testuingurua emate aldera, zer garaitan erabili ziren garbitokiak?

Bada, ez dut hasiera data zehatzik aipatuko, betidanik garbitu behar izan baita arropa. Latsarriak bereizitako eraikinak izan aurretik, sakontasun jakin bat eta korronte lasaia zuten erreka bazterretan garbitzen zuten arropa. XIX. mendekoak dira ezagutzen ditugun latsarri gehienak.

Zer emakumek garbitzen zuen arropa latsarri haietan?

Askotariko emakumeak joaten ziren, baina klase kontzeptua ere bazegoen. Han ez zenuen emakume aberatsik aurkituko. Eta han ibiltzen ziren emakumeak bi multzotan sailka zitezkeen: arropa euren etxeetarako garbitzen zutenak, eta ogibide gisa arropa garbitzen zutenak. Bigarren multzo horren barnean, berriz, beste bi zeuden: neskameak —etxeko bestelako lanak ere egiten zituztenak—, eta latsariak —arropa garbitzea bera ofizio zutenak—.

Denek ez zuten lan bera egingo...

Ez, noski. Oso lan gordina zen, eta esfortzu fisiko izugarria eskatzen zuen. Ondorioz, familia batean amona, ama eta alaba bazeuden, arropa amak garbitzea izaten zen ohikoena. Baina horretan familiaren lan kargak ere eragina zuen. Batzuetan, etxean zegoen lan kargaren arabera, amak alabari ematen zion lekukoa.

Idatzi gabeko arauak ere bazeudela aipatu zenuen hitzaldian. Zein, adibidez?

Bada, arropa batek edo izarak zikingune oso ikusgarria bazuen, aurrez etxean garbitzen zuten, edo latsarrira inor egongo ez zen une batean joaten ziren. Hortik dator gaztelaniazko los trapos sucios se lavan en casa atsotitza [trapu zikinak etxean garbitu behar dira]. Eta bada beste atsotitz moduko bat ere. Aipatu moduan, garbitokietan adin guztietako emakumeak biltzen ziren, eta bakoitzak bere adinekoen kontuak izaten zituen. Bada, euren mintzagaia haurrek entzun ez zezaten, adinekoek, umeek inguratzean, «arropa zintzilik dago» esaten zuten, gaia azkar aldatzeko. Gaztelaniaz oraindik erabiltzen dute esamolde hori.

Nolakoa zen giroa garbitokietan? Sarri aipatu izan baita istiluak egoten zirela...

Hori da. Nik horixe bera nuen entzuna, eta ikerketa hasi aurretik horrelako kontuak entzutea espero nuen; baina inola ere ez. Bi pertsona dauden toki guztietan egoten dira gatazkak, baina latsarrien inguruan aurreiritziak besterik ez daude. Noski, liskarrak gertatzen ziren, baina ez tabernetan baino gehiago, eta haiei buruz ez da halakorik esaten.

Emakumeek nola oroitzen dituzte latsarriak?

Baldintzak oso latzak baziren ere, toki harmoniatsu gisa gogoratzen dituzte.

Solasaldian asko nabarmendu zenuenez, arropak etxerako garbitzen bazituzten ere, lanera joaten ziren emakume haiek latsarrira.

Hala da, bai. Izan ere, kontrajarriak diren bi aurreiritzi egon dira leku haien inguruan: ondo pasatzeko eta aisialdirako guneak zirela, eta liskar ugari egoten zirela. Eta bat bera ere ez da egia. Kontua da gizonek aisialdirako tokiak zituztela; frontoia, esate baterako. Hara aisialdira joaten ziren, eta, agian, ofizioa topatzen zuten bertan. Emakumeek, ordea, ez zuten aisialdirako halako lekurik: latsarrietara lanera joaten ziren, eta, agian, ondo pasatzen zuten, baina ez ziren ondo pasatzera joaten. Hor dago ezberdintasuna.

Beraz, garbitokietara soilik emakumeak sar zitezkeen?

Hori da, soilik emakumeak sar zitezkeen toki publiko bakarrenetakoak ziren latsarriak. Komentuak eta lantegi jakin batzuk ere bazeuden, eta elizan ere generoka egoten ziren bereizita, baina gune horietan apaiza edo nagusia gizona izaten zen.

Zer gertatzen zen inguruan emakumerik ez zeukaten gizonekin?

Kasu bakanak dira horiek, beti baitzeukaten emakumeren bat inguruan. Familiak oso handiak izaten ziren, eta norbaitek amarik, emazterik edo alabarik ez bazuen, koinata, iloba edo lehengusinaren bat izango zuen. Eta, horietakoren bat bera ere ez bazeukan, bada, diruz ordain ziezaiokeen latsari bati. Eta dirurik ez bazeukan, bada, truke edo akordio bat egingo zuen bizilagunen batekin.

Ura etxeetara iristeak, garbigailua ipintzeak... Bete-betean eragingo zuen garbitokien erabileran, ezta?

Erabat, bai, baina, egia esan, askok erresistentzia egin zuten, eta latsarriak erabiltzen jarraitu zuten. Izan ere, arropa etxean garbitzen bazuten, bakarrik egon behar izaten zuten, eta zeukaten sozializazio esparru bakarrenetakoa galtzen zuten.

Gaur egun zer egin daiteke espazio horiekin?

Latsarriak galtzea andreen memoria galtzea da. Gure kultura eta arbasoak ulertzeko modu bat dira latsarriak. Beraz, hasteko, zaindu egin beharko genituzke. Orain arte, eraikin modura zaindu ditugu, baina gure ondarearen zati bat bezala zaindu eta babestu behar ditugu. Ez dira erabiliko, baina memoria leku moduan mantendu egin beharko genituzke.

lotsabako

Gustuko latsarri bat?
Zaratekoa, oso handia delako; eta Ermukoa, oso txikia delako.

 

Arropa garbitzeko xaboi usain bat?
Loredun edozein.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA