Lurrikara handi bat, tokiko hauteskundeak, Frantziako presidentearen inbestiduraren kronika eta haren erailketa, elizgizonen kondenak, beharginen aldarrikapenak. Gai horien guztien berri euskaraz eman zuen Le Réveil Basque Paueko (Okzitania) astekariak 1886tik 1894ra bitartean. Euskal kazetaritzaren aitzindaritzat dauka Imanol Murua Uria EHUko irakasle eta ikerlariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1966). Astekariaren ekarpenak xehatu ditu Biba gorriac! lanean (Pamiela, 2025).
Le Réveil Basque helburu propagandistikoarekin sortu zuten. Noiz aldatu zuen izaera?
Bere bilakaera guztian ere helburu horiei eutsi zien. Baina, nahiko hasieratik, kazetaritza informatiboa ere egin zuen, baita euskaraz ere, helburu politikoengatik hain zuzen: bazegoen frantsesez ez zekien multzo bat, eta euskaraz baizik irakurtzen ez zuten haiengana iritsi nahi zuten. Aldizkari jeneralista zen, eta informazio politikoei garrantzi berezia ematen zien.
Izaera jeneralista horrek bereizi egiten du garai hartako beste euskal agerkari batzuetatik?
Badaude beste gutxi batzuk euskarazko edukiak argitaratu izan zituztenak. Baina kazetaritzarik ez, edo kazetaritza gutxi. Le Réveil izan zen lehenengoz euskarazko kazetaritza egin zuena astez aste, maiztasun erregular batekin eta iraupen esanguratsu batekin. Hura sortu eta urtebetera, Eskualduna sortu zuten; Le Réveil-ek iraun zuen zortzi urteetan bide paraleloa eduki zuten: bata aldizkari gorria, bestea aldizkari zuria.
Tarteka ika-mikak ere izan zituzten.
Egundoko gatazkak zeuzkaten beren artean; biek oso kazetaritza ideologikoa egiten zuten, iritzia eta informazioa asko nahasiz, eta, gero, hauteskunde lehiak-eta zetozenean, elkarren arteko borrokak gerra bihurtzen ziren. Gainera, bai bataren eta bai bestearen nagusiak hautagai politikoak ziren, eta elkarren kontra lehiatzen ziren hauteskundeetan, Mauleko barrutian.
Elizako kontuen inguruan izan zituzten gatazka horietako batzuk. Esaterako, Le Réveil-ek pederastia kasu batzuen berri eman zuen. Horretan ere aitzindaria da?
Bai. Harritu nintzen 1888an pederastia kasu batzuei buruzko informazioa euskaraz irakurtzean. Astekariak ez zuen gaia ikertu: Frantziako barnetegietako apaiz batzuk epaitu eta zigortu egin zituzten umeen kontrako sexu abusuengatik, eta Frantziako hedabide ezkertiar batzuek zabaldutako informazioa jaso zuen Le Réveil Basque-k. Aurreneko aldia da euskaraz inork pederastia kasu baten berri ematen duela. Eskualduna-k erantzun egin zion, gezurti deituz.
«Hauteskunde kanpainen segimendu oso xehea egiten zuten. Eta Parisko politikari Euskal Herriko begiekin ere begiratzen zioten»
Sarritan beste periodiko batzuetan publikatutakoa erabiltzen zuten, baina, hala ere, ez ziren itzulpen hutsak izaten, ezta?
Albiste gehienak zeharka jasotzen zituzten, baina landu egiten zituzten. Artikulu haiek estilo propioa eta kazetari sena zuten: oso hizkera argia, zehatza eta bizia erabiltzen zuten.
Le Réveil Basque-n agertu ziren hainbat gai jaso dituzu liburuan: horietako bat, Eiffel dorrearen eraikuntza.
Kuriosoa da: segimendu estu samarra egin zion Eiffel dorrearen eraikuntza prozesuari; ia susmatu egiten zuten Frantziako Errepublikaren sinbolo bihurtuko zela. Nazioarteko erakustazoka handi baten testuinguruan egin zuten dorrea, Frantziako Iraultzaren lehenengo mendeurreneko ospakizunen barruan; eta, noski, hura bezalako astekari errepublikazale batek garrantzi handia eman zion eraikitzen hasi zirenetik. Kazetariak aipatu zuen: «Euskaldunek ere joan beharko dugu Parisera hori ikustera». Eta, halako batean, agertu zen aurreneko aldiz lehen pertsonan idazten, bere begiekin Parisen ikusten ari zena kontatzen. Baina Eiffel dorrea ez zuen aipatu zuzeneko kronika horretan. Nik liburuan konklusioa atera dut: seguru ez zitzaiola gustatu.
Aldizkariak asko landu zuen Frantziako politika. Zer toki eman zien Euskal Herriko kontuei?
Hauteskunde kanpainen segimendu oso xehea egiten zuten. Eta Parisko politikari Euskal Herriko begiekin ere begiratzen zioten. Frantziako lehen ministro bat, Charles Floquet, Donibane Garazin jaioa zen; lehen ministro izan zen hamar hilabeteetan, Le Réveil-ek oso segimendu estua egin zion, euskalduna zelako, eta gorria, gainera. Floqueten diskurtsoak, joan-etorriak eta abar beti agertzen ziren. Horrez gain, astekarian atal bat zuten herriz herriko informazioarekin, baina ia dena frantsesez egiten zuten.
Zera diozu liburuan: Le Réveil Basque gorria zela, baina ez hainbeste. Zelan eman zuen beharginen protesten berri?
Bere burua gorritzat zeukan. Baina gorrien tonuei buruz ere idazten zuen: politikari batzuk gorrixkak ziren, edo gorri-gorriak... Garai hartako terminologian eta aldizkariarenean, errepublikazale laikoak ziren gorriak, ez sozialistak, komunistak eta anarkistak. Errepublikako ordenazaleak ziren. Maiatzaren Lehena iritsi zenean, astekariak arreta jarri zion Parisen izan zen mobilizazioari, baina ikuspuntu kritikoarekin kontatu zuen.
Aldizkariak zortzi urte egin zituen. Zer arrasto utzi du?
Eskualduna-ren itzalean geratu zen. Batetik, Eskualduna-k askoz ondare aberatsagoa eta oparoagoa utzi duelako, askoz gehiago iraun zuen-eta, 1944ra arte. Baina, bestetik, ezkerrekoak izanik, sotanarik gabeko kazetaritza egiten zutelako, Lizardiren esamolde bat erabiltzeagatik. Geroko sotanadun ikerlariek gutxietsi egin zuten. Baina Le Réveil Basque lehenengoa izan zen euskarazko kazetaritza hizkuntza eta terminologia bat asmatzen, batez ere arlo politikoan.
lotsabako
Le Réveil Basque-ko albiste bat?
Charles Floqueten eta Georges Boulangerren arteko duelua. Eta garai hartako teknologia berrien ingurukoak: bizikleta, igogailua...Zeren falta sumatu duzu?
Emakumearen presentziaren falta nabarmena egiten da gaur egungo begietatik begiratuta. Eta, ikerlari bezala, faltan sumatu ditut sinadurak.