Albistegien borrokan ez dago egun garaile argirik 21:00etako ordutegian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gau batean ETB2ko Teleberri2-k irabazten du, beste batean Antena3ko albistegiak, noizean behin Tele5ekoak. Eta ostiral honetan, adibidez, TVE1ekoak irabazi du (%24ko kuota). Guztiak hamarren gutxiren bueltan dabiltza.
Duela gutxi arte, hiru albistegi zebiltzan elkarren lehian gaueko bederatzietan (ETB2, Antena3 eta TVE1). Baina orain beste bi albistegi daude ordutegi berean; azaroaren 7tik Iñaki Gabilondo donostiarrak Cuatron aurkezten duena eta Tele5ekoa (lehen 20:30ean ematen zuten). Azken hamar urteetan, Julio Ibarrak aurkeztutako Teleberri2izan da lider Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%24ko batez bestekoa izan zuen azkeneko denboraldian). Azaroaren 25ean utzi zion Ibarrak ETB2ko Teleberri2 aurkezteari.
Cuatro eta Tele5 lehian sartu ostean, datuei begiratuz gero, lau albistegiren artean ia alderik ez dagoela nabarmendu daiteke: ETB2 eta Antena3ko informatiboek %20,6 dute, Tele5ekoak %20,5 eta TVE1ekoak % 20,1. Adierazgarria da, esan bezala, nola egun batetik bestera aldatu egiten den ikus-entzule kopuru gehien duen albistegia; abenduko hirugarren astean, 11n Tele5ekoa ikusi zen gehien, 12an Antena3koa eta 13an ETB2koa. Hurrengo astean, 20an ETB2k irabazi zuen, 21ean TVE1ek eta 22an Antena3k.Cuatron Iñaki Gabilondok aurkeztutako albistegia, bestalde, nahiko datu eskasak lortzen ari da. Abenduan %4,7ko batez bestekoa baino ez zuen izan. Cuatrok ETB2 eta TVE1i jan dio tartea, Antena3 igo egin baita azken bi hilabeteetan.Beste ordutegi batzuetako albistegiei begiratuta, ETB1en arratsaldeko zortzietan Maddalen Iriartek eta Asier Odriozolak aurkeztutako Gaur egun-ek %4,2ko batez bestekoa izan zuen abenduan. ETB2n, 15:00etan Juan Carlos Etxeberriak gidatutako Teleberri1-ek %23,3ko share-a izan zuen.
Espainian Antena3 izan da liderra 2005ean
Espainiako Estatuan, Matias Pratsek eta J.J. Santosek Antena3 katean aurkeztutako Noticias2 ikusi da gehien 2005. urtean (3.134.000 ikus-entzule eta %25). Urte askotan TVE1 kate publikoaren Telediario2 izan da liderra, baina joan den urtean Lorenzo Milak aurkeztutako informatiboak baino 270.000 ikus-entzule gehiago izan ditu Pratsek aurkeztutakoak. Abenduan, tarte hori handitu egin da eta Antena3ko albistegia %26,5eko batez bestekora iritsi da. Tele5eko gaueko albistegia, berriz, hirugarren lekuan dago, %18,2ko batez bestekoarekin.
Eguerdian ere Antena3 da garaile albistegien borrokan. Susanna Grisok, Roberto Arcek eta Jose Antonio Luquek aurkeztutako Noticias1-ek 2.740.000 ikus-entzule ditu (%22,3). Asteburuan ere Antena3ko albisteak ikusten dira gehien.
Lehia estu-estua dago astegunetan gaueko albistegien artean
ETB2, Antena3 eta Tele5eko albistegiak ikusten dira gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu