Satelite tabernako kideak

Ania Lucero eta Viviana Cavazos: «Leku seguruak babestu behar dira; hemendik at ez dago espresuki queerra den tokirik»

Zazpi urtez egon da zabalik, eta pandemia bat ere izan da tartean, baina Satelite tabernak bihar itxiko ditu ateak. Cavazosen eta Luceroren esanetan, atseden baten ostean, kolektiboak martxan jarraituko du.

Ania Lucero eta Viviana Cavazos. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ania Lucero eta Viviana Cavazos. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Disko bola bat, triziklo bat eta flamenko bat sabaitik zintzilik, barraren atzean bi sirena, txapel mexikar bat eta hamaika argitxo; eta paretan zintzilik komuneko tapa bitxi bat, ispilu bat eta hamaika argazki. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, hobe irudi horrekin aurkeztea Gasteizko Satelite taberna. Espazio horrek eta esandakoa egiteko duten konpromisoak elkartu zituen ia antipodetan jaio ziren bi lagun: Viviana Cavazos (Jalisco, Mexiko, 1988) eta Ania Lucero (Gasteiz, 1993). Gasteizen martxan egon den taberna queer bakarrean aritu dira elkarlanean zazpi urtez, eta bihar izango dute azken eguna. Tabernak ateak itxiko baditu ere, kolektibo moduan beste eremu batzuk hartuko dituztela iragarri dute.

Nola abiatu zenuten queer taberna bat Gasteizen?

CAVAZOS: Ni izatez mexikarra naiz, eta, Mexikon, nahi bai, baina ezin nuen taberna bat zabaldu. Handik Bartzelonara joan nintzen, eta hortik Gasteizera. Eta hemen bai, hemen aukera nuela ikusi nuen. Ez nuen inor ezagutzen, baina baneukan zerbait egiteko gogoa.

Beraz, proiektua ez zenuten elkarrekin hasi.

CAVAZOS: Ez, nik beste batekin zabaldu nuen taberna.

LUCERO: Ni egun batean tabernara sartu nintzen, eta liluratuta geratu nintzen. Pentsatu nuen: «Zerbait egin behar duzu hemen». Eta ekintzak egiten eta diseinuekin laguntzen hasi nintzen.

CAVAZOS: Hori da, konektatu egin genuen. Gauzak esan eta egiten dituzten horietakoa da, eta nik hori behar nuen.

2019an abiatu, eta 2020an pandemia...

CAVAZOS: Bai, baina guk beste inorekin alderatuta positiboago oroitzen dugu. Ez COVID-19 gaitza bera harrapatzea, ezta horrek eragin zuena ere, noski; baina guri beste modu batera eragin zigun. Tabernak ez zeraman denbora asko zabalik, eta bitxia izan zen. Etxetik ateratzeko aukera izan genuenean, hemen elkartzen ginen, eta garai dibertigarritzat daukagu.

Eta horren ostean, nola hartu zaituzte hiriak?

CAVAZOS: Egia esan behar bada, Gasteiz ohiturak oso errotuta dauzkan hiri bat da. Eta, poteoa ez ezik, hori egiteko tokiak ere finkatuta daude. Oso zaila da jendea Aiztogile kaletik ateratzea.

Baina handik irten eta hona etortzen den jendea nolakoa da?

LUCERO: Hona askotariko jendea etortzen da. Eta hori musikaren bitartez lortu dugu.

A bai?

CAVAZOS: Bai! 70eko hamarkadako musikaren oso zaleak gara, disko musikarenak. Eta, horrez gain, Britney Spears, Cher eta Donna Summer asko ipintzen ditugu. Niri ez eskatu kantarik, nik oso ongi pentsatu baitut aurrez zer ipini [barrez].

Paretetan ikusten da aipatzen duzuen giroa.

LUCERO: Mila gauza dauzkagu, bai. Horietako batzuk bezeroek ekarritakoak dira, eta beste batzuk gu bilduz joan garenak: izurdeak dituen komuneko tapa hori, esate baterako. Zazpi urte hauetan gertatutako bizipen asko islatzen dituzte paretetan dauden harribitxiek.

Nola definituko zenukete Satelite?

CAVAZOS: Hau leku seguru bat da; edonor lasai egon daiteke hemen. Eta taberna bat baino gehiago da Satelite. Hamaika ekintza egin ditugu, eta horren adibide dira DJ saioak eta ikastaroak. Hiriko gainontzeko tokietan beti DJ berberak ikusten nituen, eta hau askoren lehen plaza izan da. Hemen probatu, eta asko hemendik kanpo aritzen dira orain.

Eta horma hauetatik at, nola ikusten duzue hiriko LGTBI paisaia?

CAVAZOS: Aipatu moduan, hau toki segurua da, eta jende queerrak horrelako lekuak behar ditu. Queerrak ez direnek gainerako eremuak baitauzkate lasai ibiltzeko. Beraz, ondo dago Satelite bezalako tokiak egotea, baina babestu ere egin behar dira. Zeren hemendik at ez dago espresuki queerra den tokirik.

Nolakoa ari da izaten itxiera prozesua?

LUCERO: Pena da hedabideetan lortu dugun zabalkundea orain izatea, jada itxiera iragarri dugunean. Bestela, oso ondo doa: galdetu Vivianari [barrez].

CAVAZOS: Bai, bai. Nik denbora apur bat neraman honi bueltak ematen, eta gertatuko da. Ez dut ukatuko: atsedena behar dut.

Zer prestatu duzue biharko?

LUCERO: Gure esentzia biltzen duten zenbait ekintza egingo ditugu: pikante lehiaketa, eta tabernan dauden gauzen enkantea ere bai. Dagoeneko batzuk badakite zeren alde egingo duten apustua.

Eta gero, zer?

CAVAZOS: Orain atsedena behar dut, barraren atzean bakarrik aritzeak asko nekatzen du-eta. Eta ez soilik barraren atzean lanean aritzeagatik, ez: taberna bat jabetzan izateak dakarren guztiagatik. Horren ostean, kolektibo moduan itzuliko gara, eta orain arte tabernan egiten genituenak beste leku batzuetan egingo ditugu.

lotsabako

Enkantean zeren alde egingo zenukete apustu?
LUCERO: Izurdeak dituen komuneko taparen alde.

CAVAZOS: «Bizitza ona» dioten bi sirenen alde.

Edari bat?
BIEK: Mitxeladak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA