Udako proposamenak

Leku ttipi batetik, ikusgarri handia

Arratsaldean emanen dute 'Xebastian, mintza hadi!' emanaldiaren azken ikusgarria Armendaritzeko biztanleek. Urteetako lanaren emaitza izanen da.

Arrosako kabalkada, 2023ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
Arrosako kabalkada, 2023ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hau ez da ez pastorala, ez kabalkada. Herri ttipi batetik sortutako proiektu «handia» da: Armendaritzeko ikuskizuna (Nafarroa Beherea). Xebastian, mintza hadi! ikusgarria emanen dute gaur arratsaldean armendariztarrek, bigarren eta azken aldiz —ostegunean eman zuten lehen agerraldia—. Emanaldia 16:30ean izanen da, Armendaritzeko plazan.

Antzerkia, kantua eta dantza, hiru arloak elkartuko dituen ikusgarria izanen da hau, herrian izan den pertsona baten inguruko kontakizuna: Xebastian Ihidoiri omenaldia egiteko ikuskizun bat karrikaratuko dute. David Ondartz taula zuzendariaren arabera, Ihidoi Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) sortu zen, eta Armendaritzera lanera joan. Bertan instalatu, eta, 1989an, Elgarrekin euskal antzerki tropa muntatu zuen. «Antzerkia egiteko zaletasuna zabaldu zuen herrian. Garai hartan sortu tropak antzerki pieza batzuk ematen ditu oraino, Xebastianek sortu txinpartak bizirik dirauen seinale».

1990eko hamarkadan abiatutako bidea omentzeko, beraz, Ihidoi ezagutu zutenengana joan da Ondartz. Familiako lekukotzak bildu ditu, eta antzerki tropa osatu zuten lehen kideekin ere egon da. Fikziozko antzerki piezak idazteko usaia badu ere, egiazko pertsona bat omentzea erronka handia izan da Ondartzentzat, kontatu duenez. «Zaila da erran beharrekoaren eta erran behar ez denaren arteko muga atzematea protagonista egiazko pertsona bat delarik. Xebastian ez nuen ezagutu, baina ni ari naiz hari buruz idazten».

Batzen duen proiektua

Horrez gain, dantza ere izanen da. 63 heldu. Hogei haur. Hamazazpi dantza sorkuntza. Eta 630 oren errepika. Horiekin batera, sei musikari izanen dituzte ondoan. Audrey Poxelu eta Marie Lataillade dantza taldeko arduradunek esplikatu dute kasik dantza guztiak ez zirela dantza tradizionalak, baina sorkuntzak. Usaian egiten zituzten dantzetatik abiatu —Lantzeko zortzikoa, fandangoa eta mutxikoak, adibidez—, eta moldaketak egin dituzte. Errepikak 2023ko maiatzean hasi zituzten, eta, orduan, urrats «klasikoak» berrikusi zituztela esplikatu dute, denak ber heinetik abiatu ahal izateko. Ondotik, iazko irailetik goiti, sorkuntzak ikasten hasi ziren.

Ihidoiren historia kontatzeko ez ezik, herria elkartzeko helburuz ere egin dituzte errepikak. «Errepika orokorrak bikainak dira. Goizean elkartu, eta eguerdian elkarrekin bazkaltzen dugu: horrek sekulako indarra ematen digu, gure buru xokoetan helburua baita biztanleak elkartzea». Orotarat, bost errepika orokor egin dituzte, ohi baino gehiago, Ondartzen erranetan.

Emanaldiaren ondotik, dantzaldia izanen da Begi Beltzekin. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da bertan.

Sarrerak eskuragarri dira Donapaleuko Joker dendan (Nafarroa Beherea), Armendaritzeko Atherbean, Irisarriko (Nafarroa Beherea) Baigura botikan, Donibane Garaziko Paris salmenta gunean, eta HelloAsso plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.