Lekuko platerak barnealdeko mutur finentzat

Mutturfin janari kamioia ireki zuen 2019an Guilhem Marrimpoey sukaldariak. Ipar Euskal Herri barnealdeko bortz herritako biztanleei hanburgesak eta asteko platerak eskaintzen dizkie. Bere «ametsa» bete duela adierazi du.

Mutturfin janari kamioiko Jeremy Courtin eta Guilhem Marrimpoey, Donamartirin, apirilaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
Mutturfin janari kamioiko Jeremy Courtin eta Guilhem Marrimpoey, Donamartirin, apirilaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Donamartiri
2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ttipidanik hetsia ikusi duen Donamartiriko (Nafarroa Beherea) minigolfean instalatu du bere sukaldea Guilhem Marrimpoey sukaldariak. Arbolaz eta zelai berdez beteriko eremu batean, lehen golfean aritzeko makilak eta pilotak biltegiratzeko lokala Mutturfin janari kamioia edo food truck-a hanburgesez eta platerez hornitzeko sukaldea dago gaur egun. Lursagar poltsak, hanburgesa ogiak eta belarrezko saltsa zuria poltsa handi batzuetan ikus daitezke. Plater gaziez gain, azukrea eta gozoa ageri da sukaldean. Urte guzian kozinatzen duten txokolatezko moelleux-ak arrakasta handia duen heinean, labetik txokolate eta gurin usaina dario.

Hanburgesak eta plater gaziak jaun eta jabe dira Mutturfin kamioi ibiltariak proposatzen dituenen artean, baina azukrea nahi duenak ere bere lekua atzeman dezake janari kamioia pasatzen eta gelditzen den barnealdeko lau herrietan. Asteartetik ortziralera, neguan eta udan, Donamartirin, Izturitzen (Nafarroa Beherea), Donapaleun (Nafarroa Beherea), Ortzaizen (Nafarroa Beherea) eta Hazparnen (Lapurdi) janaria prestatzen dutela erran du Marrimpoeyek.

«Herriko burgerra» eta amuarrain keztuarekin egin bagela, biak lursagar erreekin egiten dituzte urte guzian. Sukaldariaren arabera, mozkin guziak lekukoak dira, Nafarroa Behereko produktuekin landuak. «Gasna Donazaharrekoa da, haragia Mauleko Axuria kooperatibakoa, amuarraina Baigorrikoa eta ogiak Irisarrikoak». Bagelean edo burgerrean sartzen dituen saltsak etxekoak dira, eta minigolfeko sukaldean landuak dira denak, Marrimpoeyen hitzetan. Nahiz elikatzen dituzten mutur finek herriko burgerra kontsumitzen duten gehienik, asteko plater bat prestatzen dute. «Lasagnak, tandori oilaskoa eta untxia egin izan ditugu. Aldatuz joaten gara, guretzat berritasunak lantzeko eta, azken finean, geroz eta kalitate handiagoko platerak egiteko».

«Sasoiaren arabera, gure desertetan saiatzen gara lekuko fruituak lantzen eta proposatzen; gure plateretan ere sasoiko mozkinak lantzen ditugu»GUILHEM MARRIMPOEYSukaldaria

«Kalitatea eta prezio ona» helburutzat hartu ditu Marrimpoeyek janari kamioia garatu ahal izateko eta jendeari «ahalik eta prezio duinenean» kalitatezko janaria prestatzeko. Ipar Euskal Herri barnealdeko herrietan eta barnealdeko mozkinekin landu platerak zabaltzen dituzte negua ala uda izan. Sukaldariak zehaztu duenez, asteko platerak aldatuz doaz sasoien arabera, deserten ber maneran. «Sasoiaren arabera, gure desertetan saiatzen gara lekuko fruituak lantzen eta proposatzen; gure plateretan ere sasoiko mozkinak lantzen ditugu».

Prozesu parte hartzailea

Minigolfeko sukaldea 2019an alokatzen hasi zen Marrimpoey, bakar-bakarrik, herrien itzulia egiteko kamioia erosi berri zuelarik. Laguntza anitz ukan zuela zehaztu du, eta Mutturfin ibilarazteko sare sozialetan zabaldu galdeketa bateko erantzunak erabili ditu. «Hasi nintzelarik kamioi ibiltariarekin, nahi nuen jakin jendeak zer nahi zuen jan, eta zazpiehun erantzunen artean, hanburgesa nahi zutela atera zen gehien-gehienik». Garaian, Marrimpoeyek hanburgesa «gaizki jatearekin» lotzen zuen, baina fite ohartu zen kalitatezko mozkinak baldin baziren hanburgesen osagaiak, plater osasuntsua edota kalitatezkoa izan zitekeela.

Galdetegiko erantzunak ukan ondotik, Donamartirin egin zuen lehen zerbitzua. Espero zituen 30 pertsona «guziz» gainditu eta 65 pertsonarentzat janaria prestatu zuela kontatu du Marrimpoeyek. «Gainezka» zegoela, 2020an bere lagunetarik bat, Jeremy Courtin, kontratatu zuen eskaera geroz eta handiagoari erantzuteko. «Ametsa» bete duela aditzera eman du Marrimpoeyek, herrian hetsia zegoen leku bat «piztu» duelako eta «kalitatezko» sukaldaritza jendea dagoen lekura eramaten lortu duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.