Gerizpean

Lerra kirolak, euskaraz

Glisseguna antolatu du Seaskak Angelun; kirol erakustaldiak eta haurrentzako jolasak izango dira gaur

Adrian Garcia.
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Glissegunaren egun handia ospatuko dute gaur Angelun, Barrako hondartzan. Adin guztientzako aproposak diren ekitaldiak antolatu dituzte. Haurrentzako jolasez gain, hainbat erakustaldi ere izango dira. Ingurumenari buruzko tailer pedagogikoak ere izango dira.

Seaskaren eta Angeluko eta Miarritzeko ikastolen proiektu bat da Glisseguna, eta urtetik urtera gero eta parte hartzaile gehiago ditu. Helburua lerra kirolak euskaraz bizitzeko aukera ematea da.

Surfean, skatean eta Yosekan Budo kirolean lehen urratsak egiteko aukera emango dute gaur. Horrez gain, hockeyko, Hawaiiko piraguen, itsasoko kayak ontzien eta parkur kirolaren erakustaldiak ikusi ahal izango dira.

Halaber, DJ Xanoren eskutik, hainbat ikuskizun egongo dira. Gaztetxoenek ere izango dute jolasteko aukera. Atsedengunean, haurrentzako jokoak antolatuko dituzte. Besteak beste, txirrista erraldoi bat jarriko dute.

Lehen aldiz, itsasoko zaintzaileen salbamendu lehiaketa bat antolatu dute. Horrez gain, bigarren eskuko lerra materialen merkatua izango da goizean, 14:00ak arte. Jatekoa ere ez da faltako. Talo eta xingarraz gain, patata ttattola eta mendazko tea hartu ahal izango dira.

Hurrengo asteburuan, hilaren 22an eta 23an, surf lehiaketa jokatuko dute Glissegunaren harira. Angelun bertan egingo dute txapelketa, Zaldunen hondartzan. Surfaren munduan euskara erabiltzea posible dela erakutsi nahi dute lehiaketaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.