Udako seriea. Literatur ibilbideak (V)

Lexantzümendi, larre ugariz limurtua

Ezpeldoipe etxearen aitzinean oroitarri bat dago. Erdi Aroko gertaera baten lekukoa da. Etxebarre herrian hasi eta Ezpeldoira iristeko asmoz, Lexantzümendira igo eta ingurubira dotorea osatuko du ibiltariak.

Lexantzümendi gaina, Ezpeldoiko auzotik ikusita. JOSEAN GIL-GARCIA
Lexantzümendi gaina, Ezpeldoiko auzotik ikusita. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Etxebarre
2025eko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Literatur testu zaharren artean, zubereraz idatzitako Bereterretxen kantorea guregana iritsi da belaunaldiz belaunaldi. Arbasoak sutondoan kontu-kontari ibiliko ziren behiala, hitz isilak amultsuki xuxurlatuz. Andozeko ibarreko gertaera lazgarria ezin baitzen inola ere ahantzi. Pier-Pol Bertzaizek holaxe ekarri zuen 2005ean Atherei herrian (Zuberoa) Bereterretx pastoralaren agerraldiko azken kantorean: «Harpe zilo barnetan, iraztorra berdeetan, arroka isiletan, erreka gordeetan, irrintzi bat jaikitzen da gauaren erdian Andozeko ibarrean».

Literatur ibilbideak. Lezantzumendi

Mauleko Salaberri idazleak Chants populaires du Pays Basque liburuan (1870) Bereterretxen kanta lehenengo aldiz jaso zuen. Bertsio osoa argitaratu zuen, baina, hainbat ikerlariren iritziz, oso litekeena da ahozko tradizioak lehenagotik ekarria izatea. XV. mendean erailketa jazo eta berehala sortutako kanta mitiko bat izango zen, beraz. Gerora, testu epikoa makina bat artistak moldatu dute, Mikel Laboak, Pier-Paul Berzaitzek eta Kalakan taldeak, besteak beste. Kantaren hamabost ahapaldiak Erdi Aroan Euskal Herriko Ahaide Nagusien arteko liskarren erakusgarri dira.

Zuberoako kanta ezagunean dramatismoa eta poetikotasuna uztartzen dira modu eredugarrian. Legendaren arabera, Leringo (Nafarroa) konde Luis Beaumontekoak hil zuen Larraineko (Zuberoa) Bereterretx gazte agaramontarra Ezpeldoipeko etxearen aurrean. Hilketaren arrazoiak argitze aldera, hipotesi batzuk erabili dituzte adituek. Alde batetik, arrazoi politikoa egon liteke gertaeraren gibelean. Alta, beaumontarrak eta agaramontarrak liskarretan zeuden garai horretan. Bestetik, maitasun ezinezkoa garatzen da kontakizunean zehar. Nonbait, Leringo kondeak eta Bereterretxek emakume bera maite zuten, Etxebarreko (Zuberoa) Ezpeldoi etxeko Margarita, alegia. Sekretupean ezkondu ondoren, Leringoak Bereterretx bera harrapatu eta Margaritaren etxearen aurrean erail zuen.

BERETERRETX
Orientazio mahai bat jarri dute Lexantzümendi tontorrean. JOSEAN GIL-GARCIA

Azpimarratzekoak dira testuan logikoak ez diren irudiak ere. Lehenengo ahapaldia, esaterako, konparazio deigarri batekin hasten da, eta haltza (Alnus glutinosa) lehen lerrora ekartzen du. Anjel Lertxundi ere zuhaitz horretaz baliatzen da Haltzaren muinoa eleberriko kontakizuna hezurmamitzeko. «Zuhaitz apala izaki», dio idazleak, «nekez amets dezake munduan barrena ibiltzea, jaiotako tokia abandonatzea, ezta toki berriak ezagutzea ere». Zuberoako kantorean, aitzitik, haltza hautatzen da bihotzik edo muinik ez duelakoan, gaztanberak hezurrik ez duen bezalaxe. Hori guztia, Ezpeldoiko krimena gauzatuko duenaren jaidura beltza agerian uztearen kariaz. Ama Marisantza Bosmendietako gainetik zoli eta zalu abiatuko da trajeria geldiarazteko. Nekez, ordea. Mendian behera etorriko da bi belaunetan arrastaka, Lakarratik Maulerainoko bazterrak nahasiz. Baina semea daborduko hilik dago. Margaritak bekoz beko du maitalea, odol lumak elurrean isurtzen direlarik. Odola esku beteka biltzen arituko da emakume arranguratua.

Lexantzümendi gaina

Etxebarre herrian abiatuta, ibilian-ibilian hasiko da txangolaria. Goihenetxeko bideari jaramon eginda emango dio hasiera ibilbideari. Muino batean gailenduta ikusiko du herriko tenplua, eta, haren ondoan, herriko etxea eta pilotalekua. Inguru horretan, hain zuzen, Aizagerreko bidea atzemango du Etxebarretik irten aurretik. Kale xume horrexetatik abiatuko da, ipar-ekialderantz. Lexantzü herrira (Zuberoa) doan behialako bidea hartuta, beraz, txorien txorrotxioak adituko ditu naba ederra ezkerraldean daramalarik. Harrobiko bideari segika, urratsak egingo ditu Etxebarmendi eta Lexantzümendi gainek limurtuta. Aranenbordara iritsiko da ziztuan.

Haritzak, lizarrak eta elorri zuriak gogaide, Etxebarreko errepidera jaitsiko da bizkor. Üthürrotxerreka gurutzatu eta ezkerrera egingo du bide asfaltatuari men egiteko. Arrola bidea alde batera utziko du aurrerago, eta errepide nagusiari men egingo dio, tinko-tinko. Lexantzüra iristeko gutxi falta delarik, Athereiko bidea hautatuko du herrigunean baratxe-baratxe sartzeko.

Herriko bazterrak bisitatu ondoren, errepide beretik itzultzen hasiko da. Metro batzuk aski dira ur biltegira igotzen den bidexkari jarraitzeko. Basoaren atarian, Tipileko bidea laga eta eskuinetik segituko du, maldan gora. Gaztainondo sendo batzuek batzarri egingo diote txangolariari. Desnibela hartzen hasita, Ühaitza ibaiaz bestaldean Ahargoko mendebaldeko ertz luzea ikusiko du, erpin karstiko baten antzera ederki gailenduta. Eta haren hegalean, ibaiak sorrarazten duen meharguneak atentzioa emango dio: paisaia amiragarria baita, zinez!

BERETERRETX
Bereterretxen omenezko hilarria Ezpeldoiko bidegurutzean dago. JOSEAN GIL-GARCIA

Azken urki eta haritzak atzean utzi berritan, paisaia karstikoan barrena jarraituko du, mazelan gaindi kurritzen den xenda bihurgunetsua besalagun. Sokarroz edo latsunarriz eginik den gune bat izaki, tentu handiz egingo du igoera; izan ere, menderen mendetan bazterrak oro zulatu dituzte ur emariek, paisaia harrigarria bezain liluragarria sorraraziz. Igoera zazpi pausotan egin badaiteke ere, bisitaria begirada zolituaz baliatuko da eremu amiragarria zeharkatzeko. Beraz, txori luma balitz bezala hartuko du oinezkoak igoera, leun eta bigun. Alta, gogo-bihotzetan pizturiko liluraz blaituta geratuko da.

Lexantzümendiko tinia ederra bezain egokia da, besteak beste, Ühaitza eta Elgebarrena ibaien eta Ahargo eta Etxebarmendiren arteko haitzarteaz gozatzeko. Izan ere, Lexantzüko sabaia zapaltzea baino akaso interesgarriagoa da gailurrera doan bideaz gozatzea. Bestela esanda, paisaiak, soinuak, koloreak eta usainak dastatzeak berebiziko garrantzia izango du. Ganzabal mendi taldeak jarritako postontzia ikusiko du goiko kaskoan, tinia koroatzen duten hurritzen babesean. Zuhaixken artetik jarraituko du pitin bat gehiago, ertz-ertzetik. Galeriatik irtendakoan, ordea, ezusteko galanta hartuko du tanpez: egunaren xarma solasaldirako aproposa baita, bidaiariaren gogoa hodei dilindarien moldean urrundu egingo da, tontorraz harago, begirada zolitua gidari. Mazelako belazeak zabal-zabal bistaratuko zaizkio orduan, eta, ez bat eta ez bi, ohantze bat marraztuko dute belardiok naba luzean barrena. Sudou, Izarbe, Lakhura, Otsogorrigaña eta makina bat mendi malkartsu goititzen dira Pirinio hurbilean, anfiteatro galanta Zuberoako bazterrak joranez aditzeko.

Ezpeldoiko oroitarria

Athereirako jaitsiera kitzikagarria egingo du supituan. Larrean gaindi, hegoaldeko mazela urratzen hasiko da. Tapiza eguzkiaren goxotan, txangolariari gorazarre egingo diote belar punta finek. Baina zalea urrats arinka abiatuko da maldan behera, xendra apetatsuari kasu eginik. Lexantzüko bidea topatuko du ibiltariak behin aldatsa amaituta. Eskuinera egin, eta Athereira helduko da. Elizako plazan zuzen segituko du, eta Ezpeldoiko bidean aurrera egingo. Errepide estuak Lomendiko magalean zehar gidatuko du, eta, sigi-sagatsu, Lomendi baserriaren parera helduko da. Bidebanatze horretan, eskuinera hartuko du. Iratxeta baserriaren paretik igaro, eta berehala Ezpeldoira iritsiko da.

Ezpeldoiko bide sardan, Ezpeldoipea etxearen eretzean behiala eramango duen harri sonatua agertuko zaio. Azpioinarri baten gainean ikusiko du behialako altxorra, bidegurutzearen jagole gisa. Ezkerrera hartuko du han, eta Alkornoko bidetik metro batzuk egingo ditu. Bihurgunera iritsi gabe maldan behera abiatzen den xenda bat ikusiko du. Handik jarraituko du, tipi-tapa, Elgebarreneko ur emariarekin bat egiteko. Ibarreko zubia gurutzatu ostean, ezker-eskuin egin eta Etxebarrerako bideari oratuko zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.