'El centelleo' liburuaren idazlea

Andrea Santiago: «Liburu hau emakume horiek guztiak omentzeko modua da»

Batez ere musikan aritu bada ere, bere lehen liburua argitaratu du Santiagok. ‘El centelleo’ idaztea lagungarria izan da artistarentzat: «Etengabeko ezinegona zen berriro idaztea».

Andrea Santiago abeslaria argitaratu duen 'El centelleo' liburuarekin Iruñean, uztailaren 30ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Andrea Santiago abeslaria Iruñean, uztailaren 30ean, ondoan berriki argitaratu duen 'El centelleo' liburua duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñea
2025eko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andrea Santiago musikariak (Iruñea, 1993) Katakrak bisitatzen du maiz. Bertan antolatzen diren hitzaldi eta ekitaldiak gustuko ditu, bereziki literaturarekin zerikusia dutenak. Madrilen eta Kordoban (Espainia) bizi izan da, eta, han ikusitakoak ikusita, uste du gutxietsi egiten dela Iruñeak duen bizitasun artistikoa eta kulturala. Bi disko atera ditu: Prenderle fuego a todo, 2022an, eta Éxodo, 2024an. Aurten, ordea, alor artistikoa aldatu du, eta literaturan murgildu da. Bere lehenengo liburua argitaratu du: El centelleo (Plasson & Bartleboom, 2025).

Nondik sortu zen liburuaren ideia?

Nire familiako emakumeak inspirazioa izan dira niretzat. Nire amak bederatzi anai-arreba ditu, eta haren ahizpek istorio dibertigarriak kontatu izan dizkidate. Batez ere batek, nik disidentea deitzen diodan horrek. Garaiko arau guztien aurka egin zuen: ezkongabea, bakarrik bizi zen eta artista zen. Hark kontatzen zizkidan istorioak entzunda, sentimendu moduko bat piztu zitzaidan, idazteko gura. Bizitzari buruzko galdera asko planteatu dizkit izebak. Liburu hau emakume horiek guztiak omentzeko modua da.

Badago liburuan erreferentzia zuzenen bat emakume horiei?

Bai. Pasarte batzuk errealitatetik ateratakoak dira eta pertsonaia batzuk ere bai. Bito izeba nire izebetako bat da, argi eta garbi. Beste pertsonaia bat, Marie, beste bi izebaren arteko nahaste bat da. Biak hil ziren jada, baina zoragarriak ziren; bat 100 urte zituela hil zen, eta bestea pixka bat gazteagoa zenean.

Zein da eleberriarekin zabaldu nahi duzun mezu nagusia?

Oraindik ez dut argi. Niretzat idaztea esplorazio ariketa bat da, eta oraindik ez diot aurre egin argitaratutako liburuari. Beraz, ez dakit mezu argi bat dagoen edo mezu txiki asko, edo, besterik gabe, galdera sorta bat planteatu dudan. Zahartzaroari omenaldia egiteko modu bat ere bada, omenaldia emakume helduei, zeresan oso interesgarria dutelako, agian gehiengoak baino interesgarriagoa. Aldi berean, nazka ematen diguten eta erakartzen gaituzten gauzen konplexutasuna aztertu nahi nuen.

Noiz hasi zinen idazten?

Gogoan dut 6 edo 7 urte nituelarik Sirenatxoaren ipuin bat idatzi nuela eskolako lagun minenarekin. Irakasleari eraman genion, eta inoiz ez zuen irakurri, baina oso harro geunden. Izan ere, guk marraztutakoa, margotutakoa eta idatzitakoa zen. Geroztik etengabeko gauza bat izan da nire bizitzan, barrutik ateratzen zitzaidana kontatzeko.

Nola hasi zen zure ibilbidea idazketan?

Ikus-entzuneko ikasketak bukatu nituenean Antonio Gala fundazioko beka bat eman zidaten, eta Kordobako erresidentzia artistikora joan nintzen, nazioarteko beste hamar bekadunekin batera. Bertan edozein proiektu artistiko garatu ahal genuen. Nik kontaketa motzak idatzi ditut betidanik, eta beti amestu izan dut nobela bat idaztea; beraz, nire proiektu artistikoa hori izatea erabaki nuen. Han sortu zen liburu honen hazia.

Musikan aritzen zara batez ere. Txikitatik duzu pasio hori?

Bai. 12 urte nituela gitarra eskolak jasotzen hasi ginen ikastolan. Ni oso txarra nintzen, eta, egun batean, zera esan zion irakasleak nire amari: «Oso gitarrista traketsa da». Gurasoen laguna zen musikari bati gitarra eskatu nion etxean ikasteko. Musikari horrek eskua erre zuen istripu batean, eta, ezin zuenez gehiago jo, gitarra oparitu zidan. Gaur egun erabiltzen dudan gitarra bera da; asko maite dut.

Nola bateratu dituzu idazketa eta musika?

Paraleloak izan dira beti, baina beti gailendu da bat edo bestea, garaiaren arabera. Orain biak batera aurrera eramaten saiatzen ari naiz, baina ez dakit arrakasta izango dudan.

Musika gailendu da batez ere?

Azken boladan, bai. Musika proiektuan hasi nintzenean, idazketatik urrundu nintzen. Mundu musikalak asko eskatzen du; ez da bakarrik abestiak konposatzea, talde bat behar da kontzertuak aurrera eramateko, eta sare sozialetan edukiak etengabe sortzen aritu beharra dago. Asko xurgatu ninduen mundu horrek, eta idazketa alde batera utzi nuen.

Zergatik erabaki duzu idazketara itzultzea?

Etengabeko ezinegona zen berriro idaztea. Funtsean, esplorazio erreminta bat da niretzat, munduan egoteko modu bat. Deseroso nengoen idatzi gabe, askotan idazteak gertatzen zaidana ulertzen laguntzen didalako.

Nola ikusten duzu zeure burua: musikari gisa ala idazle gisa?

Nire inguruan asko entzuten dut «bihotzez musikari» kontzeptua, baina neure burua ez dut hala ikusten. Ez naiz benetako musikaria, gustuko dut, besterik ez, eta bizitza kudeatzen laguntzen dit.

Zerbait duzu orain esku artean?

Bai, jada merkaturatzen hasi gara, eta proiektuak ditugu buruan, baina oraindik ez dit denborarik eman erdia grabatzeko ere. Hainbat gauzarekin lanpetuta egon naiz orain arte.

Beste liburu bat argitaratzeko asmorik baduzu?

Beste zerbait idazten ari naiz. Ez dakit noiz, nola edo zer argitaratuko dudan zehazki. Ez diot inoiz idazteari utziko, musikarekin bateratu nahi dut eta. Oso mingarria izan da idazten ez egotea, baina ez dut energiarik izan horretarako.

lotsabako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.