Liburu zaharren usain berezi hori

Liburu zaharren eta bigarren eskukoen azoka jarria dute Donostian, bihar arte. Bestela nekez eskura daitezkeen aleak dituzte salgai.

Pablo Parra, 'Euskal-Erria'-ren ale bat eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pablo Parra, 'Euskal-Erria'-ren ale bat eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emile Zolaren liburu bilduma berde bat, Bartzelonan argitaratua 1966an. Joseba Zinkunegi sendagileak 1928an egindako hitzaldi bat jasotzen duen liburua: Lana, atsedena ta jolasak. Tintinen abenturak. Baionako Euskal Museoaren 1968ko buletina; barruan, Georges Lacombek Martin Landerretxeri bidalitako gutunen azterketa, Piarres Lafittek egina. P. C. Wren idazlearen Beau sabreur abenturazko eleberria; lehen orrialdean, jatorrizko jabearen sinadura: Mario Roman Garcia, perito industriala. Nemesio Etxanizek euskarara itzulitako Carmen liburuaren ale bat; horrek ere bazuen jabea: Idoia Lauzirika. Gure Herria aldizkariaren ale bat, 1952koa, Frantzisko Xabierkoa hizpide zuena. Eta Julio Caro Barojari 1980ko hamarkadan argitaratu zioten liburu bat: El laberinto vasco (Euskal labirintoa).

Oso ondo ekarria dago izenburu hori, horixe baita liburu horien guztien etxea: labirinto bat. Liburu zaharren eta bigarren eskukoen azoka dute Donostiako Gipuzkoa plazan, eta bihar arte egongo da irekita. Zergatik labirintoa? Azokako postuetan arakatzeak galbidera eraman dezakeelako irakurzalea: hainbeste liburu, hainbeste garaitakoak, hainbeste gaitakoak... Ezin labirintotik atera. Hori bai: aspalditik begiz jota daukan ale galdu hori topatzean edota aurkitzea espero gabeko liburu bitxi bat bereganatzean sentituko duen zirrarak emango dio liburu labirintotik irteteko giltza.

«Inoiz eduki dudan libururik bitxiena saldu nuen, eta, horregatik, ezin dut aipatu ere egin». Misterioa ere bada halako azoketako elementu bat, eta misterioaren zalea da, ikusten denez, Pablo Parra saltzailea. Tira, saltzailea eta eroslea: «Nik liburu zahar eta erabiliak erosi eta saldu egiten ditut. Beti bada zerbait ez dakidana: zer eskainiko ote didaten... Liburu batzuk agian bost urte egon daitezke nirekin, saldu arte. Inbertsio bat da, eta merezi du, bitartean liburuak ikertzen ditut eta».

Orain berekin duen liburu bat nabarmentzekotan, aldizkari baten ale handi-handi bat aipatu du: Euskal-Erria du izena, eta euskal askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko argitalpena dela dio azalean. «EAJren aldizkari bat da, 1932koa», azaldu du. «Terueldik etorri da, pentsa!». Horra hor argitu beharreko beste misterio bat.

Bildumagileak

Sirenak jo du: eguerdia da. Diputaziotik langile batzuk atera dira —kafea hartzera, akaso—, eta orgak eskuetan daramatzaten zenbait lagun Bulebarrerantz doaz —baserritarrengana, akaso—. Donostiak aste barruko goizetan duen xarma lasaian ondo txertatzen da azoka. «Inguruko azokarik onenetako bat da hau; bildumagile asko dago hemen», esan du beste saltzaile batek, Alfredo Navarrok.

Bezeroek liburuen artean arakatzen segitzen dute: Espainiako erreginen historia, Ingalaterrako poesia erotikoaren antologia, On Kixote Mantxakoa-ren euskarazko lehen edizioa —Itxaropenak 1975ean argitaratua—, Emeteri Arresek 1928an egindako Txindor... Hori dena dago Gipuzkoa plazako azokan; hori dena, eta liburu zaharrak zabaltzean datorren usain berezi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA