«Familiarekin/ izozkia jaten/ eskaparatean/ erosiko ez duzun/ etxea salgai». Bikain deskribatzen dute Olatz Salvadorrek eta Iholdi Beristainek Donostiako panorama. Familiak, banakoak eta lagun taldeak ikus daitezke Gipuzkoa Plazan, paseoan. Bizitza sozialaren erakusleiho hartan, ez dira askok eskuetan daramatzaten izozkiak nabarmentzen, ezta inguruan dituzten eraikin zahar bezain dotoreak ere. Liburuak dira nagusi: «Erosiko ez duzun etxea salgai» duen hiri horren bihotzean, geroz eta gutxiago erosten diren liburuak daude han eta hemen.
Urtaro apartan iritsi da Donostiako 51. Liburu Azoka, urteko garai hauek liburuei hautsa kentzeko parada ezin hobea bilakatu ohi baitira; hondartzaren lasaitasunean liburu berri bat irakurtzen hasteko parada bikaina da askorentzat. Urtero legez, tenperatura eta turismo tasa altua agerikoak bilakatu dira azokan ere. Eguerdi bete-betean eguzki izpi beroak eta jende andana dira nagusi Donostiako kaleetan, baita Gipuzkoa plazan ere. Joan-etorri handiko eremua hautatu dute azoka egiteko, liburu gosea piztuko duen esperantzaz.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburu azoken antolatzailea da Asier Muniategi, eta ondorioztatu du azoka desberdina izaten dela garaiaren arabera, urtaro desberdinetan azoka asko antolatzen aritu ostean. «Donostiakoa, esate baterako, udan egiten da, eta turista eta bisitari gehiago erakartzen ditu; horrenbestez, jende gehiagorengana iristea lortzen dugu», adierazi du Muniategik. «Hala ere, askotariko jendea ez ezik, familiak ere gerturatzen dira, horrek dakarren guztiarekin; gazteenengana iristeko gaitasuna erakusten baitu».
Antzeko hausnarketa egin du Liss Evermore idazle eta liburu saltzaile urretxuarrak. Urteen poderioz turismoak gora egin duela eta kalean agerikoa dela azpimarratu du; harriduraz adierazi du erdara baino euskara nabarmen gutxiago entzun daitekeela kalean. Evermorek kezkaz eutsi dio aurtengo aldiaren balorazioari: «Beste urteekin alderatuz gero, aurtengoa nahiko pattala izaten ari da. Ez dugu arrazoi zehatzik topatzen. Ez da salbuespena inola ere: oro har, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko liburu azokek beheranzko joera izan dute».
«Azokaren atzean kulturaren sustapena dago; bestela, diru truk hobeto saltzen dira taloak eta txistorrak»
IÑAKI ASTORKIA Liburu saltzailea
Iñaki Astorkia bilbotarrak, berriz, baikortasunez begiratu die postu barruan igarotako egunei: «Batzuetan, bero handia egin du, baina Donostian beti ibiltzen da jendea». Ez dio baikortasun horrekin begiratu euskal literaturari; izan ere, euskarak ezinbestean erakusleihoa behar duela aitortu du, kezkaz; gaur-gaurkoz eskaria dezente txikiagoa baita. Izan ere, «Durangoko Azokan salduagatik ere, bestela oso gaitza izaten da euskarazko liburuak saltzea».
Salmentak gorabehera, Astorkiak aitortu duenez, azoken jomuga ez da izaten salmenta bera, liburuak kalera atera eta ikusmira sortzea baizik. «Bestela, ez ginateke hona etorriko». Izan ere, argi utzi du: «Azokaren atzean kulturaren sustapena dago; bestela, diru truk hobeto saltzen dira taloak eta txistorrak».
Antzera hitz egin du Asier Muniategik ere: «Azokaren helburua etortzen direnak literaturara erakartzea da. Baita argitaletxe txikiagoei tokia egitea ere». Liburu azokak beharrezkoak direla berretsi du. «Izan ere, kalean liburuei begiratu bat eman eta literaturaren harra pizteko abagune dira; gerora, eragin handia izan dezake liburutegi eta liburu dendetara joateko». Muniategik gaineratu du «irakurzaletasuna piztea» dela egitasmo horien guztien helburua, eta «gaitasun kritikoa indartzea» dutela helburu.
Batzuk kuxkuxean
Leire Goikoetxea eta Mari Luz Lobo lasartearrek aurten postu gutxiagorekin egin dute topo. Hala ere, «giro ona» nabari dute azokan. Nobelak kuxkuxeatzen hasi dira ama-alabak; hain zuzen ere, nobeletako gustuko estilo bat aukeratzerik izan ez duten arren, argi dute papera dutela gustukoen. Hori bai, Lobok batzuetan liburu elektronikoa erabiltzen duela aitortu du.

Guztiek lehenetsi dute paperezko formatua. Ixiar Sarasola oiartzuarrak ziurtatu du lagunak bazkari bat egiteko elkartu direla. «Baina azokatik igarotzea erabaki dugu». Hark ere badu liburu elektronikoa; haatik, argi utzi du «erdarazko literaturarako bakarrik» erabiltzen duela liburu elektronikoa. «Euskal literatura paperean irakurtzen dut». Inguruan irakurzaletasuna aski zabaldua dagoela iruditzen zaio Sarasolari, baita gazteen artean ere. «Gazteek digitalki irakurtzeko joera duten arren, ez nuke esango gutxiago irakurtzen dutenik».
Paule eta Jare dira gazte horietako bi. Amarekin joan dira azokara. Liburutegitik etorri dira hirurak, eta horren erakusle ziren liburuz lepo zituzten bi poltsak. Irakurzaleak dira bi ahizpak, eta euskaraz irakurtzeko ohitura dute. Argi adierazi dute: euren familian gutxienez, gazteak literaturari lotuta mantentzen dira.
Esku hutsik ala eskuak beteta, Gipuzkoa plazatik igaro den oro izan da literatur eta kultur erakusleihoaren lekuko.