Proposamena

Liburuen bigarren jaiotza

Pandemiaren osteko bost urteetan desagerturik egon ostean, aurten berreskuratu du Gasteizko Udalak Liburu Azoka, urriaren 8tik 12ra.

Gasteizko Liburu Azokaren azken aldia, 2021ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko Liburu Azokaren azken aldia, 2021ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza asko eraman zituen aurrean pandemiak. Hainbeste galeraren artean, gehienak ez ziren konturatuko kultura munduan izandako desagerpenaz: urtero Gasteizko Udalak antolatzen zuen liburu azokak bost urte egin ditu lozorroan. 2021ean egin zuten azken aldiz, eta geroztik ez dute antolatu. Aurten, ordea, udaleko Kultura Sailak bultzaturik, bigarren jaiotza izango du Gasteizko Liburu Azokak, urriaren 8tik 12ra. 39. edizioa izango da. 

Izen handiekin itzuliko da azoka, Florida parkeko berdeguneetara. Euskarazko egileen artean, Katixa Agirre izango da ostiralean bertan, 19:45ean, bere azken liburua aurkezten, Barne zerbitzuak izenekoa. Laugarren eleberria du gasteiztarrak, eta, liburuaren inguruan hitz egiteaz gain, zaleei aleak sinatu ere egingo dizkie. 

Alta, Agirre ez da parte hartzaile bakarra izango, eta irakurzaleek genero orotako egileen presentziarekin gozatu ahalko dute. Eleberri erromantikoen jarraitzaileek, esaterako, Jon Azkueta, Andrea Longarelo eta Paula Gallego idazleen hitzaldiak entzun ahalko dituzte, eta nobela beltzaren jarraitzaileek Ibon Martin eta Carmen Molaren aurkezpenetara jo ahalko dute. Poesia errezitalak ere izango dira. 

Carmen Bravo idazle gasteiztarra ere bertan izango da, misio berezi batekin: «irakurketa erraza» deritzona eskainiko du. Egileak «irakurketa irisgarri, parte hartzaile eta inklusiboa eratzeko modalitate horren ezaugarriak» azalduko ditu, literatura jende gehiagorengana helarazteko helburua duen praktika hori publikoaren artean zabaltzeko. 

Orotarikoa eta ororentzat

Idazleak eta literatura ez dira izango protagonista bakarrak, «publiko ororentzako diziplina ezberdinak» uztartuko dituen edizio berezia antolatu nahi izan baitu udalak. Ostegunean, adibidez, Karmele Jaio idazlearen eta Proyecto Larrua dantza garaikideko taldearen elkarlanetik sorturiko ikuskizunarekin hasiko da azoka. «Literatura eta dantza uztartzen dituen ekitaldia» izango da, antolatzaileen arabera. 

Etxeko txikienentzat ere izango da lekua. Larunbatean, goizeko hamaiketan, Julio Santosek eta Patricia Perezek txotxongilo tailerra eskainiko dute. Igandean, berriz, Eider Bilbao egile eta ilustratzaileak Marrazketa Magikoa Zuzenean tailerra eskainiko du, bere zale txikiei Mati pertsonaiaren unibertsoko ilustrazioak nola egiten dituen zuzenean erakusteko. 

Gainera, egunero, misterioaren zale diren haurrek literatur ginkana batean parte hartu ahalko dute. Aztarna eta asmakizunen bitartez, parte hartzaileek azokaren parte diren tokiko liburu dendak ezagutu ahalko dituzte. Misterioa argitzeak saria ere badakar, parte hartzaileak haurrentzako hiru liburu sorta irabazteko zozketan sartuko baitira. 

Hain zuzen ere, tokiko liburu dendek presentzia nabarmena izango dute aurtengo Liburu Azokan. Azkeneko azokan bost etxola izan zituzten, eta aurten zortzi izango dira stand propioarekin parte hartuko duten liburu dendak. Anegon, Astrolibros, Arlekin, Elkar, Liburutopia, Omega, Saga eta Zuloa izango dira horiek. Erosleek %10eko deskontua izango dute bertan liburuak erosteko orduan. Postuak ostegun arratsaldean irekiko dira, eta ostiraletik igandera goizez zein arratsaldez irekita egongo dira. Astelehenean, berriz, goizez irekiko dituzte soilik. 

«Florida parkea bost egunez liburutegi handi bilakatzea nahi dugu», adierazi zuen bere garaian Sonia Diaz de Corcuerak, Kultura zinegotziak. Edozein liburutegik, ordea, irakurleak behar ditu. Bost urteko absentziaren ondoren, bueltan zain aurkituko al ditu Gasteizko Liburu Azokak bereak? Datorren asteburuan jakingo da erantzuna.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA