Liburuen labea

Ale askoko liburuak egiteko, offset teknika baliatzen dute inprentetan: aluminiozko plantxa batzuetan koloreak bereiztea da lehen pausoa, eta liburuaren bizkarrezurra hariz jostea azkena. 25 urte daramatzate lan horretan Leitzaran Grafikak-en.

Iñigo Illarramendi eta Asier Miner, plantxa baten atzean eta lau gorputzeko makinaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñigo Illarramendi eta Asier Miner, plantxa baten atzean eta lau gorputzeko makinaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Andoain
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elikadura hainbat eratara uler daiteke: izan daiteke sabelari jaten ematen diona, eta izan daiteke arima elikatzen duena. Eta biek behar dute, gaur-gaurkoz, industria. Okinak goizean goiz joaten dira ogiaren orea egin eta labeak betetzera; labetik ateratako usain goxo horrek egun osoan iraun ohi du. Eta ogiaren metafora ere maiz erabili ohi da liburuekin, bereziki labetik atera berriak diren horiekin. Zorionez, oraindik asko dira liburuak jan egiten dituztenak; zer esanik ez liburu berrien usainarekin maiteminduta bizi direnak. Bada, irakurleen arima elikatzeko, liburuak labetik ateratzeko, idazleak behar dira, ilustratzaileak, argitaletxeak, zuzentzaileak, itzultzaileak… eta liburuei usain goxoa ematen dieten labe metaforikoak: inprentak.

Inprenten mundua ez da nolanahikoa, gizakia gizaki egiten duena baitu langai: hitza. Inprentetan inprimatutako testuliburuetan azaldu ohi da idazketa dela gizarteak historiaurrea ahaztu eta historian sartzeko bidea; azaldu ohi da Johannes Gutenbergek 1450 inguruan asmatu zuela inprenta, eta asmakizun horrek eraman duela gizadia modernitatera. Edonola ere, inprentako langaiak, hitzak, beharrezkoak ditu hainbat lehengai  —tinta, papera…—, hainbat makina —ordenagailutik hasita liburuen bizkarrezurrak josten dituztenetaraino— eta langile ugari, ukitu ahalko bada, liburu forma hartuko badu. Eta hori egiten iaioak dira Leitzaran Grafikak inprentakoak, mende laurden baitaramate liburuak labetik ateratzen; ugari, euskaraz.

Labeak, baina, metaforikoak dira. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) duten egoitzan, berotasuna ez da gehien nabari dena, tinta eta paper usain sarkorra baizik. «Guk ez dugu nabaritu ere egiten», aitortu du Asier Miner komertzialak. Nabaritzen dute, nabaritu ere, inprentako makina ugariren zarata konstantea. Izan ere, Leitzaran Grafikak-en sartu eta berehala antzematen dena zera da: industria bat dela. Liburuak produktuak ere badira, eta halakoak ekoizteak astelehenetik ostiralerako lana ematen die enpresako 31 langileei; inprentan 24 orduz aritzen dira lanean, hiru txandatan, eta koadernatzean 16 orduz, bi taldetan.

«Gurea kasu berezia da. Guk produkzioa seriean egiten dugu, baina lan bakoitza ezberdina da»

ASIER MINERLeitzaran Grafikak-eko komertziala

Makinaz beteriko lantegi zaratatsuan sartu aurretik, areto lasaiago bateko apalategi batera jo du Minerrek. «Hemen dagoen gutun azal bakoitza lan bat da, lan enkargu bat». Euskara eta literatura irakasteko testuliburu bat, ingelesa irakasteko beste bat, umeentzako komiki bat eta zenbait binilorentzako liburuxkak daude, besteak beste. Izan ere, ez dituzte soilik liburuak argitaratzen, baita afixak, liburuxkak eta paperez egindako beste edozein produktu ere. Proiektu bakoitza ordenagailu bidez bidaltzen dietenean hasten dute offset teknikaren prozesua: «Dokumentuak jasotzen ditugunean, berrikusten dugu ea irudien kalitatea egokia den, koloreak ondo eginda ote dauden…».

Aluminiozko plantxak

Geroago inprimatuko dena behar bezala dagoela egiaztatu ostean, lehen inprimaketa hasten da, baina ez paperean, baizik eta aluminiozko plantxa batzuetan. Lau koloreko plantxak erabiltzen dituzte, kolore bakoitzeko bat: beltza, ziana, magenta eta horia. Oinarrizko lau kolore horietatik eratortzen dira gainerako denak, baina hori aurreragoko pauso bati dagokio. Arrabolaz betetako makinan sartzen diren plantxak urdinak dira, oso-osorik, eta benetako inprimaketarako beharko den tintarekin ateratzen dira plantxak gero. Koipeak eusten dio behar den tintari, eta urak kentzen du soberakina, bidean laser izpiak ere baliatuta.

Beste era batera esanda: orri zuri batean marrazten denean gertatzen denaren kontrakoa gertatzen da makina horretan. Orri zuri bat hartu eta pintzel batekin etxe bat marraztean, zuria zen horren gainean jartzen da tinta, kolorea. Imajinatu orain tintaz beteriko orri bat, eta uraren eta koipearen jokoaren bidez sobera dagoen tinta guztia kendu ondoren etxe baten marrazkia agertzea. Horixe da, hain zuzen, makina horrek era industrialean egiten duena.

Plantxak, gainera, handi samarrak dira, eta orri bat baino gehiago kabitzen dira. Azken emaitzak eduki beharreko tamainaren arabera —eta, ondorioz, edukiko dituen orrien neurriaren arabera—, zortzi orri, hamasei edo 32 kabitu daitezke plantxa batean. Bisitaria bertaratu denean, hamasei orrialdeko plantxak aritu dira inprimatzen, adibidez: zortzi orrialde alde batetik, zortzi bestetik. Frantsesez idatzitako eleberri baterako plantxak dira, eta kolore horiari dagokion plantxan, adibidez, ez da hitz bat bera ere azaltzen, testuak ez baitu kolore horirik edo hartatik eratorritakorik izango; marrazkiek bai, ordea.

Lau kolore

Behin plantxa guztiak prest izanda, lantegi handian segitzen du liburuen martxak. Atea ireki eta zarata gailentzen da, paper eta tinta usaina, eta langileak batetik bestera dabiltza. Miner makina handi batera gerturatu da. «Makina honetan sartzen dira plantxak. Lau gorputz dauzka, eta horietako bakoitzak tinta bat». Alegia, beltza, ziana, magenta eta horia; haietatik ateratzen dituzte kolore ia denak. «Gorputz bakoitzak bere tintontzia dauka, bere kolorea».

Makinaren gainaldera gerturatuta ikusten da tinta fresko-freskoa, paperean itsasteko prest. Makina horretan, plantxetan dagoena paper bihurtzen dute, finean; hori bai, kolore denak osatuta, bateratuta, eta azken emaitzan eduki behar duen formarekin; koloreei dagokienez, behintzat. «Makinaren alde batetik paper zuria sartzen da, eta lehenengo beltza inprimatzen da, gero ziana, ondoren magenta eta azkenean horia. Lehenik, orri bakoitzaren alde bat inprimatzen da, eta, gero, buelta emanda, beste aldea».

Plantxaren tamainarekin inprimatutako orriak, tolestu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Plantxaren tamainarekin inprimatutako orriak, tolestu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU

Makina horretan ere urarekin eta koipearekin jokatzen dute: plantxak tintaz betetzen dituzte, eta, hala, koipeak behar denari eusten dio, eta urak, berriz, sobran dagoena bota. «Hemendik paperean inprimatuta aterako da, baina edukiko duen itxurarekin. Plantxa horretan hamasei orrialde daude, bi aldetatik: 32 orrialdekoa da plantxa», esan du Minerrek, inprimatu berriak diren orri batzuk seinalatuz.

Izara garbiak nola, hala tolesten dituzte orriak. Tira, makina batek egiten du, hori bai. Leitzaran Grafikak-en, orriak erditik tolesten hasten dira, gero horren erdia, ondoren tolestutako horrena… Hau da, orri handiak hamasei orrialde baditu alde banatan, makinak erditik tolestean zortzina egongo dira; berriz tolestuta, launa, eta beste tolestura batekin, bina. Hor bukatzen da makinaren prozesua, orriek orduan hartzen baitute eduki beharreko tamaina.

Hala ere, desordenatuta geratzen dira orriak, eta horiek ordenatu beharra dago. Izaren irudiak balio du orriak ordenatzeko makinei buruz aritzeko ere, maindireak bezalaxe zintzilikatzen baitituzte orriak, dagokien lekuan, ordenari segituta. Makina batek egiten du lan hori, eta liburua prest utzi. Azalak beste makina batean egiten dituzte, normalean paper lodiagoa izaten baitute, eta plastifikatuta egoten baitira. Behin azala eta kontrazala jarrita, bizkarrezurra baino ez dute falta.

Langile bat, orriak ordenatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Langile bat orriak ordenatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gutxi zigortuko diren liburuak edo bestela ere finak direnak kolarekin itsasten dituzte, eta gehien landuko direnak edo lodiagoak direnak, josi. Esan bezala, bai: liburua hariarekin josten du makina batek, eta beste batek kola ematen dio gainetik, ondo estututa egon dadin. Eta orain bai: atera da labetik liburua.

Singularrean esan ordez, hobe da plurala erabiltzea. «Lan batzuk oso antzekoak izan daitezke elkarren artean, baina lan batetik bestera guztiz aldatu daiteke formatua, koadernatze mota, papera eta dena. Gurea kasu berezia da. Guk produkzioa seriean egiten dugu, baina lan bakoitza ezberdina da. Sistematikoki egiten da produktu bera, baina desberdin produktu bakoitza», azaldu du Minerrek.

«Autore-editore figura sortu da. Orain errazagoa da liburu bat argitaratzea lehen baino, autoedizioa dela eta»

IÑIGO ILLARRAMENDI Leitzaran Grafikak-eko gerentea

Eta lanik handiena, kosturik handiena, makina bakoitza martxan jartzea da. «Behin martxan jarrita, 500 liburu egin edo 5.000 egin, ez da hainbesteko aldea», azaldu du Minerrek. Oso ale gutxiko lanetarako inpresio digitala egiten daramatzate hamar bat urte, baina, behin ale kopurua handituta, offset teknika gomendatzen diete bezeroei.

Hala ere, gero eta ohikoagoak dira ale gutxiko produktuak. Horixe antzeman du Iñigo Illarramendi gerenteak: «Autore-editore figura sortu da. Orain errazagoa da liburu bat argitaratzea lehen baino, autoedizioa dela eta. Horregatik daude liburu gehiago, baina beti ale gutxiagokoak».

Bukatutako produktu baten zenbait ale. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bukatutako produktu baten zenbait ale. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ale askokoak ere argitaratzen dituzte, gainera. Izan ere, Leitzaran Grafikak Elkar Taldearen eta Graficas Lizarra enpresaren arteko proiektu bat izan zen, 2001. urtearen amaieran sortua, bai Elkarren lan askotarako, bai beste merkatu batzuetarako. Orain, adibidez, Hossegorko (Okzitania) turismo gida handi bat ari dira ekoizten, Frantziako argitaletxe batentzat. Illarramendi hasieratik aritu da Leitzaran Grafikak proiektuan lanean, eta ondo ezagutzen du inprentaren munduaren bilakaera. Paperaren sektoreko gorabeherek eragin dute, eta digitalizazioak ere bai.

Eta zer esanik ez kontsumo ohiturek. «Gaur egunean, geroz eta gazte gutxiagok erosten dituzte liburu fisikoak. Hori nabaria da. Eskaintza handia dago beste euskarri batzuetan, eta kontsumo ohiturak aldatu dira», adierazi du Minerrek. «Paperezko liburuak asko jaitsi ziren digitalizazioaren jauziaren ondorioz, baina itzultzen ari dira, nahiz eta ez diren lehengo mailetara iritsiko. Erronka da produktuari balio erantsia ematea. Buelta bat ematea. Orain arteko kontsumo ohitura izan da liburu bat edukiagatik baloratzea, baina hemendik aurrera objektu gisa ere izango du balio erantsi bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA