Elikadura. Hazkurri kontuak

Limako adierazpena

2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Etorkizuneko sukaldariei gutun irekia (2011.09.10), Liman (Peru) idatzitakoa.

Gizartea etengabe bilakatzen ari den garaiotan lanbide honek erronka berriei erantzuna eman behar die (…) Sukaldaritzak hamaika ate zabaltzen dizkigu ametsak bete ditzagun (…)Gizakiaren premia den elikatze hutsetik haratago doa sukaldaritza, zoriontasunaren bila (…) Sukaldariak gizarte gizabidezkoago, solidarioago eta iraunkorragoa lortzeko konpromisoa hartuko duen etorkizun hori dugu amets(…)Ametsetan eta hausnarketan segitzen dugu BCCeko Nazioarteko Aholkulari Kontseiluko kideok (…)».

Sukaldariari, zuzenkiago (naturaz): «Naturaren araberakoak izango dira zure lorpenak (…) ondorioz, natura babestu eta zaindu beharra duzu (…) Horrela, biodibertsitatearen alde arituko zara (…) Milaka urtez natura eta gizakia hizketan jardunik asmatu (sic) zen nekazaritza: horrek sistema ekologiko baten kide egiten zaitu…».

Gizarteaz: «Kulturaren emaitza zarenez, ohitura gastronomiko eta sukaldaritza teknika herentzia baten jasotzaile zara (…) herri, eskualde edo herrialde baten kultura eta nortasunaren alde lagun dezakezu…».

Jakituriaz:«Lanbide horren xede nagusia zoriontasuna eta emozioak sorraraztea izaki, osasun eta hezkuntza alorretako adituekin elkarlanean jakinduria hori herritarrengana helarazteko aukera paregabea duzu (…) Bestek irakatsitakoaren onuradun zaren aldetik,ikaskuntza partekatzea duzu ardura…».

Balioez: «Zure oinarri etikoak eta zure balioak gidari izan ditzazun».

Ederra da adierazpena, itzulpena nik egina izanagatik ere. Badirudi euskararen gainean ari direla, ezta?

Ez, ba. Euskara omen da salbuespen bakarra: gainontzeko guztia da transmititu, gorde, zaindu eta babestu beharrekoa.

Sarkozyk edo Bonok ez zuten zehazkiago asmatuko: «Egin dezagun proiektu handia (Euskal) herriarentzat, (Euskal) herririk gabe. Erdaldunok erdaldunentzat, erdaldun eta euskaldunen diruekin. Dirua herriarena da, baina boterea gurea (oraingoz)».

Sukaldari handi horiek: engainatu zaituzte ala engainatu nahi gaituzue, Euskal Herriko ereduzko ikastetxe horri euskara debekatuta, galarazita, ukatuta? Noren mesedetan ari zarete horrelako jokabidearekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.