Niri esker, jendeak xarmantki pasatu ditu oporrak nire auzoan. Eguberriek hori baitute txarra, batzuetan aspergarri samarrak izaten direla. Baina aurten, nire irudimenari eta nire bihotz onari esker, inor ez da aspertu.
Kontua da gure etxe ondoan bortz eskale ibiltzen direla maiz. Bortz haur. Eta nik zera pentsatu nuen: «Eta hirurehun euro emanen banizkie?». Baina ez guziei, bakar bati baizik. Eta ez deus ere egin behar izan gabe: saria irabazteko lehian aritu beharko lukete. Beraz, bortz haurrak karrikan elkarrarazi eta nire ideia azaldu nien: zerbait kantatu beharko zidaten, kantu politen bat, hirurehun euroko sari bat irabazte aldera. Dirua nori eman erabakitzeko, erran nien, zenbait puntu hartuko nituzke kontuan: ahotsa, koreografia, erakutsitako grina... Ez dakit dena ongi ulertu zuten, baina diruarena nahiko argi gelditu zitzaien.
Abestu ahala (lehen eskaleak, txino batek, Gloria Glaynourren I will survive kantatu zigun, ederki) jendea gure inguruan bilduz joan zen, txaloka, eta orduan bururatu zitzaidan polita izanen litzatekeela, bortz auzokidek eskale banaren defentsa eginen balute. Eta hala egin genuen. Hunkigarria izan zen.
Norbaitek protestatu behar, eta barride batek erran zidan bertzeen miseria ikuskizun bihurtzea itsusia zela, baina ez nion kasurik egin, auzoko pedanterik handiena baita. Bertze batek zitala deitu zidan.
Ni, halere, kontent itzuli nintzen etxera. Leher egina, hori bai, nekagarria baita ona izatea. Sofan etzan, telebista piztu eta Lib dub ikusi nuen, ETBn. Ederra, saioa.
Nork irabazi zuen dirua? Bada, egia erran, ez naiz oroitzen.
Maratila. Santi Leone
Lip Dub
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu