Rober. Los Separatistas taldeko kidea

«Litekeena zen mokordo bat ateratzea, baina, hara non, 23 kanta atera ziren saio batean»

Egun bakar batean talde bat bildu eta errepertorio osoa sortu dute Liverpoolgo eta Euskal Herriko sei musikarik. Bi kontzertu emango dituzte datozen egunetan, eta baliteke lehenak eta azkenak izatea.

Edu Lartzanguren.
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Atom Rhumba taldeko gitarra eta organo jotzailea da Rober (Barakaldo, Bizkaia, 1971), baina oraingoan bestelako egitasmo batekin dator: Los Separatistas taldea sortu du San Wilson (The Cubical), Iñigo Cabezafuego eta Joseba Irazoki (Atom Rhumba), Felix Buff (Willis Drummond) eta Mikel Abregorekin (Anari, Negu Gorriak). Gaur arituko dira zuzenean, 22:00etan, Arrasateko Gaztetxean (Gipuzkoa). Ostiralean, Bilboko Bizbak Indie jaialdian.

Benetan posible da talde bat eta errepertorio osoa sortzea egun bakarrean?

Dan Wilson ezagutu nuen The Cubicalen kontzertu baten ondoren. Hitz egiten hasi ginen, eta ondo moldatzen ginela ikusita, zer edo zer elkarrekin egitea erabaki genuen, musika aldetik gauza asko partekatzen genituelako. Halako elkarrizketak askotan gertatzen dira musikarien artean, eta gehienetan ez dute emaitzarik. Baina, kasu honetan, ekarri du zerbait.

Nola izan zen prozesua?

Guztiz naturala. Hitz egin genuenetik lehenengo saiora, ia bi urte pasatu ziren. Dan hemen zegoelaz baliatuta, saioa antolatu nuen. Bonberenean [Tolosa, Gipuzkoa] elkartu ginen larunbat batean, oinarririk eta kantarik gabe, zer aterako zen ikusteko. Litekeena zen mokordo bat ateratzea, baina, hara non, 23 kanta interesgarri atera zitzaizkigun, eta horietako 11 joko ditugu.

Eta baliokoak dira kanta horiek guztiak?

Funtzionatu funtzionatu, 15 kantak funtzionatzen dute. Gainekoak interesgarriak dira, baina agian, ez dira inora heltzen. 15 horietako 11 disko batean grabatzeko modukoak dira. Saioa grabatu egin zuen Lisaboko Karlos Osinaga Txap-ek, eta taldeko kidea dela esango nuke. Kontzertuetan teknikari arituko da.

Hitzak Wilsonen kontu izan dira?

Halako abesti mordoa bat-batean eta horren azkar sortzea harrigarri samarra bada ere, nabarmendu nahi dut Danek ideia eta liburu piloa ekarri zituela bere hitzekin. Kantatu ahala moldatu zituen. Kanta guztiek hitz originalak eta landuak dituzte.

Halako saio batean norbaiten estiloa gailentzen da?

Kontuan hartu behar da Atom Rhumbako hiru kide zeudela, eta horrek badu pisua. The Cubical ere ez dabil gure estilotik oso urrun: batek «Atom Rhunba beroak» direla esan du. Gu rock musikariak gara, inprobisa dezakegu, baina ez gara inprobisatzaile onak. Dan harrituta zegoen, erabaki nuelako ez genuela kanta bat bera ere bitan joko. Baina oso jatorra da: ez da musikari ingeles harroputz tipikoa.

Kontzertuetan, ordea, ez da inprobisaziorik egongo.

Ez, kanta klasikoak-edo izango dira. Danen ahots urratuak Captain Beeheart edo Tom Waits ekartzen du gogora, baina soinua ez dago Atom Rhumbatik oso urrun.

Eta zergatik Los Separatistas izena?

Bestela, txartelean penagarri geratuko zelako bakoitzaren izena jartzea. Bi orduan erabaki genuen Los Separatistas jartzea honi, nahiz eta hasieran txatxu samarra iruditu zitzaigun. Historiako talde handi guztien izenek duten puntu memelo hori dauka.

«Nik Los Separatistas ikusi nuen bi kontzertu haietako batean» esango diete entzuleek bilobei?

Oso zaila da taldea berriz osatzea: sei gara, beste talde batzuetan jotzen dugu, eta Dan Liverpoolen bizi da. Ikusiko dugu nola sentitzen garen ondoren. Gainera, kontzertuak doan dira; gustuko ez baduzu, bigarren kantan joan zaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.