Iradokizun bat irakurleari: lerrook irakurtzen ari den bitartean logura sartzen bazaio, arren, segi dezala lotara. Ez da hain erraza, ezta? Lotara joateko gogoa izatea segur aski bai, ez dadila gaizki ulertu; baina zenbatetan dago aukera gogoa edukita lotara joateko? Urtean zenbat egunetan esnatzea dago alarma hotsik aditu gabe? Zenbati kostatzen zaio esnatzea eta, era berean, lokartzea? Kafeina dosi latza baterako, eta pastilla bat-edo besterako... Bai, ezta? Bada, hori ez da naturala.
Irene Coulon, filosofoa eta ikertzailea izateaz gain, lotia da. «Feminismoaren bigarren olatuak erakutsi zigun pertsonala politikoa dela. Orduan, intuizio hau neukan: loa politikoa izan behar da». Intuizio hartatik iritsi zen loti ikasketetara —«hala deitzea gustatzen zait»—, eta haietan murgilduta daramatza urte dezente, kasik loa kentzeraino —«nire bizitzaren oinarriak loa eta kafea dira»—. Hain zuzen ere, loaren dimentsio politikoa du ikergai. Dena politikoa da, bai: loa ere bai.

Loa desnaturalizatzeko beharra defendatzea da Coulonen tesiaren ardatza. «Loa guztiz naturalizatuta daukagu. Pentsatzen dugu lo egiten dugun modua dela bakarra, normala, naturala, eta berez ez da horrela. Loa desnaturalizatzeak ez du esan nahi ez denik naturala; hala delako: funtzio fisiologikoa da, eta behar dugu bizirik irauteko. Baina, era berean, lo egiten dugun modua guztiz soziala, kulturala, historikoa eta politikoa da. Hortik dator loa desnaturalizatzeko beharra: lo egiten dugun modua eraiki duten egiturazko gizarte baldintzei erreparatu behar diegu».
Lo egiteko modu bakarra, normala eta naturala al da zortzi bat orduz aldi bakar batean lo egitea? Bada, ez. Lo monofasikoa —aldi bakar batean egindakoa— XIX. mendetik baino ez da «normala». Roger Ekirch historialaria izan zen horretaz jabetu zen lehena, Coulonek kontatu duenez: «Artxibo lana egiten ari zen, eta jabetu zen askotan aipatzen zituztela lehen loa eta bigarren loa. Arreta jarri zionean, konturatu zen leku denetan zegoela hori: ebidentzia izugarria zela».
Lo bifasikoa
Hau da, frogatu ahal izan dutenez, loa bifasikoa zen Erdi Aroan eta Errenazimentuan. «Lauzpabost orduz egiten zuten lo, eta ordu txikietan esnatzen ziren; pare bat ordu ematen zituzten esna. Esna egoteko egoera berezi bat zen —ez zen eguneko martxaren antzekoa—: lan txikiak egiten zituzten, zerbait etxean, animaliak elikatu, idatzi, otoitz egin, sexu harremanak izan... Horrelako gauzak. Gero bigarren loa zegoen, eta beste ordu batzuk ematen zituzten lo», azaldu du filosofoak.
Industria Iraultzak eta argi artifizialaren demokratizazioak eraldatu zuten loa, Coulonek adierazi duenez. «Makinek erritmo berri bat finkatu zuten, eta bizitza osoak bat egin behar zuen erritmo horrekin: lo ereduak ere bai. XIX. mendeko medikuntza testuetan asko nabarmendu zuten aldi bakar batean egin behar zela lo, eta lotu egin zuten horrek ustez osasunari egiten dion mesedearekin. Makineria soziala eta diskurtso guztiak lanean jarri ziren lo eredu berri hori finkatzeko». Gizarte erritmoaren motorra produktibitatea bihurtu zen, eta horren arabera antolatu zuten loa. Gaur arte.
«Makinek erritmo berri bat finkatu zuten, eta bizitza osoak bat egin behar zuen erritmo horrekin: lo ereduak ere bai»
IRENE COULONFilosofoa eta ikertzailea
Ordukoak dira, gainera, loaren aurkako diskurtso batzuk. Loaren aurkako ekintzaile nagusi bat Thomas Alva Edison izan zen, bonbilla elektrikoaren sortzailea, besteak beste; kasualitatea ote da? «Lo egiten dugun denbora da ekoizten eta kontsumitzen ez dugun une bakarra. Orduan, beretzat lo egitea bekaturik okerrena zen». Diskurtso horietan, nola ez, patriarkatuak eta arrazismoak egin zuten beren lekua: «Esna aldi heroikoa maskulinizatu egin zen. Beretzat, enpresari eta langile onek ahalik eta gutxien egin behar zuten lo; lo egitea bera gorputz ahultasunaren sintomatzat jotzen hasi ziren. Loa feminizatu egin zuten, eta onargarri egin zuten emakumeentzat. Aldi berean, arrazializatu ere egin zuten. Esklabizatutako jendearen loa erabiltzen zuten adierazteko haien arraza ‘gutxiago' zela. Jende hori akituta zegoen hil arte esplotatzen zituztelako, eta kontrako argudioa erabiltzen zuten —noski, gezurra—: 'Egun osoa logalez pasatzen dute; hori gutxiago direlako da’. Erokeria bat da».
Loa, gainera, pribatizatu egin zen. «Badirudi lo bifasikoa praktikatzen zuten garaietan normala zela lo kolektiboa praktikatzea. Are, ezezagunekin lo egitea; ohea ere partekatzen zen. Testu askotan azaltzen da nolakoa izan behar zen protokoloa ezezagunekin lo egitean; oso normala zen. Loa publikoa zen, toki publikoetan lo egitea ondo zegoen, eta belaunaldi artekoa eta kolektiboa zen», filosofoaren esanetan. Industria Iraultzaren garaiko moral viktoriarrak, baina, «funtzio fisiologikoak pribatizatu» zituen: «Begirada publikotik ezkutatu behar ziren, eta etxeko intimitatean egin behar ziren. Hori loarekin ere gertatu zen». Eta eragin nabarmena izan zuen arkitekturan: «Bakoitzak bere ohean egin behar zuen lo. Momentu horretan zegokien logelekin hasi ziren etxeak eraikitzen: logela bat senar-emazte heterosexualentzat, eta seme-alabentzako ohe bana; idealki, logela bana».
Ume, segi lotara
Eredu horrek segitzen du gaur egun, eta horren inguruko praktikek ere bai: haurrei bakarrik lo egiten irakasteko guraso askok egin behar duten ahalegina da adibide bat. «Normalean, umeei ez zaie gustatzen bakarrik lo egitea. Haurrei erakusten diegu lotara joatea bizitza sozialetik kanporatzea dela: ja ezin dute parte hartu etxean gertatzen ari den horretan; nerabeek horregatik egiten dute lo gutxiago... ‘Esna geratuko naiz, handia naizelako’. Loaren pribatizaziotik eta indibidualizaziotik dator. Subjektu autonomoak sortzeko modu bat da: bakartutako norbanakoaren ideia ezartzeko modu bat».
Hain zuzen ere, Industria Iraultzarekin eskuz esku garatutako liberalismoarekin bat egiten du ideia horrek. Horrek, eta eskubide eta betebeharren kontzeptuak. Coulonek bere ikerketan identifikatu egin ditu lo egiten duenaren eskubideak eta betebeharrak. «Lo dagoenaren funtsezko eskubidea da esnatua ez izatea. Une oro urratzen da eskubide hori; bereziki, alarmak». Ez horrek bakarrik: etxeko lanez eta zaintza lanez arduratzen direnek —oro har, emakumeek— lo egiteko duten eskubidea ez errespetatzea «normaltzat» jotzen da, eta kalean lo dagoen pertsona bat esnatzea ere bai.

«Hainbat soziologoren arabera, lo egiten duenaren betebehar nagusia dagokion lekuan lo egitea da: denok aldi berean egiten badugu lo eta denbora etenda geratzen bada, gizartea esnatzen denean, bakoitza bere lekuan egon behar da, gizarteak jakiteko nor den nor. Oso modu patriarkal, heterosexual eta burgesean dago antolatuta». Horretarako, baina, leku bat izan behar da: «Etxerik gabeko pertsonak askoz kriminalizatuagoak daude, eta gure hirietan ikusten dugu hori: hirigintza neurri ugari hartzen dituzte lo egiteko moduko tokiak ezabatzeko».
Loaren aurkako diskurtso asko daude, bai, baina aldekoak ere bai, bereziki XX. mendearen bukaeratik. «Zer gertatu da? Loaren medikuntza garatu egin dela. Lan pila bat egiten ari dira, diskurtsiboa eta klinikoa, loari balioa itzultzeko. Ikusi dute loak eragin handia daukala osasunean, eta lo ohitura txarrak edo lo patologikoak ondorio argiak dituela. Horregatik hasi dira loa sustatzen eta babesten: ondo lo egin behar dugu osasuntsu egoteko».
«Lo gauden denboran ez dugu ekoizten eta kontsumitzen, eta, alde horretatik, potentzial politiko garrantzitsua dauka»
IRENE COULONFilosofoa eta ikertzailea
Horren harira, badira loaren paradigma aldatzen ari delako iritziak. Coulonek, ordea, zalantzak ditu: «Askotan loaren medikuntza instrumentalizatu egiten da: lo egin behar dugu osasuntsu egoteko, baina ez bakarrik horretarako, bazik eta produktiboago izateko, efizienteago izateko... Ez dago hain argi paradigma aldaketa den edo logikak antzekoa izaten segitzen ote duen, nahiz eta egun loari balioa ematen zaion; hori albiste on bat da».
Izan ere, loaren industria asko ari da handitzen. Arriskutsutzat jotzen du filosofoak: «Honela saltzen da: ‘Produktu hauek guztiak erosten badituzu, ondo egingo duzu lo, eta, ondorioz, herritar super osasuntsua, super produktiboa eta super efizientea izango zara’. Badakigu loa ez dela hain sinplea. Lo egiten saiatu eta lortu ez duen oro jabetzen da. Lo egiten dugun ordu kopuruari eragiten diote dauzkagun baldintza materialek. Ez bazara hilabete bukaerara iristen, eta ez badituzu ondo eta lasai egoteko arrazoiak, eta hurrengo goizean oso goiz esnatu behar baduzu, ez zara ondo iritsiko ohera eta ez duzu ondo lo egingo. Baldintza materialak oso garrantzitsuak dira: ez da gauza bera etxe prekario batean bizitzea —inguruan zarata duzula— edo kristoren etxe batean, auzo oso lasai batean».
Loaren bueltako errua
Eta, ondorioz, hain errotutako tradizio judeokristauaren ardatz bat sartzen da ekuazioan: errua. «Errua sentitzen dugu lo luze egiteagatik —eguna galdu izan bagenu bezala sentitzen gara— eta lorik ez egiteagatik. Bereziki gehiegi lo egiteagatik sentitzen den erruaren aurka egin nahi dut. Eraikuntza ideologiko bat da, une historiko oso jakin batean hasitakoa, eta geure aurka funtzionatzen du. Barneratu dugu, eta ez digu mesederik egiten».
Badago horri guztiari buelta ematea, ordea. Loak dakarren gozamenagatik beragatik lo egitea lortzea defendatzen du Coulonek: «Lo gauden denboran ez dugu ekoizten eta kontsumitzen, eta, alde horretatik, potentzial politiko garrantzitsua dauka erresistentzia egiteko esna aldiaren exijentzia guztien kontra; egin behar dugun dena ekoiztea dela, alegia».
Gainera, herritar gehienek aldi berean lo egiteak sinkronizazio bat dakar, eta elkartasuna: «Kolektiboki eta une berean lo egitea zera da, aldi berean zaurgarri izatea. Nire ustez, oso ederra da, eta elkartasun forma bat eraikitzen du. Kolektibotasun loti bat sortzen da. Gero eta indibidualistagoa den mundu batean, lo egitea bezain gauza zaurgarria egitea oso praktika potentea da».
loaldi poetikoak eta kolektiboak
Loa kolektibizatzeko tresna bat da artea, eta izan dira horren bueltako proposamenak. Esaterako, Oier Guillan idazleak gidatuta, Loaren defentsan performancea egin zuten iaz Oiartzungo (Gipuzkoa) Poesia Egunean. Guillanek idatzitako Loaren defentsan testu sorta irakurri zuten, horretan inspiratutako pieza eszenikoak egin zituzten, eta publikoak oholtza gainean egin zuen lo. «Zer esperientzia intentsoa den norbaiti eskutik helduta adieraztea lo lasai egin dezakeela, eta batzuetan zer zaila izan daitekeen. Pentsatu nuen gorpuztu genezakeela loaren babes behar hori. Enpatia ariketa bat egin genezakeen horrekin, hori gorputzean benetan sentituz», azaldu du Guillanek.Â
Aitana Cordero koreografoak, berriz, siesta tailerrak antolatu izan ditu, esaterako, Iruñeko Erraiak jaialdian eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa). «Partekatutako atseden baten bueltan elkarrekin egoteak dakarren potentzialitatea mugitzea da siesta tailerra. Loa kolektibizatzeak iruditeria berriak eraikitzea errazten du, eta, finean, elkarrekin egoteko beste modu batzuk sortzea eta esploratzea».