Loreek jantzietan egoteko dituzten motiboez

‘Lorategi bat soinean’ erakusketako arduradunek azaldu dute gizarte aldaketek laguntzen dutela modaren garapena ulertzen eta, aldi berean, gizartearena berarena. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Rokoko estiloko jantziak, 'Lorategi bat soinean' erakusketan, San Telmo museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Rokoko estiloko jantziak, 'Lorategi bat soinean' erakusketan, San Telmo museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
Donostia
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Noiz sortu zen moda bere horretan? Zergatik irudikatu du gizakiak natura bere sorkarietan? Eta jantzietan? Zergatik izan dira loreak, askotan? San Telmo museoko erakusketa berria ageriko gertaera batetik abiatu dute: gizakiak historian zehar egin dituen naturaren irudikapenetatik. Adierazpen hori kultura guztietara zabaldu izan dela kontatu du Gema Batanero erakusketaren komisarioak, garai orotan, eta nabaria dela natura fisikoki gorputzera hurbiltzeko joera: «Horrek azalduko luke naturak modan daukan presentzia nabaria, garai guztietan». 

Halere, harreman hori bereziki izan zen emankorra Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean, XVIII. mendean. «Natura betidanik irudikatu izan da modan; gaur egun ere bai. Baina garai jakin horretan eklosio bat gertatu zen, garai hartako joera filosofiko eta intelektual, eta ikerketa zientifiko eta botanikoei esker. Horrek interes handia eragin zuen aristokraziaren artean, eta edozein motatako lore zein landareak irudikatu zituzten beren jantzietan; jantzi oso garestietan, bide batez», azaldu du komisarioak. 

(ID_15037499) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-06-06, Donostia. 'Lorategi bat soinean' erakusketa, Susana Soto San Telmo Museoko zuzen...
Gema Batanero komisarioa 'Lorategi bat soinean' erakusketaren aurrean, aste honen hasieran. ANDONI CANELLADA / FOKU

Madrilgo Trajearen Museoarekin batera antolatu dute erakusketa: bertan urtebete zeraman erakusketa ekarri dute Euskal Herrira, eta pieza batzuk batu dizkiote. Hala, bilduma zabaldu ahal izan dute. Gainera, naturaren irudikapenak dituzten euskal diseinatzaileen lanak ere txertatu dituzte; XX. mendeko lanak badira ere, erakusketak dituen anakronismoak baliatuta gehitu dituzte.

Erakusketan 148 jantzi eta ehun historiko daude: Trajearen Museoko 76, eta San Telmoko 23; gehienak XVIII. mendekoak dira. Hego Euskal Herriko eta Espainiako beste erakunde batzuetako funtsak ere batu dituzte: dokumentu bibliografikoak, margolanak, zeramika eta abanikoak, besteak beste.

Gema Batanerok egin du lan hori; Trajearen Museoko langilea da. Ehungintzaren alorrean sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du: «Garai hartan gizakiak naturarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren lore irudikapen horiek». Garaiz garai joan da azaltzen.

Ugaritasuna ona zenean

XVIII. mendean, aldaketa teknologikoak oso azkar gertatu ziren oihalgintzan; orduan sortu zen moda, bere horretan, eta hura sortzea sustatu zuten hainbat urtez. San Telmo museoko atal bat oso-osorik eskaini diote horri; soinekoak, jakak, zeramikak eta izkribuak daude, txukun-txukun antolatuta.

Lehenago, XVII. mendean, lore errepresentazioak oso simetrikoak eta ordenatuak izaten ziren. Hurrengo mendean, baina, logika hori aldatu, eta motiboak askoz ere dinamikoago bihurtu ziren. Hainbeste, non furia izena jarri baitzieten, horren dekorazio sutsua izateagatik. Fantasia eta naturalismoa nahasten zituzten.

«Oso desproportzio handia dago naturako elementuen tamainen artean: ikus daiteke asto txiki bat lore izugarri baten ondoan»

GEMA BATANERO Erakusketaren komisarioa

Bitrinetan daude horren adibide argi batzuk. «Oso desproportzio handia dago naturako elementuen tamainen artean: ikus daiteke asto txiki bat lore izugarri baten ondoan», adierazi du Batanerok. 

Kasaka bat ere jarri du adibide. Apaingarri pila dauzka trinkotuta. Hain zuzen, bizkarraldean, apur bat ezkutuan, granada bat bereiz daitekeela kontatu du. Granadak tradizio ikonografiko handia izan du Europan: Persiatik heldu zen, eta ugalkortasunarekin lotzen zuten han. Horixe da erakusketan gehien azaltzen den espeziea. Peoniak ere askotan azaltzen dira, horien petalo handiek bat egiten baitute garai hartako estiloarekin. 

Halere, loreak, adarrak eta hosto zabalak erronka handia ziren jostunentzat. Oihalek beraiek zituzten lore motiboak, baina zatitu egin behar izaten zituzten patroiak egiteko, eta justu-justu mozten zituzten, oihala ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Baina jantzietan lore motibo orekatuak eta zentzudunak egin nahi izaten zituzten; beraz, oso ondo planifikatzen zituzten patroiak, gero jantzietan motiboek zehatz-mehatz bat egin zezaten, hau da, petaloen eta adartxo txikienen irudiek jarraitutasuna izan zezaten. Beste bitrina batean jostun batek marraztutako patroiak ikus daitezke, 1720. urteko liburu batean.

(ID_17496386507925) (/EZEZAGUNA) ‘Lorategi bat soinean’ erakusketa aste hasieratik ikusgai dago San Telmo museoan, eta irailaren 28ra a...
'Lorategi bat soinean' erakusketako pieza bat, San Telmo museoan. NEREA INTXAUSTI CASTIÑEIRA

Arrazoi beragatik daude erakusketan goialdeko jantzi askoz gehiago, behealdekoak baino: alkandorak, jakak, txalekoak… «Arrazoia erabat praktikoa da: behealdeko jantziek askoz ere oihal gehiago zuten, eta oihala baliotsua eta garestia zen». 

Ilustratzaile ilustratuak

Loreek hain zuten garrantzi handia, ezen lore margolariak izan baitziren XVIII. mendean sortu ziren diseinu eskoletako irakasle. Haiek erakutsi zizkieten konbentzio botanikoak hurrengo mendeko diseinatzaileei. «Ikasle horiek botanikaren marrazkigintza ikasi zuten, marrazkilari batek anatomiaren marrazkigintza ikasten duen bezalaxe; irakasgai nagusia zen haientzat». 

XIX. mendean, botanika izugarri garatu zen, gainerako zientziak bezala, ilustratuek etengabeko aurrerapenak egin zituztelako: mundua modu ordenatuan antolatzeko eta entziklopediatan biltzeko joera izan zuten. Natura ikertzeko sistema berri horiek aukera eman zuten gizarteko kultura materialean eragina izango zuten ilustrazioak egiteko: intelektualek eta artistek inspirazioa topatu zuten beren sorkarietarako.

Esaterako, aurrerapen nabarmenena Carlos Linneo naturalista suediarrak sortu zuen. Sistema bat garatu zuen bizidunak bereizteko eta izendatzeko. Horretarako, ilustrazio botanikoek indarra hartu zuten, bai zientziaren alorrean —ilustratzaile eta naturalista askok batera egiten zuten lan—, bai alor ekonomiko eta politikoan ere: espedizio zientifikoak areagotu ziren estatu ilustratuen artean, esate baterako.

Ez zuten nahi errealitateari hertsiki lotutako irudikapenak egitea, baizik eta landareak zenbait ikuspuntutatik erakustea. Udan eta udaberrian larreetako loreak marrazten zituzten, baina, neguan, esaterako, estanpak erabiltzen zituzten, eta horrela bilakatu ziren grabatuak ezinbesteko. Egile askok lizentzia ugari hartu zituzten estanpetatik eta grabatuetatik modarako, eta zeta edo brodatuak baino eskuragarriagoak eta merkeagoak ziren oihal horiek. 

Era berean, famatu egin ziren portzelanazko piezak ere: Meissenen portzelanak. Europan lehenak izan ziren horiek egiten. Grabatu botanikoetan azaltzen ziren motiboak kopiatzen zituzten portzelanan; ospetsua egin zen, adibidez, erdi irekitako arrosaren motiboa.

«Asmoa jada ez zen loreak jantzi guztian zehar jartzea, baizik eta leku jakin batzuetan ipintzea, arreta emateko: lepoan, aldaketan…»

GEMA BATANERO Erakusketaren komisarioa

Aurrerago joan da Batanero, beste gela batera. Bertan, rokoko estiloak ekarri zituen aldaketak azaldu ditu: «Loreak eta fruituak ildo kontserbadoretik aldenduko dira». Hasieran oso deskriptiboak izan baziren ere, aurreko hamarkadako oihal naturalisten antzera, gero eta idealizatuagoak bihurtu ziren: arinagoak, dinamikoagoak; sentsualitatearen bila. Motiboak txikiagoak bilakatu ziren, eta hutsune gehiago izango dira batetik bestera.

Ingeles erako soineko bat jarri du neoklasizismoaren abiapuntua azaltzeko adibide. Nabarmenagoak dira lerro bertikalak, lerro geometrikoak eta, beraz, arrazionaltasuna. «Asmoa jada ez zen loreak jantzi guztian zehar jartzea, baizik eta leku jakin batzuetan ipintzea, arreta emateko: lepoan, aldaketan…». Koloreak ere leunagoak dira, neoklasizismoan garai klasikora jo nahi izan baitzuten berriro.

Adibidez, erakusketako gona batek dituen huntzak seinalatu du. Huntza hilezkortasunarekin lotzen zen; izan ere, landare horrek bizitza luzea du eta beti da berdea, hau da, ez zimeltzeko gaitasuna du. Brodatuek ere garrantzia hartu zuten mendearen bigarren erdialdean, motiboetan arrazionaltasuna txertatzeko aukera ematen baitzuten.

Ekialdetik Europara

Aro Modernoan etengabeak izan ziren ekialdeko naturaren eraginak Europan, merkataritzan jada oso sustraituak baitzeuden Indietako bidea eta zetaren bidea oihalak inportatzeko. Horiei esker, lore irudikapenak oso azkar aldatu ziren. 

Bertako lore motiboekin integratu ziren Indiatik eta Txinatik heldu ziren espresio exotikoak, lehendik ikusi gabeak. Ospe handia izan zuten: Ekialdeko eta Europako natura fusionatzen zituzten. Peoniak, adibidez, izugarrizko arrakasta zuen Europako jantzietan. Askotan erabili zuten, eta horrela sortu ziren zetazko xalak.

XX. mendeko diseinatzaileen lanetan ere nabari da ekialdeko estiloaren eragina. Ikusgai dago Cristobal Balentziaga moda diseinatzaileak egindako soineko bat: «Argi eta garbi, ekialdeko estiloan eta zetazko xaletan inspiratu zen, baina haietan azaltzen diren peoniak erabili beharrean, arantzadun arrosak erabili zituen, Europako iruditerian ohikoagoak ziren eta». 

(ID_17496395169225) (/EZEZAGUNA) \'Lorategi bat soinean\' erakusketa aste hasieratik ikusgai dago San Telmo museoan, eta irailaren 28ra a...
Cristobal Balentziaga moda diseinatzailearen soineko bat eta zetazko xal bat, 'Lorategi bat soinean' erakusketan. NEREA INTXAUSTI CASTIÑEIRA

Haurrak ere lorez beteko dira

«Natura beti izan da leku atsegina, gozamenerako tokia, sozializatzekoa eta ospatzekoa», esan du Batanerok amaieran. Jendea animatu du erakusketa ikustera: ‘Lorategi bat soinean’ aste honen hasieran ireki dute San Telmo museoan, eta irailaren 28ra arte egongo da ikusgai, aldi baterako erakusketen gunean. 

Erakusketarekin zerikusia duten ekitaldi gehiago ere prestatu dituzte: asteartean hitzaldi bat eman zuen Gema Batanero komisarioak, eta ekainaren 17an beste bat egingo dute botanika ilustratuari buruz, esaterako. Tartean, familientzako tailerrak egingo dituzte: estanpazio tailer esperimentala egingo dute, eta lore eta materialekin proiektatzen diren irudiak sortuko dituzte diapositibak erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.