Bada Eskozia Berrian (Kanada), Cape Breton uhartean, mikmak komunitatearen Unama’ki lurraldean, 1744. urteko gotorleku bat. Jauzarrea elkartearen programari esker, euskaraz egiten diete harrera urtero hara joaten diren 150.000 turistei. Xabi Oterok (San Adrian, Nafarroa, 1953) liburu batean jaso du hango jarduna: Euskaldunak. Kanata. Louisbourg 1744.
Zer da kanata?
Kanata hitzak zera esan nahi du: norbere lurra, ama lurra. Kanada hitza bera kanata-tik dator, lehen nazioaren talde batena den hizkuntzatik: irokesen hizkuntzatik.
Nola iritsi zinen zu Kanata-ra?
1983an joan nintzen lehen aldiz. San Juan baleontziaren aztarnategia bisitatzera gonbidatu ninduten. Manu Izagirre adiskidearen bidez joan nintzen, eta bi hilabete egin nituen han. Gauza asko deskubritu nituen; sekulako ezustekoa izan zen niretzat.
Louisbourg gotorlekua ere orduan ezagutu zenuen?
Aztarnategiko buruak laguntza eskatu zigun. Denboraldia amaitu zen, eta traste guztiak bere etxera eraman beharra zeuzkan, furgonetan. Ottawan bizi zen, eta esan zigun aukera ederra zela berarekin batera ingurune hura guztia zeharkatzeko. Besteak beste, Ternua eta Labrador igaro genituen, eta Eskozia Berrian egin genuen lehen geldialdia: Louisbourg gotorleku historikoan.

Zuek zertara joan zineten?
Gure egitekoa zen aztarnategian euskal etnografiarekin zerikusia zeukaten objektuak identifikatzen laguntzea. Baina leku hura ikusgarria iruditu zitzaidan, sekula ikusi gabekoa: berregite historikorako gune bat. Bat-bateko maitemina izan zen. Askotan bueltatzen nintzen hara, zerbait egiteko asmoz. Gure erakundeei ere proposatu nien, baina inork ez zigun kasurik egin.
2018an aldatu zen dena.
Jauzarrea elkarteak antolatzen dituen nazioarteko kongresu horietako batean. Proposatu ziguten kongresua Eskozia Berriko Cape Breton unibertsitatean egitea, mikmak lehen nazioko indigenekin batera. Eta han izan zen Louisbourgeko zuzendaria ere. Bazuen nik behin eta berriro proposatzen nuen horren berri. Esan zidan ideia horri buruz hitz egin behar genuela. Euskaldunei buruzko zerbait egin behar genuela. Eta orduan erabaki genuen gure elkarteko lehen neska boluntarioak Louisbourgera bidaltzea.
Izan ere, XVIII. mendean, gotorlekuko biztanleen ia laurdenak euskaldunak ziren.
Oso kuriosoa da. Gu lehen aldiz gotorlekuko bisita gidatura sartu ginenean, zaindari bat agertu zen zubiko atetzarrean. Eta galdetu zigun ea nondik gentozen. Guk erantzun genion euskaldunak ginela. Haren erantzuna: «Euskaldunak? Goienetxetarrak oso arrantzale onak ziren!». Hortik atera kontuak: oso ohikoa zen han euskaldunak egotea. Ipar Euskal Herritik 90 ontzi joaten ziren urtero bakailaotara: Ziburutik, Donibane Lohizunetik, Getariatik, Baionatik... Hegoaldeko ontziak ezin ziren garai hartan hara joan, eta Iparraldeko eta Hegoaldeko arrantzaleekin osatzen zituzten eskifaiak. Euskal kulturaren nahasketa interesgarri bat zen.
Eta Jauzarreak programa bat abiatu zuen han orduan?
Louisbourgeko arduradunentzat garrantzitsua zen bisita gidatu horietan euskal herritarren presentzia nabarmentzea. Garai hartan, frantsesak ziren gehienak, eta euskal herritarrak ondoren.
«Jauzarrea elkartearen programaren helburu nagusia da Louisbourg gotorlekuan berriro ere euskara entzutea»
Liburuan hori dago jasota?
Liburuaren helburu nagusia Jauzarrearen lana azaleratzea da: Louisbourgeko gotorlekuan azken bost urteotan abian jarritako programa hori zer izan den dokumentatzea. Izan ere, gotorlekua erakusleiho pribilegiatu bat da euskaldunontzat: Kanadako leku historiko nazionala da, eta 150.000 lagunek bisitatzen dute turismo sasoian. Goizetan, gotorlekutik kanpora dagoen etxe batean egoten gara: euskal arrantzaleen taberna batean. Bisitariak hara iristen dira lehenengo, gure neskek euskaraz egiten diete harrera, eta itzuli egiten dituzte gero haien hitzak: ingelesera, frantsesera... Eguerdian, ikuskizun bat egoten da gotorlekuan: jauntxoaren gelan lapurretan harrapatu duten neska gazte baten istorioa kontatzen dute. Neska hori euskal herritarra denez, ikuskizunak irauten duen ordu erdi horretan, euskaraz aritzen da une oro. Arratsaldean, gotorlekuko beste taberna batean, euskal dantzak dantzatzen dituzte soineko benetan ikusgarri batzuekin. Alegia, euskararen eta euskal herritarren presentzia erabatekoa da gotorlekuko bisita horretan.
Eta urtero zoazte elementu berriak sartzen?
Inportanteena da Parks Canada hango lantaldean erabat errotu dela euskal kultura. Lehen, ez zekiten oso ongi gu kokatzen; orain, Frantziarekin eta Espainiarekin muga egiten duen estaturik gabeko nazio gisa aurkezten gaituzte. Gure programaren helburu nagusia da gotorlekuan berriro ere euskara entzutea.
Jauzarrearen lorpena da hori guztia?
2009an hasi nintzen Jauzarrea sortzen, Beatriz bikotekidearekin batera. Kipula eraztunen gisa: lagunei azalduz, lagun haiek euren lagunei azalduz... 360 bat kide lortu genituen: urtero 100 euroko kuota jartzen dute, antolatzen ditugun kongresuak antolatu ahal izateko. Horri esker, nazioarteko hainbat ikerlari ekarri ahal izan ditugu, goi mailakoak. Eta 240 laguneko kolaboratzaile sarea sortu dugu munduan. Jauzarrea, azken finean, euskal kulturaren ikerketarako eta zabalpenerako funts bat da. Gurekin aritu nahi duenak, idatzi dezala hona: jauzarrean@gmail.com.
lotsabako
Kanadako argazki bat?
1983an, lehen aldiz joan nintzenean atera nuena: iceberg bat, eta hegaztiak haren aurretik pasatzen: ahate beltzak.Euskal Herriko argazki bat?
Baztango paisaia bat, langar artean.Liburu bat?
The Wake of the Whale, Bill Courtsinger argazkilariarena.Argazkilari bat?
Pete Turner.
 
     
    