Berritasuna horixe da. Jende normal eta soilak ireki duela adiskidetasunaren, sormenaren bidea, ilusioz, ekinaren ekinez, alderdi politikoetatik at». Mirentxu Purroi kazetari iruindarrak bi aldiz ikusi du Jostunak, herritarren borondatek jositako istorio bat dokumentala. Asteazkenean estreinatu zuten Bilboko Alondegian, eta atzo, berriz, Iruñeko Golem zinema aretoetan. Izenburuagatik zuzenean ehungintzari buruzko istorio bat kontatzen duela eman arren, egiazko jostunak euskal herritar anonimoak dira. Haiek dira protagonista nagusiak. Hiru administraziotan banandutako Euskal Herrian, muga eta lubaki anitz dira, eta, hain justu ere, herritarren arteko elkarlanaren bidez horiek josi eta gainditzeko beharra nabarmentzen du dokumentalak.
Atzo, 11:00etan, 50 lagun inguru joan ziren Golem zinema aretoetara. Gure Esku Dago mugimenduko ordezkarien asmoa da eskatzen duten herri guztietan ematea eta, hortik aurrera, ahalik eta oihartzun handiena lortzea. Orotz-Betelu eskualdean parte hartu du Josu Orejak, eta jende gehiagorengana iritsi nahiko luke: «Badago jendea lehendabiziko aldiz parte hartu duena, baina ez du gehiago jakin nahi izan, eta orain beste horri ere esan nahi diogu: 'Hau benetakoa da, eta aurrera doa'».
Jostunak dokumentala batik bat ahots ugarik osatutako kontakizuna da: batzuk ezagunak, baina batik bat herritar anonimoek dute protagonismoa, horiek izan baitira Gure Esku Dago egitasmoaren bultzatzaileak. Dokumentalak elkarrekin harilkatzen diren bi ildo nagusi ditu: batean, iaz Beasaingo Igartza jauregian egindako lehen bileratik ekainaren 8ko giza kate erraldoirainoko historia kontatzen du; bestean, hainbat pertsona ezagunek gogoeta egiten dute erabakitzeko eskubidea auzi demokratikoa ote den edo legearen gainetik herritarren borondatea dagoen, hala nola Juan Jose Ibarretxek, Garbiñe Biurrunek, Jon Azuak, Gemma Zabaletak, Pili Kalzadak, Mixel Berhokoirigoinek, Menane Oxandabaratzek, Floren Aoizek, Mario Zubiagak eta Gaizka Arangurenek.
Bi istorio lerro horien gainean harilkatzen da Eriz Zapirainek eta Ion Telleriak landutako dokumentala. Hala, argudio arrazionalekin batera, emozioak ere pisu handia du, Gure Esku Dago-n parte hartutako herritarren hasierako zalantzei eta beldurrei gain hartzen dielako ekainaren 8ko erauntsiak. Hasieran, iazko Kataluniako Diadara joan zen Zelai Nicolasek gogora ekartzen du kataluniar batek ohartarazi ziola sei urte behar zituztela giza katea osatzeko: «Eta guk bederatzi hilabetean egin nahi dugu». Giza katearen egunean, berriz, mundu guztia hunkiturik zegoen hiru belaunaldiko 150.000 herritarrek Durango eta Iruñea elkar lotu zituztelako.
Hortik aurrera, dokumentalak aintzat hartzen ditu beste hainbat ñabardura: Euskal Herriko hiru eremu administratiboek eragindako errealitate aniztasuna eta konplexutasuna, Eskoziako erreferenduma... Eskoziaren kasuan, emaitza gutxienekoa zen. Gure Esku Dago-ko Ainhoa Mendibilek eta Amets Arzallusek hara bidaiatu zuten, eta gertutik ikusi zuten zuten nola makina bat eskoziar senditan senide batzuk baiezkoaren aldekoak ziren eta besteak ezezkoaren aldekoak, eta ez zen ezer gertatzen. Hori ikusita, Arzallusek azpimarratzen du Euskal Herrian kausa txikienak zauriak eragiten dituela, baina Eskozian tamaina horretako eztabaida politikoa normal hartzen dela. Normaltasun hura garaipen moduan islatzen du dokumentalak.
Ordu eta erdiko emanaldia Golem zinema aretoan bildutakoen txalo artean amaitu zen. «Nire ustez, dokumentalaren meritu handiena da berritasun izugarri hori ondo jasotzen duela. Gurekin guztiokin hasten da, eta aurrea hartua digun Eskozian amaitzen du. Eskozia aurreratu da herritarrengatik», azpimarratu zuen Mirentxu Purroik, eta gaineratu zuen alderdi politikoak ez direla oraindik ohartu hasi dela herritarrek politikan protagonismoa bereganatzen duten garaia.
Urko Aristi kazetaria Iruñean izan zen, eta gustuko izan zuen emanaldia: «Dokumentalak asmatu egin du. Jostun horiek duten jostorratzak balio izan du lubakiak josteko, baina balio izan du ziztada bat sortzeko ere. Azkenean Gure Esku Dago-ren lorpena izan da: erdi lokartuak geunden, eta bat-batean holako ziztada bat izan dugu. Horren aurrean gorputzak badu horrelako erreakzio bat, eta azaleratu digu barruan genuen ilusio hori».
Txetxu Ezkurra eta Aitor Irastorzari «hunkigarria» iruditu zaie dokumentala, eta ilusioz atera dira. «Nik uste garrantzitsuena herriaren parte hartzea izan dela; harekin lortu zen herritar gehiago mugitzea erabakitzeko eskubidearen inguruan», azaldu zuen Ezkurrak. Irastorzaren irudiko, egindako lan guztia garrantzitsua izan da: «Egon gara orain arte ilunpean, eta orain zulotik ateratzen hasi gara. Ea fruiturik ematen duen bide honek».
ATZEKOZ AURRERA
Lubakiak josteko xedez
'Jostunak' ez da ehungintzari buruzko istorio bat. Jostunak herritarrak dira, eta ekainaren 8ko giza katearen istorioa eta erabakitzeko eskubidearen garrantzia kontatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu