Ezezagunak izan ohi dira lurpeko urak, baina azalekoek bezainbesteko garrantzia dute uraren zikloan. Ura hartu eta eman egiten dute akuiferoek, eta baita eraldatu ere; arroken mineraletatik gorpuzten da, eta, beraz, osasunaren bidean ere bere funtzioa betetzen du sarritan. Euskal Herrian hainbat akuifero daude, batez ere kareharrizkoak eta hareharrizkoak, mendi gainetan edo haranetan kokatuta, eta horrek eragina du barnean hartzen duten uraren kalitatean ere.
Euskal Herriko akuiferoen egoera nola dagoen aztertuko du bihar Bizigiro gehigarriak, eta, horretarako, adituen hitzak jasoko dira. Iñaki Antiguedad hidrogeologoak eta EHUko ikertzaileak, Celso Gil Nafarroako Gobernuko ekonomia zirkularreko eta klima aldaketaren zerbitzuko teknikariak, eta Miren Errandonea Nafarroako Ingurumen Kudeaketako teknikariak beraien iritzia emango dute gai honen inguruan.
Haien arabera, euskal lurraldeetako akuiferoetako uraren kalitatea «ona» da, baina aitortu dute haranetakoak kutsatuago egon ohi direla, hala nola gizakiaren jarduerarengatik. Klima aldaketari ere erreparatu diote: azaldu dute ezin daitekeela ziurtasunez jakin zer gertatuko den datozen urteetan, baina uste dute beroketa globalaren ondorioz, ura gehiago lurrunduko dela, eta, horrek akuiferoetan eragina izango duela, besteak beste, ur gutxiago sartu daitekeelako. Beraz, ebapotranspirazioan eta lurraren antolamenduan jarri dute arreta.
Txakolina, errezetak, eta gehiago
Txakomic egitasmoaren berri ere emango du BERRIAk. Bizkaiko Txakolina, Leioako Mendibile jauregia eta Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkartearen artean sortu dute proiektua, ustez elkarrengandik urrun dauden bi diziplina, txakolina eta komikia, uztartzeko. Batetik, ekainaren lehen bi asteburuetan hainbat jarduera egingo dituzte Mendibile Jauregian eta Bakioko Txakolinaren museoan. Bestetik, Bizkaiko zazpi sortzailek zazpi komiki sortuko dituzte, txakolinari buruzko istorioak ezagutarazteko. Eta, azkenik, liburu bat osatuko dute komikien bidez Bizkaiko txakolinaren historia eta ibilbidea jasotzeko.
Txakolinik ez, baina, gastronomian, sasoiko produktuekin osatutako errezeta bat dakar Iker Markinez Kuko jatetxeko (Ormaiztegi, Gipuzkoa) sukaldariak. Ilarrak eta baba freskoak izango ditu osagai nagusi, arrautza galdarraztatuarekin eginda, lau lagunek aise jateko moduan. Ardoaren atalean, berriz, Roberto Sarriugartek Errioxara (Espainia) egingo du bidaia bat, bertako upategi baten ibilbidez eta ardoaz hitz egiteko.
Telesailetan, The Underground Railroad telesaila izango du hizpide Mikel Yarza Artolak. Barry Jenkis zinemagile estatubatuarrarena da, baina, aurrez, fikziozko Pulitzer saria irabazi zuen izen bereko nobelak. Telesail formatura egokituta, beraz, AEBetako bi esklabo beltzen istorioa kontatzen du. Nagore Arin kazetariak, berriz, Ipar Euskal Herriko zinema aretoen irekierarekin batera, Promising Young Woman filma dakar. Iaz estreinatu zuten filma, eta, genero bat baino gehiago uztartzen ditu. Cassie izeneko emakume gazte bat da protagonista, baina bat-bateko gertakari ezatsegin batek bere ibilbide profesionalari eragiten dio.
Azkenik, Hendaian (Lapurdi) asteazkenean irekitako Bordeline Fabrika kulturgunea ezagutzeko aukera egongo da. Publiko osoari zabaldutako elkargune bat da, baina artistek aukera izango dute espazio horretan sorkuntzari, produkzioari eta erakusketari ere ekiteko. Taberna bat ere bada, eta programazio zabala dute antolatuta.