Lurrik gabeko lursagarrak

Hazitarako patatak ekoizteko, aeroponia sistema ikertzen ari da Gasteizko Newco, patataren garapen eta teknologia berritzaileen inguruko

Gasteiz
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Lurra landu, hazia erein, ureztatu eta uzta jaso. Gaur arte ibilbide hori egin izan dute nekazariek euren bizimodua aurrera ateratzeko. Gaurtik aurrera, ordea, hazitarako lantzen diren patatek ez dute lurraren beharrik izango. Newco enpresa, Neiker-Teknalia nekazaritzako ikerketa eta garapenerako euskal erakundearen lankidetzarekin, tuberkuluak airetan ekoizteko ikerketa batean murgildurik dago. Aeroponia izeneko ekoizte sistema berri horrekin, zenbait aurrerakuntza izango ditu ereiteko patataren produkzioak. Jatekoak, oraingoz, lurpean jarraitu beharko du.

Orain artean, hazitarako patataren ekoizpena turba-substratu dentsitate handietako sailetan egin izan da negutegietan. Ohiko sistema horrek, ordea, lan handia du, eta aeroponiak baino kostu handiagoak sortzen ditu ekoizterako garaian, landare bakoitzetik hiru eta lau patata bitartean sortzen baitira. Ana Carrasco Newco enpresako teknikariaren arabera, «lurrik gabeko ereite sistema berri honekin, produkzioa bost aldiz handituko da, landare batetik hogei ale jasotzeraino».

Lurretik datozen zenbait gaixotasun ere gutxituko dira, bertan dauden hainbat patogenoren kontaktua saihestuko baita. «Landareak beharrezko duen uraren eta ongarrien kopurua ere jaitsi egingo da, hazte prozesuan beharrezko duten elikagai kantitatea zehazteko aukera emango baitu; horrela, ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egingo zaio, eta produkzio iraunkorragoa lortuko da».

Airetan eta ilunpean

Aeroponia sistemarekin landatutako patata landareak negutegietan haziko dira, sustraiak airetan eta ilunpean direla. Landareak lainoztatze prozesu programatu baten bidez ureztatu eta ongarrituko dira. «Lurreko gaixotasunetatik babestuta eta airetan hazita, landarearen produkzioa handitzen da, eta horrek patataren prezioa merkatuko du».

Hazitarako erabili ohi den patata alearen neurri egokia 25 milimetro diametro ingurukoa izan ohi da. «Aeroponiarekin, patataren garapenaren uneoroko kontrola eraman ahalko da, alearen neurri egokia lortu artean; horrekin, produkzio homogeneoago bat izango dugu».

Ekoizpen prozesuaren ziklo osoa

Newcon, hasieratik amaierarako zikloa osatu nahi dute hazitarako patataren ekoizpenean. In vitro bidez gaixotasunik gabeko landareak lortzea izango da lehen pausoa; ondoren, landare horietatik hazitarako patatak jasoko dira, haziaren lehen uzta osatuz. Lortutako tuberkulu horiekin, gaur arteko ereite modua erabilita edo aeroponiaren bitartez, kontsumitzen dugun patataren kalitate ona lortzea da Newcoren asmoa. «Aztertzen ari garen sistema hau eskala handitako produkzioetarako izatea nahiko genuke, ondoren kalitate oneko patata erein ahal izateko», azaldu du Carrascok. Aeroponia ez da hain egokia izango, ordea, nekazari txikientzat, nahiz eta produkzioan gastu gutxiago izan, inbertsio handia egitea eskatzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.