Komunikazioa. Irlen sarea

Lurrikara teknologikoa

gorka julio
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Japonian gertatutako lurrikara, ondorengo tsunamia eta hondamendi nuklearra jarraitu ahal izan ditugu egun hauetan. Mundu globalizatu honetan, munduko beste puntan zer gertatzen den jakiteko aukera izan dugu. Kasu honetan ere Internetek bere garrantzia erakutsi du, soluzioak bilatzeko, baina baita aditzera eman nahi izan ez den informazioa zabaltzeko ere.

Lurrikararen eta tsunamiaren ostean, erabat teknologikoa den Japonian Internetek bere azpiegitura gehienak mantentzea lortu zuen. Hainbat konexio erori baziren ere, batez ere bere izaera banatuari esker mantentzea lortu zuen. Horrela, hainbat informazio eta zerbitzu martxan jarri ahal izan dira. Googlek, adibidez, Person Finder (http://japan. person-finder.appspot. com/?lang=en) jarri zuen abian galdutako pertsonak aurkitzen laguntzeko. Estatuak gertatutakoaren inguruan erantzun bat eman ez zuenez, milaka lagunek Internetek eskainitako tresnen bidez beren senitartekoekin komunikatzea lortu zuten.

Horren kontrako aldean hondamendi nuklearraren inguruan gertatzen ari dena jar dezakegu. Azken urteetan teknologia aurrerapenetan konfiantza guztia jarriz energia nuklearrak berezko dituen arriskuak desagerrarazi zituztela pentsatu zuten askok. Teknologiak erroreak ditu, baina horretarako ere prest egon behar dugu. Kasu honetan, gainera, erroreak ez dira teknologikoak bakarrik izan. Wikileaksen informazioan oinarrituz The Guardian-ek zabaldu duenez, Japoniak bere energia nuklearreko proiektuetan zituen gabeziak eta galerak ezkutatu ditu.

Energiak eta batez ere elektrizitate sareak Internetek duen izaera banatuagotik ideiak hartu beharko lituzke. Haustura puntu zentralizatuak, kasu honetan zentral nuklearrak ekin beharko lituzke eta ondo konektatutako energia sorburu txiki askorekin ordezkatu, energia berriztagarriak kasu. Hori egiteko ez da ekimen handirik behar, bakoitzak bere ekarpena egin baitezake, sarera ordenagailu bat konektatzeko gaitasuna dugun moduan. Hala ere, teknologia jendartearen onerako edo txarrerako erabili, naturak gizakiok berau guztiz kontrolatzeko egindako ahaleginak antzuak direla gogoratzeko joera izaten du. Oraingoan, lurrikara, tsunami eta oraindik ikusteko dauden eraginak izango dituen hondamendi nuklearrarekin.

berriketan.info/gorkajulio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.