Telesailak

Luxuzko hotel baten azpiko iluntasuna

Adele Charki, kartzelatik irteteko birgizarteratze programa batean sartuta, Parisko luxuzko hotel batean hasiko da lanean. Lan soil bat dirudiena boterearen eta isilpeko itunen gudu zelai bihurtuko da berehala. Hotela metafora sozial gisa erabiliko dute.

'Privilèges' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
'Privilèges' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
gaizka izagirre
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adele Charki (Manon Bresch) da istorioaren protagonista; kartzelan preso dago, eta bere kondena murrizteko birgizarteratze programa batean parte hartzera behartuta dago. Etsipenak bultzatuta, lanpostu bat onartuko du Parisko Citadel luxuzko hotelean. Han, Edouard Galzain (Melvil Poupaud) da nagusia; irribarre neurtu batez agintzen duen gizona, boterea ohitura bihurtu duena, langileak modu bidegabean tratatzen dituen hoteleko zuzendaria da. Baina haren agintea ez da marmolezko zoruak bezain sendoa izango; arrakalak ditu, eta arrakala horietatik ihes egingo du egiak. Adelek laster ulertuko du ez dela soilik lanpostu bat. Ezkutuko gerra baten erdian dago, non keinu bakoitza arma bat izango den, eta isiltasuna, traizioaren hizkuntza.

Baina ate birakariak zeharkatu orduko, Adelek ulertuko du ez dela lan soil batera etorri. Ohartuko da barruan luxuak ez duela argirik sortzen, baizik eta itzal sakonagoak. Langile anbiziotsuak, bezero boteretsuak eta itzaletan mugitzen diren sareak lehian arituko dira, eta manipulazioaren eta traizioaren antzoki bihurtuko dute Citadel. Edouardekin duen harremana gero eta tirabiratsuagoa bihurtzen den heinean, Adeleren ausardia eta handinahia funtsezkoak izango dira bizirauteko.

Sortzaileek, Vladimir de Fontenayk eta Marie Mongek, luxuzko hotela metafora sozial bihurtuko dute, boterea aztertzeko, desberdintasuna bistaratzeko eta giza grinak biluzteko. Espazio itxi horretan, pribilegioa eta menderakuntza elkarren aurrean jarriko dira, eta tentsioa ia ukigarria bihurtuko da. Ingurune itxi horretan elite ekonomikoetako bezeroak eta baldintza prekarioetan lan egiten duten langileak elkartuko dira, egiturazko desberdintasunak gordinki agerian uzten dituen dinamika sortuz.

Luxuaren azpiko iluntasuna

Formalki, serieak hasieratik harrapatuko du ikuslea. Kamera ez da inoiz gelditzen, korridoreetan barrena irrist egiten du, aurpegietan iltzatzen da, eta ihes egiteko aukerarik uzten ez duen erritmo bat ezarriko du. Succession eta Industry telesailen oihartzunak sumatzen dira, bai estetikan, bai erritmoan; Amin Bouhafaren musikak Nicholas Britellen oihartzunak ekartzen ditu gogora, eta bai kamera mugimenduek bai irudien tratamenduak ere antzeko dotorezia hotza arnasten dute.

Eta erdigunean, Adele. Galdera baten eramailea: zenbat galdu behar da igotzeko? Haren ibilbidea antiheroi baten silueta izango da, anbizioaren sugarrek elikatua, baina beti amildegiaren ertzean. Haren begiradak egia bilatzen du, baina egia horrek prezio bat izango du. Eta prezio hori, agian, bere burua izango da.

Tonua bi indarren arteko dantza bat da; alde batetik, lanaren pisu gordina eta indarkeria isilaren errealitatea; bestetik, thrillerraren mekanismoak, intrigen sareak eta arriskuaren gorakada etengabea. Bi mundu horiek talka egiten dutenean sortzen da telesailaren benetako energia, ikuslea harrapatuko duena.

Privilèges ez da luxuaren ospakizuna, baizik eta haren azpian ezkutatzen den iluntasunaren erretratua. Ederra bezain krudela, liluragarria bezain gupidagabea. Amaraun bat da, hari fin eta distiratsuz ehundua. Behin barruan sartuta, ia ezinezkoa izango da ihes egitea.

'PRIVILÈGES'

  • Sortzaileak. Vladimir de Fontenay eta Marie Monge.
  • Herrialdea. Frantzia.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Manon Bresch, Melvil Poupaud, Anne Azoulay eta Mila Michael.
  • Non ikusi. HBO Max.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA