Entzierroa

Luzea izan da entzierroa, zezen bat atzean geratu delako

Harrigarria izan da: Jose Escolar ganadutegiko zezenek hirugarren aldia zuten Iruñean, eta aurreko bietan bezala, ibilbidearen hasieran gelditu da zezen bat gaur ere. Korrikaldi politak izan dira. Bi lagun zauritu dituzte adarrarekin eta hamar eraman dituzte erietxera. Lau minutu iraun du entzierroak. Bideoa: Bigarren entzierroa. [youtube]https://youtu.be/W1PV2gqpF_8[/youtube]

2017ko uztailaren 8a
08:54
Entzun

Sei zezenak batera atera dira San Domingoko ukuilutik. Joaldunak atzean utzita abiatu dira aldapan gora, baina, metro gutxitara, sei zezenetako bat atzera itzuli da. Gainerakoek zezen plazarako bidea egiten zuten bitartean, han ibili da zezen hura, aldapan behera jaitsi da, eta ukuilura sartu. Azken zezenei plazara iristen laguntzeko erabiltzen dituzten joaldunekin atera da ukuilutik, baina berriz ere barrura sartu da. Halako batean, ibilbideari ekin diete.

Ordurako iritsiak ziren gainerako bost zezenak zezen plazako ukuiluetara. San Domingoko aldapan pertsona bati adarra sartu dio zezen batek, eta gauza bera gertatu da Udaletxeko plazan ere. Baina, ohi duten gisan, Estafeta parean taldea luzatu egin da, eta korrikalarientzako tarteak egon dira. Lasterraldi politak izan dira. Ikusi dira korrikalari batzuk airean, baina, itxura batean, kale horretan ez diote inori adarrik sartu.

Bost zezenak plazan zirela, ibilbidearen hasieran zegoen arrisku gunea. Orduantxe abiatu da azken zezena joaldunekin. Haiek ondoan zituen arren, solte egin du bidea, eta korrikaldi ederrak egin dituzte lastekariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.