Jaiak. Arrigorriaga

Madalenak jateko prest

Arrigorriagan ohitura da, besteak beste, Madalena egunean goiztiarren artean gozoak banatzea

Ekitaldi ugari prestatu dituzte Arrigorriagako jaietarako. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Arrigorriaga (Bizkaia) festetan murgilduta dago pasa den ostegunetik. Madalena jaiak ospatzen dituzte, eta gaur egun handia dute. Ekitaldi ugari antolatu dituzte herritar guztientzat.

Bezperatik erretiratu gabe daudenek Madalena eguna mistelak eta madalenak jaten hasiko dute. 10:00etan izango da gozo banaketa. Ordu berean, baina Ugertza parkean, Angel Mingenezen oroimenezko XXIX. gastronomia lehiaketa egingo dute eguerdira bitartean. Parte hartzaileek bakailaoa, marmitakoa, paella eta patata tortilla prestatu beharko dute. Baina dena ez da jatea izango. 10:30etik aurrera V. Irristaketa Herri Ibilbidea egingo dute. Udalak gogorarazi du belaunetako eta eskumuturretako babesgarriak eramatea nahitaezkoa dela. Kirolarekin jarraituz, osasun etxearen ondoko frontoian hasiberrientzako esku pilota partidak egingo dituzte, 11:00etan. Ordu berean, umeek eskalada egiteko aukera izango dute kiroldegian. Bien bitartean, fededunek elizarako deia izango dute Madalena eguna dela eta. Bertatik ateratzerako zain edukiko dute Laudioko musika banda, eta kontzertua eskainiko diete. Bazkaldu aurretik, sabela berdintzeko, txakolin eta oliba dastatzea egingo dute udaletxe zaharreko etxabean.

Bazkalorduko geldialdiaren ostean, buruhandiak izango dira, 18:00etan. Ordu berean, taekwondo txapelketa egingo dute Joan XIII.aren plazan. Geroago, animazioa egongo da herriko kaleetan barrena, Laudioko Beti Jai fanfarrearen eskutik. 19:30ean, idi probak egingo dituzte Urgoiti pasealekuan. Ordubete beranduago, berriz, Oilaskotxea, kentzeko gosea! kale antzerkia ikusi ahal izango da udaletxeko plazan.

Eguna amaitzeko, Golden Apple Quartet musika taldeak kontzertua emango du, 22:30ean, udaletxeko plazan. Bestalde, Los Zilipotes eta Sarkor arituko dira txosnetan.

Bihar, haurren eguna

Madalena egunaren biharamunean, jaiek aurrera jarraituko dute Arrigorriagan. Haurren eguna izango da bihar. Modurik hoberenean hasiko dute eguna: buruhandiekin. Ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera izango dute haurrek. Besteak beste, marrazketa lehiaketa, tailerrak eta parkean jolasak egiteko aukera izango dute. Horren haur ez direnek ere izango dute zer egin: gazteen arteko futbol txapelketa egingo dute arratsaldean.

Jaiei kalejira batekin emango diete agurra, 22:30ean. Piroteknia ikuskizunak ere ez du hutsik egingo. Badaezpada, jeansak eta txanoa jantzita eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Udaletxe plazan amaituko da kalejira, datorren urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.