Urtebeteko antolaketa baten fruituak ez dira egun batetik bestera desagertzen. Ohiko astelehena dirudi Galdakaon (Bizkaia), baina agerikoak dira oraindik Ibilaldiak utzitako arrastoak: karpa batek betetzen du Kurtzeko plaza, erretiratzeko dago botila eta upel andana bat, eta zintzilik jarraitzen dute Ibilaldia iragartzen duten karteletako askok. Mendiaren magalean ere ezohiko ezer ez dago, ezpada faroletako batean kokatutako kartel bat: «Badakizu non dagoen Ginea? Bada, handik idatzi dizuegu mezu hau. Gaur Ibilaldia ospatzen ari zaretela jakin dugu». Oharkabeago pasatzen da espaloian pintatutako logoa. Eguzkibegi ikastolan giroak lasaia dirudi, baina ñabarduraz betea da baretasuna: ikasle eta irakasle asko kirol arropa erosoz jantzita daude, eta horietako bi Ibilaldia idatzia duen pankarta handi bat tolesteko ahaleginean dabiltza. «Aupa bikote!», animatu ditu beste irakasle batek. Ibilaldiak eragindakoa da zaratotsa.
Balorazioaz galdetu beharrik ere ez dago, beraz, bistakoa baita antolatzaileek elkarri ematen dizkioten besarkadetan, «egun on» bereziki indartsuetan, eta Itxaso Etxebarria zuzendariaren ahots urratuan. «Ni oraindik hunkituta nago», adierazi du, irribarretsu. «Gaur goizean ere hunkituta altxatu naiz, eta uste dut denok gaudela horrela. Ez genuen espero hainbeste jende etortzea, horrelako harrera izatea». Behin betiko balorazioa egiteke, giro «oso polita» sortu zela nabarmendu du zuzendariak. «Zenbakiak jakin barik, genituen helburuak lortu ditugu, nota oso onarekin».

Izan ere, fakturazioaren datuak zehaztu bitartean, beste zenbaki batzuek ematen dute Ibilaldiaren neurriaren berri: atzo, zortziehun boluntario inguru ibili ziren askotariko beharretan —guneetan, ibilbidean, trafikoa kontrolatzen, antolakuntzan...—, urte osoan hainbat batzorde osatu dituzte, eta desmuntatzeko lanetarako ere eskura izan dute lan indarra. Ibilaldia bukatu ostean ekin zioten mendia eta herria garbitzeari, eta, biharamunean, 06:00etatik ibili dira udaleko beharginak. «Ikastolan ohiko jarduna dugu. Ikasleak klasera etorri dira goizean goiz, eta gurasoak guri laguntzen geratu dira: furgonetak hartu, herrian geratzen diren gauzak ikastolara ekarri, txukundu...», azaldu du Etxebarriak.
Festa eta ongizatea
Euskarak herriko bazter asko blaitu zituen. Bai ikastolako inguruak —mendi magal batean dago—, baita herriguneko txokoak ere. Hedapen hori zuten jopuntuan, leloan ere asmo hori adierazi zuten —Magaletik herrire, euskara erdire—, eta egitaraua eta guneak helburu horrekin prestatu zituzten apropos: Eguzkibegiko gunea mendi ibilaldi batekin lotu zuten Romualda Zuloaga plazan jarritako eremuarekin, eta herrian murgilduta hel zitekeen handik Kurtzeko plazaraino. «Ibilbide guztia egiteko aukera izan nuen, eta ikusi nuen jendea mugitzen ari zela», berretsi du zuzendariak. Ibilbidea «egokia» izan zela balioetsi du, ez baitzen oso luzea izan, egingarria izate aldera. «Adibidez, arratsaldeko kontzertuak ordu berean izan ziren hiru guneetan, eta jendeak banatu beharra izan zuen, baina bestela uste dut lotura lortu dugula. Nahiz eta ikastola magalean egon, aldapa jendez beteta egon zen egun osoan».
«Euskara erdigunean» ipintzea erdietsi zuten, hortaz, eta bizkaieraren zipriztin batzuk ere aditu zituen zuzendariak. «Galdakaon batua erabiltzen da gehienbat, baina bizkaierak ere badauka bere lekua Eguzkibegin. Uste dut aberatsa dela gure ikasleek hiztegi desberdin bat entzutea».
«Ikastolan ohiko jarduna dugu. Ikasleak klasera etorri dira goizean goiz, eta gurasoak guri laguntzen geratu dira»
ITXASO ETXEBARRIAGaldakaoko Eguzkibegi ikastolako zuzendaria
Oraindik ez dute zehaztu zertan erabiliko duten Ibilaldian lortutako dirua, baina ikastolak argi du datozen urteetarako bide orria: ikasleen ongizate emozionala izango dute ardatz, zuzendariak esplikatu duenez. Bi aste barru asteburu osoko formakuntza jasoko dute irakasleek —asko formatuta daude dagoeneko—, datorren ikasturtean sakon landu gura dutelako ongizatearen gaia. «Horretan jarriko dugu gure indar guztia», berretsi du Etxebarriak. Horrez gain, curriculum berriarekin segituko dute, baita bestelako erronka berriei tokia egiten ere.
Aurrera begira, baina atzekoa bazter laga barik, dena den. Izan ere, gaitza da zehaztea zenbat iraun dezakeen Ibilaldi baten ajeak. Ikastolako harreran, 2009an antolatu zuten Ibilaldiaren mapa jarria dute oraindik, eta aurrekari bazterrezina izan da aurtengoa antolatzeko orduan. Urte gogoangarri bat izan zen hura, Etxebarriaren berbei erreparatuta. «2009ko Ibilaldia ikaragarria izan zen, guztiz arrakastatsua. Inoizko arrakastatsuenetako bat. Batzarretan oraindik gogoratu egiten didate». Garai hartan ikastolako irakaslea zen Etxebarria, baina, amatasun baimenaren kausaz, ezin izan zuen antolakuntzan parte hartu. «Gizartea aldatu egin da, jaiek beste tamaina bat daukate orain», hausnartu du. «Gaur egungo Ibilaldiak ez dira egun bakarreko jaiak, baizik eta urte guztiko ibilbidea». Desberdintasunak desberdintasun, oinarrizkoak bere horretan segitzen du, zuzendariak nabarmendu duenez. «Komunitatea, euskara, familia, kooperatibaren indarra... Horrek jarraitzen du, eta jarraitu behar du».
Zutabe berberetan bermatuta antolatuko dute 2026ko Ibilaldia Bilboko Kirikiño ikastolakoek.