ATZEKOZ AURRERA. Sergi Buka. Ilusionista

«Magia bizi-jarrera kontu bat ere bada»

Magiak jolasteko eta harritzeko balio duela uste du Bukak; baita bide berriak aurkitzeko ere. Bera horretan aritu da urteetan, eta, orain, 'La linterna mágica' ikuskizuna aurkeztuko du Gasteizen.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez daki zehatz-mehatz azaltzen nor den eta zer egiten duen, baina ilusionistatzat definitu du bere burua Sergi Bukak (Bartzelona, 1974). Magialdia jaialdian arituko da gaur, Gasteizen; La linterna mágica ikuskizuna aurkeztuko du Santa Maria katedraleko atarian. Helburuetako bat ikusleari «ilusioa piztea» da, baina batez ere «beste mundu batzuk» erakustea eta publikoak horietara bidaiatzea.

 

Zergatik egin zenuen magiaren aldeko hautua?

Gaztetan zaletu nintzen, udalekuetako begirale batek magia saio bat egin zigunean. Espainiako Ilusionismo Elkarteko kidea zen. Hunkitu egin ninduen, eta efektu horiek ikasi nahi nituen. 10 urterekin, amarekin dentistarengana nindoala, magia denda batekin egin genuen topo, eta urrats garrantzitsua izan zen hori.

Kasualitatea?

Bizitzaren kasualitateak. Nik orduan ez nekien esku jokoak saltzen zituzten dendak zeudenik, eta eskolako ikaskideren batek utzitako magia eskuliburuekin aritzen nintzen. Oso autodidakta izan nintzen Espainiako Ilusionismo Elkartean sartzea lortu nuen arte. 18 urterekin sartu zitekeen, baina 14rekin sartzeko aukera eman zidaten. Han asko ikasi nuen; etxean bi hilabetean ikasitakoa arratsalde batean ikas zitekeen. Gainera, aurretik, irakurtzen nuen hori interpretatu egiten nuen, baina elkartean sartzearekin batera ikusi nuen praktikan nola egiten zen.

15 urterekin egin zenuen lehen ikuskizuna, Bartzelonako El Llantiol kafe antzokian.

Hasiberriei aukera ematen zion lokal bat zen, artista ospetsuak baldin bazeuden ere. Ematen zizun aukera publiko bat edukitzeko; eskola bat zen. Hala ere, horrelako lokalak desagertuta daude, eta ez dakit mago gazteek orain non egiten dituzten lehen urratsak. Galdetzeko jakin-mina dut. Ondoan bazegoen beste lokal bat ere, Artisten Txokoa izenekoa, eta hor hasi nintzen hurbileko magia ezagutzen eta praktikan jartzen.

Zer da hurbileko magia?

Ikusleak hurbil dauden magia da, eta eguneroko elementuak dira tresnak, hala nola txanponak; parte hartzea ere nabariagoa da. Ikusleari zirrara sortzen dio, eta, orain, gainera, goren une batean dagoen eredua da, aukera ematen baitu edozein unetan karta sorta bat eramateko gainean eta ikuslea harritzeko. Halere, bada beste magia mota bat ere: agertokikoa.

Zer du horrek?

Leku gehiago behar da, argiztapen bat, soinu bat... Magia mota horrek asko erakartzen nau, baina uste dut biek ondo osatzen dutela elkar.

Zein berezitasun du zure magiak?

Nire aitona margolaria zen, eta, beraz, nire magiak argiarekin zerikusia du. Itzal txinatarrekin aritu izan naiz, eta baita proiekzioekin ere, baina, orain, linterna magikoarekin nabil. Christiaan Huygens zientzialariak asmatu zuen, XVII. mendean, eta asmoa zen irudiak kutxa baten barnetik proiektatzea. Horretan nabil, nolabait gogorarazteko iraganean nola proiektatzen zen irudia.

Beraz, magoek ere lehen erabiltzen zuten?

Bai. Magia mundu sakratu batetik dator, sorginkeriatik, eta gutxi batzuek baino ez zuten jakintza hori. Hala ere, bilakatuz joan zen gizartean, eta jendearen jakintza ere areagotu zen; sekretu asko agerian gelditu ziren. Beraz, magia ikuskizun bihurtu zen, eta une horretan hasi ziren linterna magikoa ere erabiltzen. Bada ezaguna izan zen fantasmagoriko bat: Robertson. Hain zuzen, esaten zuen linterna hori erabiliz mamuak ikusi zitezkeela. Hiru urtez egon zen Parisen, baina ikuskizuna debekatu egin zioten; Frantziako Iraultzaren aldia zen, eta ikusle batek galdetu zion ea Luis XVI.a agerraraz zezakeen.

Gasteizen zaude orain. Lehen aldia al da?

Orain hogei urte inguru egon nintzen, itzal txinatarren ikuskizun batekin. Gerora, itzuli naiz; ikusle moduan batzuetan, parte hartzaile gisa beste batzuetan. Oraingoan, gonbidapena jaso nuen linterna magikoarengatik, ikuskizuna ezagutzen baitzuten antolatzaileek.

Zertarako balio dute horrelako jaialdiek?

Batez ere, sektorea ikusarazteko, herriari zabalik dagoen jaialdi bat baita. Badu bere hitzaldien parte bat ere, eta hori ondo dago profesionalen arteko topagune gisa.

Zer da magia?

Magia bizi jarrera bat ere bada, jakin-mina duen izaki hori esnatu ahal izatea. Gaitasun handia ematen du jolasteko, harritzeko eta bizitza modu hain ezarrian ez ulertzeko. Esaterako, magikoa izan daiteke inoiz ibili ez ditugun bideak hartzea eta gauza berriak aurkitzea. Bide horretan, magiak publikoa hunkitzea izaten du xede, ikuslea eraldatzea eta zerbait erakustea; bide ona da emozioak transmititzeko ere. Beste mundu batzuk sortu daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.