Ekitaldi nagusia bihar izango da. Jaialdian parte hartuko duten magoetako bost batera ikusteko aukera egongo da, galako zuzendariaren gidaritzapean. Hainbat magia estilo jorratuko dituzte: besteak beste, umore magia, mentalismoa eta magia poetikoa. Ikuskizuna elebiduna izango da: euskaraz eta gazteleraz. Ordainpeko ekintza bakarra izango da: hiru euroan daude sarrerak salgai. Algortako Muxikebarrin izango da, 20:00etan.
Gaur, hiru gunetan izango dira emankizunak, Itzubaltzeta eta Areeta auzoetan: Metro eta Santa Eugenia plazetan eta Gobelondon. Bakoitzean mago bat egongo da: Imanol Ituiño, Tor eta Altrius, hurrenez hurren, eta hiruna emanaldi egingo dituzte: 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan. Horrekin batera, 6 urtetik gorako umeentzako magia tailerra emango dute, gaur, Itzubaltzetako kultur etxean, 17:30ean.
Umeentzako tailer gehiago ere egongo dira asteburuan. Larunbatean, 11:00etan, Txoborro magoa arituko da irakasten, euskara hutsean, Algortako Villamonte kultur etxean. Igandean, aldiz, arratsaldean izango da saioa; oraingo honetan, Altrius magoarekin: 17:30ean, Andra Mariko plazan, gaztelaniaz.
Umorea ere ez da faltako. Bihar, El Gran Braulio ikuskizuna hartuko du Algortako San Nikolas plazak, Adrian Conderen eskutik. 18:00etan hasiko da emanaldia. Igandean, aldiz, aztiek binaka jardungo dute. Hain zuzen, Tor eta Txoborro magoak elkarlanean arituko dira, euskaraz, Andra Mariko frontoian, 19:00etan.
Magipoteo emanaldiarekin hasi zen atzo jaialdia. Kalean, hainbat magoren erakustaldi motzak ikusi ahal izan ziren. Horietan egon ezin izan zutenek, halere, igandean joateko aukera izango dute: Txoborro eta Taylor magoak arituko dira, 12:30ean, Borobila plazan eta Tamarindo kalean. Jende artean ibiliko dira magia trikimailuak egiten, eta hara joandakoek gertutik ikusi ahal izango dituzte.