Magiak ez du trukorik

Gasteiz magiaren hiriburua izango da irailaren 11tik 17ra. Magialdia festibalean hainbat herrialdetako aztiak elkartuko dira; batzuek uste dute magiaren muina trikimailua dela, beste batzuek nahiago dute trukoa gorde, eta, hala, ilusioaren eraginkortasuna bermatu

Gisell Estrada magoa, hari gorriarekin. GISELL ESTRADA.
itsaso jauregi 2
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Oihalak igotzen dira. Itzal artetikirudi misteriotsu bat agertzen da. Traje beltz batekin jantzita, magoak bere eskularru zuriak adoretsu mugitzen ditu inoiz ikusi ez den trikimailu baten berri emateko. Makilatxo magikoaren laguntzarekin bere kapela luzetik objektu bat ateratzeko gai izango da, baita ezezaguna den karta bat asmatzeko, edo hegan egiteko ere. Hori da aztiei buruz marraztu den irudi orokorra: esmokin beltza, makilatxoa, eta karta sorta bat. Magialdia jaialdia irailaren 11n hasi eta 17an amaituko da, Gasteizen, eta ezarritako irudi horiapurtzea du helburu, gonbidatutako magoen eskutik.

Gasteiz magiaren hiriburu bihurtzen da irailero, Magialdiari esker. Zazpi egunez ikuskizun ugari egiten dituzte hirian, eta aurtengo ekitaldian 42 azti igoko dira eszenatokira, estilo eta herrialde askotakoak. Artista horiek elkartzeko, Jose Angel Suarez Magialdiaren antolatzailea zurru- murruetan oinarritu da; lehenagotik ezagutzen ez dituen artisten bideoak bilatzen ditu, eta azti beteranoen gomendioak kontuan hartzen ditu.

Pixkanaka-pixkanaka, izen zerrenda luze bat lortu zuen Suarezek, eta, horrekin, aurtengo kartela osatu du, beti irizpide bera aintzat hartuz: «Magia jaialdi baten karteleko inor ezagutzen ez baduzu, arrakastatsua izango den seinale». Aztien antzezlanak ikusteko, 15.000 eta 18.000 pertsona artean bildu ohi dira urtero, eta, aurten, 450 zale eta mago profesional etorriko dira Gasteizera, festibalaren alde profesionalean parte hartzeko. Antolatutako kongresuetan eta eskoletan, diziplinaren historiaren berri izango dute parte hartzaileek, eta magiak bereganatutako ospea deuseztatzea da horren helburua.

Magia ilusionismoaren adarra da, egoerak edo pertsonak manipulatzeko erabiltzen den artea. Logikak ulertu ezin dituen trikimailuek osatzen dute diziplina. Baina magia deskribatzeko, «engainu» eta «tranpa» hitzek indarra hartu dute azken urteetan. Jatorrian, aztiak jakintsu gisa deskribatzen ziren; persiar inperioaren testuinguruan erregeen eta enperadoreen zerbitzura zeuden adituak ziren, alegia. Greziar testuetan magoaren irudia bestelakoa zen: Sofokles antzerkigile greziar klasikoaren obretan berritsu eta arlote gisa aurkezten dira magoak, eta haien helburu nagusia faltsukeriaren eta engainuen bidez dirua irabaztea omen zen.

Mahuka azpikoa

Engainuen kontra dago Gisell Estrada magoa, eta bere irakaslearengandik jasotako definizioa erabiltzen du magia deskribatzeko: «Irudimenaren artea dela esaten zuen nire maisuak. Irudimenak ez du trukorik; beraz, magiak ere ez». Magiaren errezetan irudimena da osagai nagusia, Estradaren arabera, eta ez engainua. Begi irekiak, harridura oihuak eta galderaz betetako aurpegiak dira ikuskizun arrakastatsu baten osagaiak, eta horretarako irudimena askatu behar dela esan du Estradak: «Irudimenarekin lan egiten dugu. Ilusioa piztu nahi duen ikusle bat behar dugu, eta haren esku dago hori sentitzea».

Hormigoizko hesi bat dago publikoaren atal baten eta irudimenaren artean: arrazionaltasuna. Magia ikuslearen buruan gatazka sortzen saiatzen da, eta batzuk galdu egiten dira gatazka hori argitu nahian. Logika trikimailuaren hiltzailea da. «Norbait hegan ikusten duzunean, badakizu ezinezkoa dela, baina batzuek denbora galtzen dute aztia gutxietsi nahian, fantasiaz gozatu beharrean», azaldu du Suarezek.

Fantasiaz gozatzen du Imanol D 'Albeniz magoak. Aitortu du magoekin lotzen diren topiko asko «kaltegarriak» izan daitezkeela publikoa erakartzeko orduan; kapela luzea, makilatxo magikoa eta kartak modernizatu beharreko elementuak dira, D'Albenizen arabera: «Ez dugu ezagutzen oso zaharra den trikimailuak, baina, horiek moldatuz gero, berriak dirudite».

Zuri-beltzeko bideoetan ikusten dituen ikuskizunetan eta aurreko hamarkadetako maisuen liburuetan oinarrituta, D'Albenizek ikuskizunaren mundua modernizatzea erabaki zuen, Alaitz Oraa dantzariarekin batera, eta Dala Illusions sortu zuten; dantza eta magia elkartzen dituen ikuskizuna. «Aztiei buruzko aurreiritzi asko daude, baina guk sortu ditugu; gure errua da, eta aldatu egin behar ditugu», esan du D'Albenizek

Estradak ere topiko horien presioa nabaritu zuen bere ibilbidearen hasieran. Magia liburuak irakurtzean eta antzinako ikuskizunak aztertzean beste arau bat sumatu zuen Estradak: trikimailuak gizonek egiten zituzten, eta emakumeak, berriz, laguntzaileak ziren: «Victor Luque artistarekin lan egiten dut, eta, elkarrekin joaten garenean, mundu guztiak azti esaten dio berari, eta niri, laguntzaile; gure ikuskizunean, magoa ni naiz».

Trikimailuak aldatuz

Estradaren eskoletan, irudi hori apurtu nahi duten emakumegazte asko elkartzen dira. Lanbidean leku bat aurkitzea «erronka handia» izan dela esan du aztiak, baina uste du datozen belaunaldiek leku gehiago lortuko dutela magia karteletan. Oraingoz, esmokin klasikoa hartu, eta bere erara josi du, Estradak eskaintzen duen ikuskizunera egokitzeko asmoz; elementu klasiko bat hartu, eta bere egin du: «Ezarrita dagoena baino gehiago sortzeko aukera izan dut. Bakoitzak teknika bat du bere magia egiteko; horrela sortzen da benetako magia, originala».

Maisuen eskuetatik jasotzen dituzte trikimailuak egiteko pausoak, baina, gero, bakoitzak bere ukitu bereziarekin apaindu beharko ditu. «Hori nola egin duzu?», da D'Albenizek askotan entzun duen galdera, eszenatokitik jaitsi bezain laster: «Trikimailua ez zait inporta, garrantzitsuena da zer egiten duzun truko horrekin, nola sortzen duzun ilusio bat». Horregatik, beti erakusten du zer duen mahukaren azpian: «Mago gehienek nahiago dute sekretua gorde. Baina argitu nahi ez izatearen arazoa da trikimailuari bakarrik ematen diotela garrantzia».

Estradak nahiago du trikimailuaz ez hitz egin, eta magiaren misterioa besarkatu. Horretarako, ikusleek logika aretotik kanpo uztea «ezinbestekoa» dela esan du: «Zinemara joaten garenean, ez dugu zalantzan jartzen ikusitakoa benetakoa den ala ez. Negar egiten duzu, barre egiten duzu; zergatik pentsatu gezurra dela?». Engainatu gabe, botere magikorik gabe, D'Albenizek ikuslea gonbidatu nahi du ezinezkoa dena imajinatzera: «Magiaren gauzarik garrantzitsuena harridura une hori da, baina publikoak txundidura hori onartu egin behar du». Aztiak erreberentzia egin du, eta itzalarekin bat egiten du berriz; publikoak magoa txalotzen du, liluratuta, ikusitakoa guztiz ulertu gabe. Oihalak jaitsi egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.